ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Herritarren "gehiengoaren borondatearekiko errespetua" eskatuko du EAJk Eusko Legebiltzarrean

"Euskal herritarrak beraien etorkizun politikoaren jabe egiteko asmoz", legealdia amaitu aurretik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan galdeketa bat antolatu dezala eskatuko dio EH Bilduk Urkulluri ostegunean. Akordiorako eskua luzatu die Arraizek jeltzaleei.

Edurne Begiristain - Jon Olano
2015eko apirilaren 30a
07:25
Entzun

Joan den astean Eusko Legebiltzarrean egindako kontrol saioan Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskatu zion, independentziarako bidean, "abiapuntu gisa" erabil dezala Eusko Legebiltzarrak 2004ko abenduan onartutako estatutu proposamena. Urkulluk, ordea, erantzun zion EAJren proiektua Eusko Jaurlaritzaren gobernu programan jasotzen dela, eta gogorarazi "erabakitzeko eskubidearen erakundetzearen" aldekoa dela.

EH Bilduren ustez, "etsigarria" izan zen Urkulluk emandako erantzuna, eta, horregatik, gaia berriro eramango du bihar legebiltzarreko osoko bilkurara, legez besteko proposamen batean. Bertan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrak euren etorkizunaren jabe izan daitezen, legealdia amaitu aurretik herri galdeketa egiteko eskatuko du EH Bilduk. EAJk, baina, osoko zuzenketa aurkeztu dio proposamenari. Hala ere, Arraizek "akordiorako eskua" luzatu dio EAJri, herritarrei "hitza" emateko borondate osoa duen seinale. 09:30ean hasiko da eztabaida Eusko Legebiltzarrean, eta jorratuko duten hirugarren gaia izango da.

Eztabaida horri begira, Arraizek "argitasuna" eta "konpromisoa" eskatu dio EAJri. Arraizen ustez, gaur egun Euskal Herrian burujabetzaren aldeko prozesu bat egiteko "trena" martxan dago, "aukera ezin hobea" dagoelako herritarrek euren etorkizuna erabaki dezaten. Batetik, "konfrontazio armaturik" ez dagoelako, eta, bestetik, legebiltzarrean gehiengoa dagoelako erabakitzeko eskubidearen alde.

Hori hala, Arraizen aburuz, ezinbestekoa da EAJk argitzea erabakitzeko eskubidearen aldeko apustua egiten duen eta legealdia amaitu aurretik herri galdeketa egiteko prest dagoen. "2016an herri galdeketa egingo da ala beste amu bat izango da hurrengo legealdirako?", galdetu du Arraizek.  Biharko eztabaidan EH Bilduk "adostasuna" bilatuko duela nabarmendu du Arraizek, baina akordioa "konpromisoaren eta argitasunaren" gainean lortu beharko dela ohartarazi dio EAJri.

EAJren zuzenketa

EH Bilduren proposamenari zuzenketa bat aurkeztu dio EAJk. Bertan, "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea eta gaitasuna" aldarrikatu du, eta erantsibalizko galdeketa bateko emaitza "errespetatu" behar dela. EAJ "akordio zabalen" alde agertu da, baina adostasunik ezean,  "gehiengoaren borondatearekiko errespetua" defendatu du.

Zuzenketaren hirugarren puntuan, EAJk adierazi du "printzipio demokratiko oinarrizkoenak" beharrezkoa duela "herritarren gehiengoaren borondateari balio normatibo esanguratsua" ematea. Ildo horretan, uste du aktore politiko eta instituzionalek "beharrezkoak diren aldaketak" negoziatu behar dituztela borondate horri bide emateko.

PSE, galdeketaren kontra

Galdeketa egiteko asmoaren aurkako bota emango duela iragarri du PSE-EEk, Europa Press agentziak zabaldu duenez: "Abertzaleen arteko eztabaida da hauteskundeen atarian; ohikoa legebiltzarrean". Gaineratu du "uneotan" Eusko Legebiltzarrak ezin duela gai hori jorratu: "Ikerkuntzari buruzko akordio baten proposamena daramagu guk, horrek kalitatezko enplegua sor dezakeelako behingoz Euskadin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.