udal eta foru hauteskundeak

Herritarren interesak udaletara eramateko "tresna" direla esan dute EH Bilduren Gipuzkoako alkategaiek

72 herritan aurkeztuko da koalizioa; egun alkate diren askok errepikatu egin nahi dute.

EH Bilduren alkategaien agerraldia, Zarautzen. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
2015eko apirilaren 18a
19:47
Entzun 00:00:0000:00:00

“Egiaren ordua iritsi da, eta Gipuzkoan eta Donostian irabaztera goaz”. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea baikor mintzatu da gaur Gipuzkoako EH Bilduko alkategaien aurkezpenean. Zarautzen aurkeztu ditu koalizioak Gipuzkoako 72 herritan alkatetzarako izendatu dituen hautagaiak. Askok luzatu egin nahi dute azken lau urteotako jarduna; Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Ana Karrere Andoaingoak, Agurne Barruso Bergarakoak, Ibai Iriarte Tolosakoak, Eneko Etxeberria Azpeitikoak...

“Garai berriek eskatzen duten ausardia” eta “herritarrekin gobernatzeko estiloa” dute, Izagirreren arabera, EH Bilduren alkategaiek. Guztiek “zintzotasunez” lan egingo dutela erantsi du. Igone Lamarain Eibarko alkategaiak azpimarratu du udaletan gobernatzea ez dela nahikoa eurentzat. “Martxan jarri dugun aldaketarako, ezinbestekoa da bi esparru irabaztea: udala eta kalea”.

"Bestelako Gipuzkoa"

Xabier Olano Gipuzkoako diputatugai nagusiak berretsi egin du koalizioak herritarren interesak defendituko dituela: “Bestela pentsatzen duten herritar askoren ubidea bestelako Gipuzkoa eraikitzen jarraitzeko herri hautagaitza da”. Olanoren arabera, inoizko hautagaitzarik “onena” da “Euskal Herria independente, euskaldun eta libre batean amesten dutenentzat”.

Gipuzkoako herritarrak “ahaldundu” egin nahi dituztela esan du Olanok, “gure herrialdea egun baino solidarioagoa, justuagoa eta euskaldunagoa izateko”.

Azken lau urteotan EH Bilduk eginiko lanaren ildotik, murrizketa sozialik gabeko Gipuzkoa “errealitate” egingo dutela agindu du. Horrekin batera, azpimarratu du tokiko garapena, “kudeaketa garbia” eta euskara izango direla euren politikaren zutabeak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.