Alicia H. Puleo. Etika eta Filosofia Politikoko irakaslea

«Heziketa emozionala alboratu egiten da, generoa duelako»

Ekologismoak genero ikuspegia behar duela uste du Puleok, besteak beste, andreei bereziki eragiten dieten osasun arazoei erreparatzeko, eta ekologismoaren adar kontserbadoreei aurre egiteko.

Gasteiz
2015eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Ekofeminismoa. Françoised'Eaubonne idazleak sortu zuen pentsamendu korronte hori 1970eko hamarkadan, munduko biztanleriaren gainjendeztatzeari aurre egiteko teoria gisa. Mugimenduaren oinarriak eta nondik norakoak azaltzeko hitzaldia eskaini zuen herenegun Gasteizen Alicia H. Puleok (Buenos Aires, 1952), Valladolideko Unibertsitateko (Espainia) Etika eta Filosofia Politikoko irakasle eta Genero katedradunak.

Zer da ekofeminismoa?

Feminismoa eta ekologia lotzea da. Hau da, mundua aldatzeko bi teoria eta praxi horien gerturatzea.

Zergatik da garrantzitsua bi teoria horiek elkartzea?

Arrazoi ugari daude. Nik bi nabarmenduko nituzke. Alde batetik, kutsadurarekin lotutako arrazoiak daude: badira emakumeei bereziki eragiten diguten hainbat kutsadura arazo.

Zer arazo dira horiek?

Ingurumen toxikoekin lotutakoak. Adibidez, xenoestrogenoak. Estrogenoen antz handia duten konposatu kimikoak dira. Gorputzak estrogenoak balira onartzen ditu, eta horrek estrogeno gehiegi edukitzeko arriskua dakar. Frogatua dago estrogeno gehiegi izateak ginekologia tumoreak sortzeko aukerak biderkatzen dituela. Horrez gain, badira hain larriak ez diren ondorioak, baina era berean arazo asko sortzen dituztenak ere, hala nola hipersentikortasun kimiko multiplearen sindromea.

Zein da bigarren arrazoia?

Ekologismoaren adarrik kontserbadoreenek planteatzen dute krisi ekologikoari aurre egiteko emakumeok etxeko lan tradizionalak egitera itzuli behar dugula. Feminismoak asko du egiteko.

Nortzuek bultzatzen dituzte ideia horiek?

Badira urte batzuk The Ecologist aldizkariak gisa horretako planteamenduak publikatu dituela.

Uste duzu ideia horiek eragina dutela Greenpeace eta halako taldeetan?

Ez: horrelako taldeak gizarte ekologismoaren ildoan daude, eta ez dira horren mistikoak. Planteamendu horietan mistizismoak indar handia baitu, ama lurrarekin bat itzultzeko ideia.

Baina ama lurrarengana gizon eta emakumeak itzul daitezke.

Noski. Baina eurek emakumeari ezartzen diote rol hori. Nolabait emakumeak naturarengandik hurbilago gaudelako.

Eman dezakezu mugimendu ekofeministen adibiderik?

Munduan badira kutsaduraren eta globalizazioaren ondorioei aurre egiten dieten emakume asko, bereziki hegoaldean; hala nola Amazoniako Zaindariak, Anamuriko emakumeak eta Ituzaingo amak. Azken horiek antolatu egin dira euren seme-alabak leuzemiak jota hil direlako fumigatzeen ondorioz.

Borroka horiek emakumeek daramatzate aurrera, baina feministak ala femeninoak al dira?

Eurek ez dute euren burua ekofeministatzat. Hala ere, praxiaren bidez har ditzakegu borroka horiek ekofeministatzat. Hainbatetan mugimendu horiek emakumeen eskubideen aldeko aldarrietara jotzen baitute.

Adibide on bat da Indiako Chipko emakumeen kasua. Eurek basoak defendatzen zituzten naturaren zentzu femeninoagatik. Ikuspegi feministatik erabat existentzialista da hori. Baina denborarekin euren borroka bideratu zuten parte hartze politikoaren alde, eta emakumeen aurkako tratu txarren kontra.

