Hesia estutzen ari da sarean ere

Akordioa lortuta, zigorra jaso arren, Remirezek ez du kartzelara joan beharko. Dozenaka lagun daude auzipetuta sarean jarritako mezuengatik, «terrorismoa goratzea» egotzita

Alfredo Remirez @erreharria —eskuinetik bigarrena—, Espainiako Auzitegi Nazionalera bidean, atzo, abokatuak eta EH Bilduko diputatuek lagunduta. J. DANAE / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
2017ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Alfredo Remirezek —Twitterren, @erreharria— ez du espetxera joan beharko. Atzo epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, «terrorismoa goratu eta biktimak umiliatzea» leporatuta. Akordioa lortuta, urte eta erdiko kartzela zigorra eta 14 urte eta sei hilabeteko inhabilitazioa jarri diote. Ez da kasu bakarra. 2014ko apirilean lehenengo Armiarma operazioa egin zutenetik, gutxienez 40 lagun atxilotu dituzte Hego Euskal Herrian, sarean jarritako mezuengatik. Espainiako Estatuko gainerako herrietan, ia beste hainbeste. Aurreko astean, hiru urte eta erdiko zigorra jarri zioten Herrialde Katalanetako rap abeslari bati. Aste honetan bertan, zazpi epaiketa izango dira Auzitegi Nazionalean, sarean «terrorismoa goratzeagatik».

«Adierazpen askatasuna duzu, haiek nahi dutena esaten baduzu», zioen Remirezek ostiralean Bizkaiko Hitza-n ateratako elkarrizketan. Ados dira Andeka Jurado (@berrirohemen) eta Arkaitz Terron (@gudari75): «Ez da adierazpen askatasunik ez dagoela; badago, baina batzuentzat bakarrik», dio Terronek: «Errepasatu atxilotuen zerrenda: denak gara independentistak, ezkerrekoak, komunistak, anarkistak...». Jurado: «Ez dugu eskatzen faxistak espetxeratzea, nahiz eta astakeriak esan. Sentimenduak ezin dira judizializatu. Kontua da, gainera, batzuk ari direla heriotza mehatxuak egiten, eta haiei ez zaiela ezer gertatzen. Eta guk ezin dugu esan 'agur eta ohore' ere».

Horixe da bien aurkako frogatzat erabili duten esaldietako bat. «Esaldi hori ETA dela esaten zuen fiskalak, aurresku bat ETA dela...», kontatu du Juradok. Iosu Uribetxebarria euskal presoa hil ondoren erabili zuen: «Omenaldi publiko eta legezko bat egin zen; hango argazki bat saretik hartu, eta 'Agur eta ohore Iosu' jarri nuen. Horrekin nahikoa da».

Iazko apirilean atxilotu zuten Terron, Bartzelonan —han bizi da, baina Bilbokoa da—. «Goizeko bederatzietan atera nintzen etxetik, trajez jantzita [abokatua da lanbidez]. Lau tipo zeuden atarian: 'Guardia Zibila, gurekin etorri behar duzu'. Momentu horretan espero duzun azkeneko gauza da atxilotu egingo zaituztela».

Maiatzean egin zuen epaiketa aurreko deklarazioa: 09:40 inguruan hasi, eta 10:00 pasatxoan bukatu zuen. «Auzi gelatik ateratzean, epaileak esan zigun fax zenbakia emateko, auzipetze autoa bidaliko zigula eta. Ordua jartzen du: 10:05. Eta nire deklarazioa ez du aipatu ere egiten. Nola liteke bi minutuan hiru orriko auto bat idatzi, inprimatu eta faxez bidaltzea? Idatzita zegoen».

Ostegunean du epaiketa. Fiskalaren eskaera: bi urteko espetxe zigorra, hamar urteko inhabilitazioa eta 4.800 euroko isuna. Hori eta epaiketako gastuak ordainduak ditu, berme gisa: «Bi urte eskatzen dizkidate, eta, haurrik edo halako ardurarik ez dudanez, uko egin diezaioket akordioari. Larriena isunarena da, eta ordaindu dut dagoeneko».

Bestelako egoeran dago Jurado. Abenduan epaitu zuten, eta zigortu: urte eta erdiko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa. Helegitea jarria du Auzitegi Gorenean. «Joan den astean, abokatuak deitu zidan esanez jaso zuela jakinarazpen bat: sententzia irmoa dela dio, helegiterik jarri ez bagenu bezala. Horrela gaude: ez dakigu ondo zer pasatu den, tramiterako onartu duten ala ez».

Kartzelara itzultzeak kezkatzen du Jurado gehien. Kale borrokako auzi batengatik egon zen preso, eta, sententzia hartatik bost urte baino gehiago pasatu diren arren, fiskalak birritan eskatu zuen epaiketan zigorra kartzelan bete zezala. Jurado: «Badaukat beldur hori. Gainera, seme txiki bat dugu, eta beste bat bidean. Inoiz ez da garai ona kartzelan sartzeko, baina, oraintxe bertan, bizitza apurtuko lidakete. Orain, ezin dut onartu halako gauza batengatik kartzelan sartzea».

Atxiloketa guztiak Armiarma operazio-en barruan sartu arren, banakako prozedurak dira, eta, normalean, auzipetuek ez dute elkar ezagutzen. Terronek uste du estatuak horrekin ere jokatzen duela, eta atxilotu asko daudela bakarrik eta zer egin jakin ezinean: «Zigor gehienak akordio bidezkoak izan dira. Jende gehiena, kartzelan sartzeko arriskuaren aurrean, akordio bat lortzen saiatzen da fiskalarekin. Lortzen dute zeure burua errudun jotzea, kartzela arriskua saihesteko».

Auzipetuen plataforma

Elkarrekin harremanetan jarri, eta Armiarma operazioetako auzipetuen plataforma osatu dute batzuek —@encausadosaraña—. «Hogei inguru ari gara parte hartzen. Gehienak, Euskal Herrikoak», kontatu du Juradok: «Zaila da: ez dugu inolako harremanik gure artean, bakoitza leku batekoa da, lan ohitura ezberdinak ditugu... Azkenean, haiek nahastu gaituzte operazio berean».

Pixkanaka, ordea, ari dira gauzak egiten. Ikusgarritasuna eman nahi diete halako kasuei, Terronen hitzetan, «Armiarma operazioa ez da Strawberry [Cesar, musikaria] bakarrik». Sareko salaketaz gain, hitzaldiren bat ere egin dute, eta elkartasun jardunaldiak antolatzen ari dira apirilaren 8rako. «Umiltasunez, ahal duguna egiten dugu. Oraingoz, gauza txikiak, baina gogoa badugu, ari gara pixkanaka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.