Nelida Santosek ordezkatuko du Ernesto Martinez de la Hidalga Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuordea. Sail horretakoKudeaketa Ekonomikoaren eta Azpiegituren zuzendaria izan da Santos. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez, sailburuorde ohiaren «arrazoi pertsonalak» direla-eta hartu du erabaki hori Jaurlaritzak. Mendiak nabarmendu duenez, «oso ona» da Martinez de la Hidalgaren eta Rodolfo Ares Herrizaingo Sailburuaren arteko harremana. «Ez da izan desadostasunetan oinarritutako erabaki bat», adierazi du. Ares Herrizaingo Sailera iritsi zenean hartu zuen kargua Martinez de la Hidalgak. Aurretik, Erne Ertzaintzaren sindikatuaren bozeramaile laguntzailea izan zen.
EAk, berriz, azalpenak eskatu dizkio Aresi. Hartutako erabakiaren eta Ertzaintzaren sindikatuek azken asteotan egin dituzten protesten artean zer lotura dauden argitzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrean.
ELAk ere kritikatu egin du Eusko Jaurlaritzaren erabakia. Sindikatuak uste du «Ertzaintzaren barne krisiari» konponbide bat emateko gaitasunik ez duela Aresek. Hori dela eta, Herrizaingo sailburuaren dimisioa exijitu du.
Bizkartzainen haserrea
EAEko Bizkartzainen Kolektiboak eta ASP/92 Nafarroako Bizkartzainen Elkarteak salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Espainiako Barne Ministerioak «mespretxatu» egiten dute euren lana.
Agiri batean, «kezkatuta» azaldu dira egungo egoera politikoarekin eta horrek euren lanpostuen etorkizunean izan dezakeen eraginarekin. «Ez dugu lehentasunezko tratua jaso nahi, baina egungo egoerak kolektiboaren etorkizuna argitzea eskatzen du», adierazi dute. Era berean, Herrizaingo Sailaren eta Barne Ministerioaren aldetik «tratu txarra» jasotzen ari direla salatu dute. «Erakundeen mespretxuak eta desinformazioak lehen aldiz gure duintasuna eta eskubideak babesteko ekintzak egiteko aukera aztertzera eraman gaitu», ohartarazi dute.
Idoia Mendiak, berriz, «errespetua» eskatu die bizkartzainen elkarteei. Nabarmendu duenez, «herritarren eta kargudun publikoen segurtasuna bermatzea» da Jaurlaritzaren helburu nagusietako bat.
Bizkartzain zerbitzuaren murrizketen inguruan, «mundu guztiak» bere segurtasuna bermatua izango duela berretsi du. «Horrek ez du esan nahi mundu guztiak bizkartzain bat eraman behar duenik», gaineratu du. Mendiak, baina, ez du baieztatu bizkartzain zerbitzuaren murrizketa onartu denik. Gisa horretako erabakiak «egoera ondo aztertuta eta segurtasuna oinarri hartuta» hartzen direla adierazi du.
Herrizaingo sailburuordea ordezkatu du Jaurlaritzak
EAk azalpenak eskatu dizkio Rodolfo Aresi, eta ELAk Herrizaingo sailburuaren dimisioa exijitu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu