Hidrogeno kamioiaren gidariak positibo eman du

Barakaldon izan da ezbeharra, eta kamioi gidariak gainditu egin ditu alkohol eta droga probetako tasak

Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Herenegun gauean, hidrogeno konprimitua zeraman kamioi bat irauli zen Barakaldon (Bizkaia), eta, udaltzainek berri eman dutenez, gidariak alkohol eta droga probetan positibo eman du. Atxilotuak 32 urte ditu, eta Barakaldokoa bertakoa da. Bide segurtasunaren kontrako delitua egotzi diote. Ertzaintza eta Barakaldoko Udaltzaingoa gertatutakoa ikertzen ari dira.

Igande gauean izan zen ezbeharra: 22:00 inguruan. BEC Bilbao Exhibition Centre inguruko biribilgunetik gertu hidrogeno konprimitu bonbonak zeramatzan kamioi bat irauli zen. Kamioia Errontegiko zubitik Praxair-Oxinorte enpresara zihoan.

Ezbeharraren ondorioz, kamioiak zeraman kargaren zati bat lehertu egin zen, eta sutea izan zen. Suhiltzaileek joan behar izan zuten garrak mendean hartzeko. Ertzaintzak eta Barakaldoko udaltzainek inguruan segurtasun eremu bat jarri zuten. Leihoak ixteko eta etxetik ez irteteko agindua eman zieten herritarrei.

Udaltzainek emandako datuen arabera, kamioi gidaria sua itzaltzen ikusi zuten hasiera batean. Baina, ondoren, ihes egin zuen. Handik ordu batzuetara aurkitu zuten, etxean. Alkohol eta droga probak egin zizkioten, eta bietan positibo eman zuen.

Bestelako leherketarik ez izateko, gau osoan hidrogeno bonbonak husten aritu ziren, eta atzo goizean bidetik kendu zuten kamioia. Ondoren, errepidea garbitu behar izan zuten.

Ertzaintzak, hamabi atxilotu

Asteburuan, halaber, hamabi gidari atxilotu ditu Ertzaintzak alkohol proban positibo emateagatik: sei Gipuzkoan, lau Bizkaian eta bi Araban. Atxilotuetako hiruk, gainera, istripuak izan zituzten Legazpin (Gipuzkoa) eta Mungian (Bizkaia).

Herrizaingo Sailaren arabera, Legazpin atxilotutako gidariak bost oinezko harrapatu zituen, eta ihes egin zuen. Larunbat goizaldean izan zen ezbeharra, eta oinezkoetako bi erietxera eraman behar izan zituzten medikuek artatzeko. Bi autori ere kalte egin zien. Mungian atxilotutako bi gidariek eragindako istripuak arinagoak izan ziren. Dena den, gidarietako bat ihes egiten saiatu zen. Besteak laukoiztu egin zuen baimendutako alkohol maila.

Iruñean, berriz, udaltzainek hiru pertsona atxilotu dituzte bide segurtasunaren kontrako delituak egitea egotzita. Atxilotuetako bik positibo eman zuten alkohol proban, eta beste batek uko egin zion proba egiteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.