Gasteizko Alkartetxeko areto berriak jendeari aurkezteko ekialdian egin zituen EAko Antolaketa idazkariak adierazpen horiek. Larreinak gogorarazi zuenez, udal hauteskundeen aurretik iragarri zuen EAk herritarren Eskaera Batzordeak bultzatuko zituela udaletan, hain justu, herrietako alderdi politiko, gizarte talde, kultur elkarte eta kirol talde guztiak udaletan ordezkatuak egon daitezen. EAko buruzagiaren arabera, Herritarren Eskaera Batzorde horiek ez dute legez kanpo utzitako ezker abertzaleko taldeen ordezkaritza bermatzeko soilik balioko; aitzitik, PSE-EEk eta PPk udal guztietan parte hartzea bidera dezakete: "baita mehatxuen ondorioz zerrendarik osatzerik izan ez dutenetan zein behar adinako boto kopururik eskuratu ez dutenetan ere".
PSNren inguruan sortu den krisiari buruz ere mintzatu zen Larreina atzoko ekitaldian. Zehazki, Arabako boto emaile sozialistei PSNren jarrera PSE-EEkoena baino askoz ere ulergarriagoa egiten zitzaiela nabarmendu zuen: "Boto emaile sozialistek ez dute ulertzen beren buruzagiak erabat eskuinaren mende jartzea eta beren oinarri ideologikoei uko egitea". Iragan larunbatean, Nafarroako bost herri handitan hautagai sozialistak aukeratu zituzten alkate alderdi abertzaleen botoei esker eta UPNri aurre eginez. PSNko buruzagitzak alkate horien jarrera defenditu du. EAEn, ordea, PSE-EEk goitik behera bete du PPrekiko hitzarmena.
Udalen eraketa