Handitzen ari da eskola jazarpenarekin lotutako salaketen kopurua. Hori diote Eusko Jaurlaritzaren azken datuek: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 121 kasu salatu zituzten 2015-2016ko ikasturtean, aurrekoan halako bi. Errealitate horri aurre egiteko, eta «ikastetxeak biolentziarik gabeko gune bilakatzeko», Bizikasi egitasmoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritak. Programaren helburua da eskola jazarpenaren aurka egitea ikastetxe publikoetan, horretarako hezkuntza komunitate osoaren prestakuntza sustatuz.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan jarriko dute martxan egitasmoa, eta hiru ardatz izango ditu: prebentzioa, esku hartzea eta jarraipena. Gainera, ikastetxe bakoitzean talde dinamizatzaile bat sortuko dute, eta hark izango du lidergoa jazarpen kasuen aurrean. Taldea honako hauek osatuko dute: ikastetxeko zuzendariak, ikasketaburuak, orientatzaileak eta bizikidetza arloaz arduratzen den irakasleak. Haiek landuko dituzte prebentzio ekintzak, eta berritzeguneekin eta ikuskariekin koordinatuko dira esku-hartze prozedurak garatzeko.
Berariazko formakuntza izango da ardatza. Uriarteren esanetan, «inplikatuta dauden alde guztien formakuntzak erraztuko du kasuak atzematea eta esku hartzea». Prestakuntzarekin batera, ikastetxeek jasoko dute beharrezko kontrolak gauzatzeko materiala ere: jazarpena behatzeko eta atzemateko tresnak, taldeko harremanen diagnostikoa egiteko tresnak, txekeo zerrendak eta autotxostenak. Material horiek erabiltzeko formakuntza hezkuntza komunitateko «kolektibo bakoitzari doitua» izango da, sailburuak azaldu zuenez.
Bizikasi programa osatzen lagundu du Aitor Albizua teknikariak, eta, azpimarratu zuenez, formakuntzaren bidez nahi dute komunitate osoak izan dezala jazarpenaren inguruko «hizkuntza, begirada eta paradigma berbera». Teknikariaren esanetan, horrek ahalbidetuko du «bermeekin eta sistematikoki» erantzutea jazarpen kasuetan.
Formakuntza mailakatua
Haatik, hezkuntza komunitateko aktore guztiengana iritsiko da Bizikasi programako formakuntza. Irakasleez eta ikasleez gain, familiek, administrazio eta zerbitzuetako langileek eta eskolaz kanpoko ekintza taldeek ere hartuko dute parte. Horren harira, formakuntza «mailakatua» izango dela azaldu zuen Uriartek. Orain arte, Bizikasi egitasmoan bildutako formakuntza jaso dute berritzegunetako 320 aholkularik, 80 ikuskarik eta talde dinamizatzaileetako arituko diren 800 irakaslek inguruk. Datozen asteetan, beste 200 profesional gehiagok jasoko dute prestakuntza.
Albizuak azaldu zuen apirilean abiatu zutela egitasmoa, eta hiru zona falta zaizkiela talde dinamizatzaileen formakuntza osatzeko. Jakinarazi zuenez, abenduaren 19an bukatuko dute horien formakuntza. Irakasleen formakuntza, bestalde, 2018-2019ko ikasturtean bukatuko dutela iragarri zuen sailburuak. Espero dute programa 2020 urterako «finkatua eta hedatua» izatea.
Printzipioz, ikastetxe publikoetan abiatuko dute programa, baina, Uriarteren esanetan, eskariak jasotzen badituzte, itunpeko ikastetxeetara ere zabalduko da. Ikastolek, adibidez, urtarrilean abiatu zuten jazarpenaren aurkako programa, Kiva izenekoa.
Ikasgelak erregulatzaile
Hezkuntza komunitate osoaren elkarlana da programaren ardatza, baina Uriartek nabarmendu zuen ikasleak bihurtu behar direla jazarpen jokamoldeen «erregulatzaile». Horretarako ezinbestekotzat jo zuen ikasleen ahalduntzea: «Jazarpena pairatu duten ikasleei esku hartze egokia eskaini behar zaie, baina baita jazarpenaren aurrean ikusle direnei eta jarrera jazarlea dutenei ere».
Jazarpenaren errealitatea gizarteari helarazteko asmoz, hain justu, Bizikasi egitasmoak komunikazio kanpaina bat garatuko du Mozorroa kenduko diogu bullying-ari leloarekin. Jazarpenari atxikitzen zaion jolasaren edo une bateko tirabiraren mozorroa kentzearen garrantzia azpimarratzea dute helburu.
Hezkuntza komunitate osoa batu nahi dute jazarpenaren kontra
Eskola jazarpenaren kontra egiteko proiektu bat aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak: Bizikasi. Irakasleen heziketa abian dago, eta espero dute 2020rako plana guztiz ezarrita egotea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu