Hainbat urte eta gero Euskal Herrian jaio ziren lehen bi arrano arrantzaleek hogei egun iraun dituzte bizirik. Une kritikoan zeuden, eta ezin izan zioten eutsi joan den ostiralean Urdaibaiko biosfera erreserba (Bizkaia) astindu zuen ekaitzari. Urdaibai Bird Centerreko arduradunek azaldu dutenez, bi kumeak «handiak ziren dagoeneko, eta horrek zaildu egiten zion amari haiek estaltzea». Gainera, oraindik lumatu gabe zeuden, gutxi gorabehera jaio eta 30 egunera hartzen baitute euritik eta hotzetik babesten dituen lumajea.
Arduradunen arabera, ohikoa da gertatu dena. Izan ere, arrano arrantzale txiten erdiak hil egiten dira jaio osteko lehen asteetan, eta hirugarrena izaten da kritikoena. Horregatik, azaldu dute txiten heriotza «naturaltzat» hartu behar dela, «bizitzaren zikloaren atal baten modura».
Fenomeno natural horren guztiaren harrigarriena, Bird Centerreko kideen ustez, halako gertakari bat «etxetik horren gertu bizi ahal izatea» izan da: «Atzo milaka pertsona atsekabetuta zeuden, baina Royk eta Landak bizitza lezio bat eman ziguten. Gorpuak erretiratu zituzten habiatik, eta berau konpontzen jarraitu zuten, tarteka-tarteka kopularen bat ere egin zutelarik», azaldu dute.
Amaitzeko, gehitu dute posible dela Urdaibain dagoen arrano arrantzale bikoteak oraindik beste kumeren bat izatea, nahiz eta datak jada berantiarrak diren.
Hiru txita
Arrano arrantzale bikote horrek, denera, hiru txita izan ditu azken asteetan Urdaibain: ostiralean hil ziren biak, eta jaio eta hiru egunera hil zen munduko lehen arrano arrantzale albinoa.
Arrano arrantzalea Euskal Herrian desagertuta zegoen espezie bat da. Haiek berreskuratzeko asmoarekin, 2013an askatu zuten guraso izan diren arranoetako bat, Roy izenekoa. Haren bikotekidea, berriz, Orxeko (Akitania) erreserba naturalean egindako suspertze proiektukoa da. Bikotea joan den urtean egonkortu zen.
Lehen abisua apirilean eman zuten Bird Centerreko arduradunek: arrano arrantzale bikote horrek habia egin zuen Urdaibain, eta handik egun gutxira jarri zuten lehen arrautza han. Ohikoa da bikote hori udaberrian Urdaibain egotea.