Nondik sortu zen ekofeminismoa?

Frantzian asmatu zuten izen hori. Simone de Beauvoirren inguruko feminista batek egin zuen, Françoise d'Eaubonnek. Zaragozako [Espainia] iheslari eta anarkosindikalista frantses baten alaba zen. Haren teoria garatu zuen munduko biztanleriaren gainjendeztatzeari aurre egiteko, 1970eko hamarkadan hori baitzen ekologismoaren gaietako bat. D'Eaubonnen arabera, andreek boterea izan balute, jaiotzak kontrolatuko zituzketen, eta ez ziratekeen egongo bortxazko amatasun egoerara behartuta. Haren ustez, feminismoak eta ekologismoak bat egiten zuten norberaren gorputzaren autokontrolaren ideian.

Ba al dute indarrik horrelako mugimenduek Europan?

Ekofeminismoa bazterreko mugimendu bat da oraindik. Alde batetik, uste dut feminismoa ez dela fio, emakume amaren irudia goraipatu duen ekofeminismo existentzialista bat egon delako. Beraz, feminismoak betidanik borrokatu dituen irudi patriarkaletara itzultzeko arriskua ikusten du hor.

Beste alde batetik, ekologismoak ez du zertan feminista izan. Bat egin dezaketen bi kontzientzia mota dira. Baina ekofeminismoa ez da ingurumena errespetatzen duen feminismoa; gizakien eta animalien arteko amildegia gainditzeko modu berri gisa ulertzen dut nik.

Baina ekologismoak ez du zertan animalista izan.

Bai, badakit. Batzuek gizakiaren ikuspuntutik jotzen dutelako eta besteek ikuspuntu holistikoa dutelako. Baina egia da, ingurumen etikaren arabera, animalismoa izan daitekeela gure espezietik haragoko begirune moralerako lehen urratsa.

Emakumea eta natura lotzeko ideiak feminismoaren aurka erabil daitezkeela esan duzu. Baina hainbat feministak irudi hori aldarrikatzen dute. Zer uste duzu?

Mugimendu indigena eta ekologismoa lotu direnean ohikoa izan da lurra sagaratzea, modernitateak lurrari kendu dion duintasuna berreskuratzeko. Ama lurraren ideiak ez nau mintzen. Hala ere, ez dut sinesten horregatik emakumea naturarengandik hurbilago dagoenik; hori mistifikazioa da. Gizakiok natura eta kultura gara. Ez dut uste sexuetako bakoitzak bietako batera jotzen duenik. Kontu horrekin legitimatu dute beti emakumeen mendekotasuna.

Mistifikazioak, beraz, emakumeen mendekotasuna ahalbidetzen du?

Gai horri Simone de Beauvoirrek heldu zion, eta bera ez zen inondik inora ekofeminista. Baina azaldu zuen kulturak eta erlijioek emakumea goraipatu dutela naturarekin duen loturagatik. Era berean, horrek beheratu du. Mendebaldeko pentsamenduak bi ardatz ditu: arrazoia eta emozioa; materia eta espiritua; gorputza eta burua; gizatiarra eta animaliarra; gizona eta emakumea. Hau da, hierarkizatuta eta generizatuta dauden ideia kontrajarri mordoa ditu. Denak daude maskulino eta femeninoaren arteko aurkakotasunarekin lotuta.

Adibidez, ingurumen heziketa zifren ikerketan eta zientzia kontuetan oinarrituta dago. Hori guztia jakin behar da, ados. Baina ez dute garatzen inongo heziketa ekologiko emozionalik. Alboratu egiten dute ez dutelako garrantzitsutzat jotzen, txikiagoa omen delako. Hau da, generoa duelako. Horregatik kale egiten du ingurumen heziketak. Motor emozionalik gabe ez dagoelako praktikarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.