JON URRUSOLO
LAB«Gure hezkuntza sistema politikoki eta ekonomikoki blindatu behar dugu»
Hezkuntzaren kalitatea okertzea eta irakasleen lan baldintzak kaskartzea. Horiexek dira, LABen ustez, Espainiako Gobernuak hezkuntzan iragarri dituen murrizketek izango dituzten ondorio nagusiak. Sindikatuaren arabera, hezkuntzaren kalitatea oso lotuta dago ikasgela bakoitzean dagoen ikasle kopuruarekin. «Ikasleekiko arreta zenbat eta indibidualizatuagoa izan, emaitzak hobeak dira. Espainiako Gobernuaren neurriak, ordea, kontrako norabidean doaz», salatu du Jon Urrusolok. Ikasleen kopurua %20 igotzea proposatu du Wertek.
Eskola orduak igota eta ordezkapenak hamargarren egunera arte egin gabe utzita irakasleen lan baldintzak nabarmen kaltetuko direla gogorarazi du. «Irakasle asko langabeziara kondenatuko dituzte».
Ikastetxeei Batxilergoko modalitate bat baino gehiago eskaintzeko derrigortasuna kentzea ere «larria» iruditzen zaio. «Aukera berdintasunaren kontrako neurria da».
Hori kontuan hartuta, Espainiarekiko «morrontza» amaitzeko unea dela esan duUrrusolok. «Bertako hezkuntza sistema blindatu behar dugu, bai politikoki eta bai ekonomikoki». Hezkuntzako eragileak datozen egunetan hasiko dira biltzen erantzun hori prestatzeko.
SANTIAGO ALVAREZ
Herrikoa guraso elkartea«Irakasleen motibazioaren aurkakoak dira hartu diren murrizketa neurriak»
Espainiako Gobernuak iragarritako neurriek ikastetxeetan«kaosa» eragin dezaketela iragarri du Nafarroako Herrikoa guraso elkarteko Santiago Gonzalezek. «Nafarroako Gobernuak, adibidez, iaz aplikatu zituen halako neurriak, eta arazoak izaten ari dira».
Gogorarazi du, gainera, ikasgelak ez daudela prestatuta horrenbeste ikasle hartzeko. «Ikastetxe berrietako ikasgelak, adibidez, ikasle kopuru txikietarako daude prestatuta. Horregatik esan du Iribasek aztertu egingo duela neurria non aplikatu».
Murrizketak irakasleen motibazioaren aurka doazela nabarmendu du Alvarezek. «Lan zama handitzen zaie, prestakuntzarako aukerak gutxitu, lansari osagarriak eskuratzeko bidea itxi...Motibazioaren aurka doaz. Gogoan izan behar da ikasleak motibatzea dela irakasleen zeregin nagusietako bat. Haiek motibatuta ez badaude, ordea, zaila izango da hori».
IMANOL IGEREGI
Ikastolen Elkartea«Neurriak onartezinak dira; borondate politikoko kontua da ez aplikatzea»
Ikastolen Elkarteko Imanol Igeregiren ustez, unea da Espainiako hezkuntza sistemarekiko «lotura» aztertzeko. «Merezi al du kalitateari lehentasuna ematen ez dion sistema bati lotuta jarraitzea? Argi dago ezetz». Hori kontuan hartuta, «konpromisoa» eskatu die Zelaari eta Iribasi. «Hitzetatik ekintzetara pasa daitezela. Halako neurriak onartezinak dira. Borondate politikoko kontua da ez ezartzea».
Ikasgeletan egon daitezkeen ikasleen muga %20 igotzeak eragingo die gehien ikastolei. Igoera hori salatu du Igeregik, eta, batez ere, Lehen Hezkuntzan zein ondorio izango dituen kezkaturik azaldu da. «Eskola arrakastaren giltza hor dago. Adin tarte horretan hartzen dituzte, adibidez, irakurtzeko, idazteko eta matematiketarako oinarrizko ezagutzak. Zenbat eta ikasle gutxiago izan, hobe da horretarako».
Eguneroko lana antolatzeko orduan «zailtasun nabarmenak» ekar ditzake ordezkapenak hamar egun igaro arte ez egiteak eta irakasleen eskola orduak igotzeak, Igeregiren ustez.
IKOITZ ARRESE
Ikasle Abertzaleak«Hezkuntza komunitatearen bizkar hartu dira erabakiak; inposizio hutsa dira»
Wertek hartutako neurriak hezkuntza komunitatearen bizkar hartu direla salatu du Ikoitz Arrese Ikasle Abertzaleak taldeko kideak. «Inposizio hutsa dira».Ikasleak «zenbaki huts» bihurtzen dituela nabarmendu du. «Nora ezean uzten dituzte ikasleak».
Arreseren ustez, berriro ere agerian geratu da Ikasle Abertzaleek urteetan esan dutena. «Espainiako eta Frantziako gobernuak ez diragai Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema eraikitzeko. Guk geuk eraiki beharko dugu». Esan du «borrokarako» unea dela. «Ikastetxez ikastetxe eta herriz herri egin behar da, modu bateratu eta herrikoi batean».
JON MOÑUX
EILAS«Irakaskuntza publikoaren aurkako eraso garbia dira murrizketak»
«Astakeria» iruditzen zaizkio EILAS sindikatuko Jon Moñuxi Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketak. «Irakaskuntza publikoaren aurkako eraso argia dira».Moñuxek gogorarazi du irakasleen lana ez dela eskolak ematean amaitzen. «Hortik kanpo makina bat lan egin behar da: eskolak prestatu, prestakuntzan sakondu, azterketak eta txostenak prestatu, gurasoekin bilerak egin... Eskola orduak gehituta, noiz egingo dute hori?». Kezkaz ikusten du etorkizuna. «Maila baxuenetan, irakasleenlana zaintza lan bilakatuko da kasu askotan». Lanpostu galeragatik ere «oso kezkatuta» dago.
Argi du hezkuntza eredu propio bat lantzeko trabak baino ez dituela jarri nahi Madrilek. «Koherentziaz eta ausardiaz jokatzeko eskatzen diegu hemengo agintariei, eta murrizketak ez ezartzeko». Beharrezko ikusten du hezkuntza komunitatearen erantzuna. «Funtsezkoa iruditzen zaigu erantzun horretan gurasoek ere parte hartzea, haien seme-alaben etorkizuna baitago jokoan».
XABIER IRASTORZA
ELA«Ikasgeletan ikasle gutxiago egoteko egin dugun borroka pikutara doa»
Krisitik ateratzeko gakoetako bat hezkuntzan inbertitzea dela dio ELAko Xabier Irastorzak. Horrenbestez, zentzugabeak iruditzen zaizkio murrizketak. «Onartezintzat» jo du Zelaaren eta Iribasen jokabidea. «Zelaak esan du, adibidez, lansari osagarriak ez sortzeko neurria aplikatu egin behar duela. Baina ez da horrela. Horretan eskumena du Eusko Jaurlaritzak».
Ikasgeletan egon beharreko ikasleen kopurua igoz urteetako borroka «pikutara» doala gogorarazi du Irastorzak. «Gogor borrokatu gara taldeak txikiak izateko, sinistuta baikaude hor dagoela kalitatezko hezkuntza baten ardatza». Urteotan lan eskaintza publikoak adostutakoak baino txikiagoak izan direla ere salatu du. «Horregatik, egoera larriagoa da».
NESTOR SALABERRIA
Sortzen Ikasbatuaz«Erantzun tinko eta bateratu bat eman behar diegu murrizketei»
«Nafarroan ikusi dugu zer gertatzen den irakasleen eskola orduak luzatuz eta ordezkapenak atzeratuz. Ikasgaietako zatietako batzuk eman gabe geratzeko arriskua dago, eta sekulakoarazoak sortzen dira ikastetxeen lan antolakuntzan». Sortzen Ikasbatuaz elkarteko Nestor Salaberriaren hitzak dira. Murrizketen kontra badu errezeta: «Hezkuntza eredu propio batsortzea, eta erantzun tinko eta bateratu bat ematea».