Iaz pandemiagatik eten bat egin ostean, Hik Hasik aurten berriro antolatu ditu udako topaketa pedagogikoak. Haien berri eman dute gaur goizean Mikel Arrizabalaga Hik Hasi egitasmo pedagogikoko formazio arduradunak, Beñat Amenabar EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko dekanoak eta Naiara Gorroño Hik Hasiren topaketetako formatzaileak Donostian egindako agerraldian. COVID-19aren pandemia garaian, irakasleen zaintza erdigunean jarri nahi dute.
Hik Hasik mende laurdena bete duela eta, urte adina ikastaro antolatu ditu udako topaketetarako: 25. Uztailaren 5ean, 6an eta 7an egingo dituzte, EHUren Donostiako campusean. Hik Hasitik eskerrak eman dizkiote EHUri bidelagun izateagatik. Agirrezabalak iragarri duenez, izena emateko aukera zabalik dago ekainaren 15era arte. Hik Hasiren harpidedunek lehentasuna izango dute, baita prezio berezia ere.
Aurtengoa pandemiak markatutako ikasturtea izaki, osasun krisiari erantzuteko ahalegina egingo dute hainbat ikastarotan, Agirrezabalak azaldu duenez. «Aurten errekonozimendu, aitortza eta eskertza berezia egin nahi diegu Euskal Herri luze zabaleko hezitzaileei». Horretarako, zenbait ikastarotan zuzenean nahiz zeharka landuko dute «pandemiak ekarri duen testuingurua»: besteak beste, irakasleen eta hezitzaileen estresari eta antsietateari begiratuko diote, eta meditazioa eta natura uztartuz, «irakasleen zaintza ardatz» izango duen ikastaro bat ere eskainiko dute.
Halere, pandemiarekin zuzeneko loturarik ez duten ikastaroak ere eskainiko dituzte: heriotzaren lanketaz, dislexiaz edo eskoletako kanpo espazioez arituko dira. Gaiei dagokienez, bi ildotako ikastaroak izango dituztela esan du Agirrezabalak: «Gorputzari —irakasleenari nahiz ikasleenari— leku egingo diogu, baina puri-purian dauden beste gai batzuk ere ekarriko ditugu: eskoletako jolastokiei buruzko hausnarketak, jolasaren bidezko heziketa sortzailea edo Pikler-Loczy lan ildoa, esate baterako».
Agirrezabalak azpimarratu duenez, berrikuntzaz beteta etorriko dira aurtengo udako topaketak, ikastaroen ia erdiak berriak izango baitira, eta COVID-19ak eskatzen dituen babes neurrietara egokitu dituzte denak. Gainera, uztailaren 5ean «hausnarketa kolektibo bat» ere egingo dute: «Zaintza esperientziak ezagutuko ditugu, eta datorren ikasturtea ere gogorra izan daitekeela aurreikusirik, ikasturte honetako lezioak, ondo eginak eta hobetu beharrekoak jarriko ditugu mahai gainean».
Hurrengo ikasturterako, lau
Hik Hasi hurrengo ikasturtera begira ere jarrita dago. Agirrezabalaren hitzetan «indartu» egingo dute urte osoko formazio jarraitua, eta ikastaro bat gehiago eskainiko dute: pedagogia sistemikoko formazioa. Horretaz gain, Haur Hezkuntzako hezitzaileentzako graduondoko formazioa eta psikomotrizate erlazionalari buruzkoa ere emango dituzte, aurrez aurre. Komunikazio ez bortitzari buruzko beste ikastaro bat, berriz, online eskainiko dute.