Hezkuntza legea osatzeko prozesua berriz hasteko eskatu diote Jaurlaritzari

Eragileen arabera, "parte hartze demokratikoa bermatu" behar du eta aurretik guztien artean adostutako gaien inguruan eztabaidatzeko izan behar da. 

jarraia160414.jpg
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko abenduaren 12a
07:24
Entzun 00:00:0000:00:00

Hezkuntza arloko hainbat eragilek hasieratik gaitzetsi dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Hezkuntza Lege berria adosteko iazko irailean abiatutako prozesua. Prozesu horren ondorioz osatutako dokumentua ere salatu dute. "Ezin da izan hezkuntza lege baten oinarria", ohartarazi du Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak. Gaur goizean agerraldia egin du sindikatuekin —CCOO, ELA, LAB, Steilas eta UGT—,  eskola publikoaren aldeko Bilbo eta Gasteizko plataformekin, Zubiak eraikiz plataformarekin, Heize ikastetxe publikoetako zuzendarien elkartearekin eta Ikasle Fronteko ordezkariekin, Bilbon. Prozesua berriz hasteko eskatu diote gobernuari, "parte hartze demokratikoa" bermatuz eta aurretik guztien artean adostutako gaiak eztabaidatuz. 

Salatu dute Eusko Jaurlaritzak adostu beharreko hainbat gai kanpoan utzi zituela. "Ez du argitu zein den bere hezkuntza eredua eta zein diren bere asmoak, hau da, ez du argitu hezkuntza publikoa hezkuntza sistemaren ardatz izateko pausuak emateko prest dagoen edo egungo sare banaketa kontsolidatu nahi duen". Besteak beste, eurek proposatutako bederatzi puntuetako batean egungo sare banaketa "zalantzan" jarri behar dela esan dute, "ituntze unibertsalaren politika eten" behar dela, eta eskola publikoa ardatz izango duen hezkuntza sistema eraikitzeko konpromisoa hartu behar dela. Ezeren aurretik, lege berriak egungo sistemaren diagnostikoa egin behar duela uste dute.

Inbertsio gehiago eskatu dute, Europako bataz bestekoaren parekoa, lanpostuak eta baliabideak handitzeko. Euskal Herriarentzat curriculum propioa ere jaso beharko luke legeak, eragileon iritiziz. Hala definitu dute nahi duten hezkuntza eredua: "Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa inklusiboa, konpentsatzailea, integratzailea, hezkidetzailea, laikoa eta doakoa. Aukera berdintasuna, ekitatea, kohesio soziala eta kalitatea oinarri izango dituena. Egun bizi dugun segregazio egoerei aurre egingo diena". Hizkuntza ereduen sistema kendu eta murgiltze eredua soilik izango duen sistema nahi dute, ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko. 

Imazen arabera, oinarri horiek aurretik ere aldarrikatu izan dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak "ezagutzen ditu". Gaurko agerraldiarekin eragile guzti horiek batera plazaratu nahi izan dituzte, agiri baten bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.