Horrez gain, bada haurrek jasan behar izaten duten gainkarga bat. Gertuen dagoen D ereduko eskolara joateko askok ordubete baino gehiago behar izaten baitute autoz, horrek eskatzen duen esfortzuarekin. Hala ere, hainbat guraso egoera hori konpontzen saiatzen ari dira, oztopo guztiak gainditzeko prest. Izan ere, 1986. urtean Nafarroako Gobernuak onartu zuen Euskararen Legeak ez dio eremu erdaldunetako eskola publikoetan D eredurik eskaini ezin denik. Hala, hori arrazoi gisa hartuta, 1998. urtetik lanean dabiltza hainbat eta hainbat, eta horietako batzuek fruituak jaso dituzte.
Aranguren izan zen horietako bat. Egun, eremu erdalduneko herria da, nahiz eta Nafarroako Parlamentuko Araubide Batzordeak eremu mistoan kokatzea onartu duen, UPNk aurka bozkatu arren. Dena den, duela hamar urte arte, Arangurengo herritarrek ez zuten egiazko pausorik eman bertako eskola publikoan haurrek D ereduan ikasteko aukera izan zezaten. Arangurengo haurrei D ereduko zein eskola publikoa zegokien Hezkuntza Departamentuak ebazten zuen, eta hara joan behar izaten zuten. Garraio eta jangela zerbitzuak Hezkuntza Departamentuak ordaintzen zituen.
1998. urtean guraso talde bat biltzen hasi zen, herriko eskola publikoan D eredua ezartzeko «beharraz» ohartuta. Maite Mene Arangurengo eta Noaingo hainbat gurasorekin batera 1998an hasi zen helburua lortzeko lanean. Maite Mene bi alabaren ama da. «Ni garai hartan, Arangurengo Udaleko zinegotzia nintzen, eta hainbat informazio lortzeko aukera nuen», aitortu du. Hala, herritarren errolda hartu eta banaka-banaka hasi ziren jendeari telefonoz deitzen, D ereduan aurrematrikulatzeko eskatzeko. «Guk argi genuen, aurrematrikulazio kanpainan gure haurrak herriko eskolan aurrematrikulatu behar genituela, jaramon egin ziezaguten agintariek», dio Menek. Hala, urte hartan, 3 urteko hamabost haur aurrematrikulatu zituztela oroitzen da. Hala ere, 2008-2009 ikasturte arte ez zuten Arangurengo gurasoek seme-alabek herriko eskola publikoan D ereduan ikastea lortu. «Oso tematiak izan ginen, urtero matrikulatzen genituen haurrak herriko eskolan». Urte luzez lanean aritu ostean, faktoreak alde jarri, eta ordutik D eredua eskaintzen dute Arangurengo eskola publikoan.
Esperientziaren jarraitzaile
Esperientzia hori oso baliagarria izaten ari da egun ere. Horien egitasmoan oinarrituta, Orkoienen ere bertako eskola publikoan D eredua eskaintzeko lanean hasi ziren. Hala ere, Orkoienen kasu ezberdina da, eremu mistoan kokatua dagoenez aukera hori aldarrikapenak egiten hasi aurretik ere aitortua zutelako. Jesus Munarrizen irudiko, «eskolako zuzendariaren onespena ezinbestekoa da D eredua ezartzeko». Eta hori zela arazorik handiena dio Munarrizek, hasiera batean eskolan D eredua ezartzearen aurka zegoelako zuzendaria. «Urte batzuk saiatu eta saiatu igaro ondotik, zuzendariak erretiroa hartu baino lehen D eredua ezartzeko onespena eman zigun», adierazi du.
Orain, berriz, Artaxoa, Mendigorria eta Larragan ari dira lanean gurasoak. Egun, Mendigorrian -bertan dago eskola publiko bakarra-ez dute D eredurik eskaintzen. Hala, Garesko eskola publikoan ikasten dute. Argi Rus ama artaxoarrak alaba Garesera eramaten du. «Guk argi dugu gure alabak D ereduan ikastea nahi dugula, eta, Mendigorrian aukera hori ez dagoenez, Garesera joaten da», dio.
Dena den, Gares ez dago Artaxoaren eskola eremuan. Kilometroz gertuen dagoen eskola da hangoa Artaxoa, Mendigorria eta Larragako gurasoentzat. Ondorioz, eurek ordaindu behar izaten zuten orain gutxi arte garraio eta jangela zerbitzua. Egoera ez dela «jasangarria» argudiatuta, Biderra elkartea eratu dute hiru herrietako hamabi gurasok. «Alderdi politikoekin hitz egiten ari gara, gure eskaera zein den jakin dezaten».
Jabetzen da Rus Artaxoa eremu erdaldunean kokatua dagoela eta eremu mistoan kokatzea «oso zaila» dela. «Legeak ez du debekatzen eremu erdaldunean D ereduko irakaskuntza eskaintzea, eta horren alde borrokatzen jarraituko dugu». Egun, Sortzen-Ikasbatuaz elkartearen laguntza dute. Batez ere, elkarte horrek ondo ezagutzen du eremu erdalduneko eskola publikoetan D eredua ezartzeko prozesua zein den. Aranguren eta Noaingo kasuan ere, laguntzen aritu ziren, gurasoen aldarrikapenei babesa emanez.
Zangozako saioa
Zangozan ere, beste hainbat herritan bezala, bide berari heldu diote hainbatek. Hala ere, besteek ez duten arazo bat dute. Izan ere, Zangozan bada ikastola bat, eta horrek herriko eskola publikoan D eredua eskaintzeko arazoak sor ditzakeela uste dute hainbat gurasok.
Hala ere, eskola publikoan sinesten jarraitzen dutela diote. Gainera, Luis Gil eskola eskualdeko eskolarik nagusia den heinean, aurten ez bada ere, heldu den urteetan euskara hutsean eskolak izango direlakoan ziur daude.