Herritartasun ikastaroa proposatu diote Maite Etxeberria gazteari

Euroaginduaren aurka egin protesta batean atxilotu zuten; berak ere salaketa jarri du, kolpeak jaso zituelako

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Maite Etxeberria Euroaginduaren aurka Donibane Lohizunen (Lapurdi) izan elkarretaratzean atxilotu zuten gazteari herritartasun ikastaroa proposatu dio prokuradorearen ordezkariak. Urtarrilaren 22a aitzin jakinarazi beharko du proposamena onartzen duen. Errefusatzen baldin badu, epaile baten aitzinetik pasa beharko du. Horrelako proposamenak «xantaia hutsak» direla dio Askatasunak.

Banderola atxikitzen zegoela, Poliziak lurrera bota zuen Etxeberria, eta ahuspez jarrita, eskuburdinak jarri zizkioten. Donibane Lohizuneko polizia etxera eraman zuten, eta handik, Baionara. «Bi poliziari oldartzeagatik» zigortu dute emakume gaztea. Aurore Martinen aurkako euroagindua gaitzesteko elkarretaratu ziren Donibane Lohizuneko herriko etxearen aitzinean. Polizia oldartu zitzaien, eta bortizki sakabanatu zuen manifestazioa.

Gazteak ere jarria du salaketa

Poliziaren oldartze momentuan buruan kolpeak jasorik, salaketa jarri zuten Etxeberriak, baita Daniele Goñi lapurtarrak ere. Horren harira, berriki biak deitu dituzte entzunak izateko. Galdeketan diruaren truke Aurore Martin non den salatzea galdatua izan zaiela salatu du Askatasunak.

«Gazteen kontrako» eta orokorrean «salbuespen egoerak salatzen dituztenen» kontrako «gehiegizko prozedura guztiak»eta «jazarpenak» bertan behera uzteko exijitu die Askatasunak Frantziako eta Espainiako estatuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.