LAB, ELA, EILAS eta CCOO sindikatuek ez dute parte hartuko Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak deitutako bi lan batzordeetan. Sektoreko mahaian ordezkaritzaren gehiengoa duten sindikatu horien ustez, «soilik negoziazio kolektiboari» dagozkio batzorde horietan landuko diren gaiak. Hortaz, sektoreko mahaian eztabaidatu beharko liratekeela adierazi dute, «langileriaren foro legitimoan», hain zuzen ere. Eztabaida horiek mahai horretatik haratagoko esparruetan eztabaidatu nahi izatea «negoziazio kolektiboari iruzur» egitea litzatekeela uste dute.
Agerraldia egin zuten atzo Iruñean LABeko Expe Iriartek, ELAko Ander Pascualek, EILASko Amaia Zubietak eta CCOOko Jose Elizaldek. Egindako adierazpenetan, «oso larritzat» jo zuten Hezkuntza Departamentua sektoreko mahaia «ordezkatzeko egiten ari den saioa», hain justu, sindikatuek mahai hori osatzeko eskaera behin eta berriz egin baitute.
Bihar bertan eratuko dira Hezkuntza Departamentuak deitutako lan batzordeak, eta, besteak beste, irakasleen erantzukizuna eta formazio plana, lanaldi eta ordutegien inguruko arautegia, kontratazioa eta ordezkapenen kudeaketa eta lana eta familia uztartzeko neurriak landuko dituzte. Horiek denak «langileen legezko ordezkaritzari bakarrik dagozkion gaiak» direla ohartarazi dute sindikatuek, «irakasleriaren lan baldintzen» inguruan aritzen direlako. Hala, eztabaida hori sektoreko mahaia edo mahai orokorra ez den beste inon ezin dela egin nabarmendu dute: «Langileen gaitasun eta eskubideak ezin zaizkie transferitu beste eragile edo elkarte sozial edo korporatibista batzuei».
Hezkuntza Departamentuak LAB, ELA, EILAS eta CCOO sindikatuak lan batzordeetan parte hartzea gonbidatu izanak ez die mahai horiei zilegitasunik ematen, lau sindikatuetako ordezkarien iritziz. Langileen ordezkariez gainerako gonbidatuak zeintzuk diren ere ez dakite oraindik, baina hezkuntza komunitateko eragileak izanen direla uste dute. Iriartek adierazi duenez, ez diete zilegitasunik kendu nahi eragile horiei, baina «bakoitzak bere zeregina eta erantzukizuna» duela nabarmendu du. Hala, orain eztabaidatzeke dauden gaiak langileen ordezkariei baino ez dagozkiela berretsi du.
Gainerako sindikatuei deia
Lan batzordeak eratuta Hezkuntza Departamentuak «negoziazio kolektiboa atzeratu eta oztopatu» nahi duela eta langileen eskubideak «urratzen dituela» uste dute neurria salatu duten lau sindikatuek. Haien iritziz, gainera, erabakiak «estrategia argi» bati erantzuten dio: «Langileen ordezkarien negoziazio ahalmena deuseztatu eta horien ordez beste eragile batzuei ahalmen hori aitortzeko estrategia». Hortaz, lan batzordeak bertan behera uzteko exijitu diote administrazioari, eta hala ez izatekotan auzitara joko dutela aurreratu dute, «jokabide ilegala» salatzeko.
Lan batzordeetan parte ez hartzeko erabakiarekin batera, gainerako sindikatuei ere hitz egin diete LAB, ELA, EILAS eta CCOO sindikatuek, haiek ere jarrera bera har dezaten eta deitutako bilkuretan parte har ez dezaten. Alde horretatik, «eskubideen eta eskumenen usurpatzean konplize» ez izateko eskatu diete. Bestalde, neurri berri hori dela eta, mobilizatzeko deia ere egin diote gizarteari lau sindikatuek. Era horretan, elkarretaratzea izanen da bihar, lan batzordeen eraketarekin batera. 10:00etan bilduko dira, Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean.
Hezkuntza Sailak sindikatuen zeregina «ordezkatu» nahi duela salatu dute
LAB, ELA, EILAS eta CCOO sindikatuek ez dute parte hartuko Nafarroako Gobernuak deitutako batzordeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu