Lehenbizikoan ez, baina bigarrenean bai: ume lapurtuen auziaren harira Donostiako Polloeko hilerrian atzo zabaldutako hobian hezurrak agertu dira, hainbat komunikabidek zabaldu dutenez. Hilerri berean hezurrik ez zuten aurkitu urtarrilean irekitako hilkutxa batean. ETBk jakinarazi du 1965ean zendutako ume baten hilkutxa zabaldu zutela atzo; hilabete zuela hil zen haurra, gaixotu eta gero. Irregulartasunak ikusita, auzitara jo zuen familiak, eta hobia irekitzeko agindu du epaileak.
Hezurrak agertuta ere, ez dute auzia itxiko. Arrastoak haur batenak direla egiaztatuko dute, eta sendi horretako ume batenak direla. Donostian egingo dute lehenbiziko azterketa; Madrilera bidaliko dituzte hezurrak gero.
Epaileen aginduz Hegoaldean zabaldutako bosgarren hilobia da atzo irekitakoa. Aurreneko hiruretan ez zuten topatu hezur arrastorik; azken bietan, bai. Derioko (Bizkaia), Polloeko bertako eta Itsasondoko (Gipuzkoa) hilerrietan agertu ziren hezurrik gabeko hobiak; medikuntzako objektuak eta halako gauza batzuk bazeuden, baina auzitegiko medikuek ziurtzat jo zuten hilkutxa horietan inoiz ez zutela umerik sartu.
Segidan hiru hobi hutsik agertu izanak ezinegon handia sortu zuen gizartean; sinesgarritasun handia hartu zuen ume lapurtuei buruzko auziak, eta jendea oldean hasi zen joaten elkarteetara, informazioa eskatzera eta susmoen berri ematera. Dozenaka eta dozenaka salaketa pilatu ziren.
Neurriak hartzen
Azken bi hobietan hezurrak agertu dira. Galdakaon (Bizkaia) ireki zuten orain hurrengoa, martxoan. Kasu hartan ere aztertzera eraman zituzten arrastoak. 1971n hildako ume baten hilobia ireki zuten; gurasoek jo zuten auzitara, lapurtu ote zieten susmoa eginda.
Hobiak zabaltzen eta salaketak gehitzen joan diren eran hasi dira esku hartzen erakundeak ere. Eusko Legebiltzarrean lanean hasi berria da kasuak ikertzeko batzordea; Nafarroako Parlamentuan eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan asteon eratu dituzte lantaldeak. Espainiako Gobernuak ere hitzeman ditu neurriak: lista bat egingo du ustez lapurtutako haurren datuekin, senideek elkar aurkitzeko modua izateko eta afera egiaz zenbatekoa den jakiteko.
«Adabakiak» dira proposamen horiek, umeak lapurtu zizkietela uste dutenen elkarteen esanetan. Auzitegietan zailtasunak izaten ari dira, agiririk apenas dute eta; epaileek atzera botatzen dituzte salaketa asko, aski zantzu ez dagoelakoan. Tolosako (Gipuzkoa) kasu bat ixtearen aurka helegitea jarri zuen atzo bertan Fiskaltzak.
Traba horiek ikusita, enpresa pribatuetara jotzen ari dira familia hainbat. Neurodiagnostica Kataluniako enpresak jadanik lau hobi ireki ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hezurrak zeuden guztietan. Nafarroan oraingoz ez dute batere hilkutxarik zabaldu.
Hezurrak aurkitu dituzte Polloeko bigarren kutxan
Epaileek aginduta ireki duten bosgarren hobia da, eta bitan agertu dira hezurrak; enpresa batek lau zabaldu ditu jadanik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu