Igandean eguerdira arte botoa eman dutenen kopurua "oso altua" dela nabarmendu du Usansolo Herria plataformak; 900ek bozkatu dute 13:00etarako. Hauteslekuak ixteko bi ordu eta erdiren faltan, berriz, 1.600 lagunek eman dute botoa.
1600 bozketa!!!!! GORA USANSOLO!!!!! #Az23 BAI #Usansolo
— Usansolo Herria (@UsansoloHerria) November 23, 2014
Monika Mena Usansolo Herria plataformako bozeramaileak BERRIAri aurreratu dio 2.200 lagun inguruk eman dutela botoa kontsultan; herritarren %73k, gutxi gorabehera. Azkenean, behin betiko datuak eskuan, 2.187 izan dira boto emaileak, eta horietatik %90k bozkatu dute desanexioaren alde. Gutxi gorabeherakoak dira parte hartze datuak, Galdakaoko Udalak ez baitio plataformari errolda eman, eta Usansolo Herriaren estimazioa da 3.000 herritar inguru zirela hautesleak. Nolanahi ere, "oso harro" agertu da Mena botoa ematera joandako herritar kopuruarekin.
OFIZIALA: %90 BAI % 10 EZ #usansolo
— Usansolo Herria (@UsansoloHerria) November 23, 2014
Usansolo Herria plataformak antolatu du galdeketa, balio juridikorik gabea, eta "Usansolo udalerri izatea nahi duzu?" izan da galdera. 09:00etan ireki dituzte hauteslekuak, eta 20:00etan itxi. Ordu horietan, ilara luzeak sortu dira botoa emateko. 16 urtetik gorakoek eman dute botoa emateko eskubidea.
Foru araua aldatzea helburu
Emaitzak eskuan, Bizkaiko Foru Aldundira jotzea izango da plataformaren hurrengo urratsa, eskatzeko bertan behera utz dezala desanexioak debekatzen dituen foru araua. Neurri hori aldatzeko prest zegoela esan zuen urri hasieran Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Agudo etorri zen Ibon Uribe Galdakaoko alkatearen erantzuna, Usansolori buruz: bat egiten zuela Bilbaorekin. Parte-hartze prozesu bat abian jarri du udalak, eta otsailean galdeketa egingo du: desanexioa hasteko prest al dauden galdetuko die Usansoloko herritarrei.
Galdakaoko Udalak uste du herriko etxeak gidatu beharko lukeela prozesua, eta, haren iritziz, Usansolo Herriak goizegi egin nahi du herri galdeketa.
Begirale talde bat aritu da bozketa eguna behatzen; besteak beste, Iñaki Lasagabaster EHUko katedraduna, Yolanda Jubeto EHUko irakaslea, Xabier Saiz de la Maza abokatua eta Braulio Gomez Forte Deustuko Unibertsitateko ikerlariak osatuko dute taldea.
Ekonomikoki bideragarria
Hain zuzen, Ander Bilbao EHUko ikerlariak egin eta Jubetok zuzendutako ikerketa baten arabera, Usansolo bideragarria litzateke ekonomikoki Galdakaotik bereizita ere. Galdakaok ere bere kaudimena eta funtzionamendua mantenduko luke, diru sarrerak handitzeko neurriren bat hartu beharko lukeen arren. Usansolok inguruko herriekin zenbait zerbitzu partekatu, eta batez ere Arratiako Mankomunitatearekin elkarlanean aritzeko gomendioa ageri da ikerketan.
Galdakao erdigunetik hiru kilometrora dago Usansolo, eta 5.000 herritar inguru bizi dira han. 1980ko hamarkadan hasi zen desanexioaren inguruko mugimendua, Galdakaoko Udalak auzoari kasu gutxi egiten ziolakoan. Geroztik aldarrikapen berarekin jarraitzen dute herritarrak.