Hezkuntzan 556 lanpostu eskainiko ditu Jaurlaritzak

Mahai sektorialeko sindikatu bakar batek ere ez dio babesa eman 2012rako deitutako lan eskaintza publikoari

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 556 postuko lan eskaintza publikoa onartu du 2012ko. Hezkuntzako mahai sektorialean aurkeztu zien proposamena sindikatuei atzo. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko espezialitateetan biltzen dira eskainitako postu gehienak, 489 guztira. Gainontzeko 67ak Lanbide Heziketakoak, Hizkuntza Eskola Ofizialetakoak, Musika eta Arte Hezkuntzakoak eta ikuskaritzakoak dira.

Lanpostuen %8,4tan lehen hizkuntza eskakizuna baino ez dute eskatu. Postu horietatik gehienak Lanbide Heziketakoak dira: sukaldaritzan, diagnosi kliniko eta ortoprotesikoko prozeduretan, osasun zerbitzuetan eta gizarte zerbitzuetan lanean aritzeko, hain justu. Postu horien %63tara aurkezteko nahikoa da lehen hizkuntza eskakizunarekin, baita Bigarren Hezkuntzan eskainiko diren 21 lanpostutan ere.

Mahai sektorialeko sindikatuen artean bakar batek ere ez zion babesa eman atzo Hezkuntza Sailaren proposamenari. Marisol Esteban Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak Jaurlaritza egiten ari den ahalegina balora dezaten eskatu zien. Izan ere, gogora ekarri zuen legegintzaldi hasieratik Hezkuntza Sailak funtzionario izateko 3.603 postu atera dituela. «Behin-behinekotasun maila horrela jaisteak irakasleen lan baldintzak kualitatiboki hobetzea dakar».

Sindikatuek ez zuten ontzat jo Hezkuntza Sailaren proposamena, ordea. LABeko Txetxu Rojorentzat «antzerkia» izan zen mahai sektorialaren bilera, UGT eta CCOO sindikatuekin aldez aurretik prestatutakoa. Estebanek 442 lanpostuko eskaintza aurkeztu zuen, eta bi sindikatu horien eskarien harira, 556ra igo zuen.

Josean Bueno EILASeko idazkaritzako kideak uste du eskainitako postu kopurua «lotsagarria» dela. Dioenez, 2010eko funtzio publikoko mahai orokorreko hitzarmenarekin alderatuta 3.099 behin-behineko plaza egonkortu beharko lirateke oraindik. Halaber, «iraingarria» deritzo aurkeztutako postu kopuru txikiari, ordezkoei «aukera urria» ematen dielako eta ez datorrelako bat lan eskaintzen prestaketek eskatzen duten ahaleginarekin. Lehen hizkuntza eskakizuna duten postuak ere kritikatu dituzte sindikatuek, eta ordezkoen kolektiboaren baldintzak hobetzeko aldarrikapena egin dute.

Aurrekontu duinen eskaria

LABen ustez, aurkeztutako postuak gutxi dira, baina eztabaidak beste ildo batetik joan beharko lukeela uste du. «Gure ustez, postu gutxi dira, baina hori ez da eztabaida; atal guztietan murrizketak daudenean lan eskaintza ateratzeak ez du zentzurik». Otsaileko hezkuntzako hauteskundeetan EILAS, LAB eta ELAren artean ordezkaritzaren %75 lortu zutela gogora ekarri du, eta ordezkaritza mapa berria aintzat hartuta elkarrizketak hasi eta lan itun berria negoziatzeko eskatu du.

Hezkuntzarako aurrekontu duinak eskatu zituen EILASek atzo agerraldi batean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 2010etik egindako murrizketak salatuz. Murrizketa horiek giza baliabideetan bereziki eragin dutela gogorarazi dute, eta ordezkapenen arazoaz ohartarazi; Nafarroan %9,5 murriztu da sail hori bi urtean, eta EAEn 3,5 milioi gutxiago emango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.