AEBetako lehen euskal etxea izan zen New Yorkekoa, eta pisu handikoa historian.
Batez ere, Euskal Herritik zetozen etorkinak hemendik sartzen zirelako. Asko New Yorken geratu ziren; beste asko, berriz, mendebaldera joan ziren. Garai oparoak ziren, mugimendu asko zegoen. Adibidez, 300dik gora pertsona elkartu omen ziren 40ko hamarkadako Aberri Egunetan bazkaltzera. Erbestean egon zen Agirreren gobernuak ere harreman zuzena zuen Euskal Etxearekin. 80ko hamarkadara arte nahikoa bizia izan da hemengo martxa, baina gerora aldatzen joan da egoera.
IƱigo Urkullu lehendakariak parte hartuko du mendeurreneko ekitaldietan. Zerbait esan edo eskatu behar diozu?
Gure Euskal Etxeko aniztasunaz jabetu dadila eskatu nahi diot, eta horrek ematen duen aberastasunaz hitz egin.
Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri zarete?
Barcina andrea mendeurrenera gonbidatu dugu. Baina, nahiz eta asko poztuko nindukeen hura hemen ikusteak, ez dugu uste etorriko denik.
Eta New Yorkeko alkatea, Michael Bloomberg?
Ez da etorriko, baina zinegotziren bat-edo bidal dezake. Brooklyngo zinegotzi buruaren ordezkariren bat badator. Empire Statek egun horretan ikurrinaren koloreak izan ditzala ere eskatu dugu. Aztertzen ari dira.
Zenbat bazkide dituzue une honetan?
Jarrita geneukan ehuneko muga gainditu dugu. Oso gustura gaude Euskal Etxeak dituen bazkide kopuruarekin.
Eta zein da bazkidetzaren profila?
Hain justu ere informazio hori eguneratzen ari gara. Baina esan dezaket duela urte asko Euskal Herritik etorritako jende adinekoa dagoela alde batetik. Horietako askok Euskal Etxera joateari utzi diote adinaren ajeengatik. Gero, hemen jaiotako horien seme-alabak daude: batzuk, Euskal Etxearekin lotura handia izan dutenak. Arazo nagusia bigarren belaunaldiarekin izaten dugu, apenas dugun inor. Gurasoak ez badira oso kontzientziatuak, belaunaldi hori amerikartua hazten da erabat. Ez da gure arazoa bakarrik, komunitate guztietan gertatzen da. Ondoren, azkeneko urteetan Euskal Herritik etorritako jendea ere badago.
Euskal Etxearen agenda ere oso murritza izan da zenbait urtetan, ezta?
Zenbait momentutan, Aberri Eguna bakarrik ospatu izan dugu, eta apenas ezer gehiagorik. Ez zen Olentzero etortzen, eta San Tomas eta San Sebastian egunik ez zen ospatzen. Horri guztiari nolabaiteko aldaketa eman dio Euskal Herritik etorritako jendeak. Erakunde kolektiboak gara, eta denon parte hartzearen beharra dago. Jasotzeko eman ere egin behar da.
Bazkideen parte hartze eskas hori arazo global bat da?
Ez da mundu guztiko Euskal Etxeena, baina bai AEBetako Euskal Etxeena. Akaso NABOko bileran aterako dugu gaia.
Zeintzuk dira une honetako arazorik nagusienak?
Arazo nagusia Euskal Etxeari beste zentzu bat ematea da. Euskal Etxea Euskal Herritarrei laguntzeko erakunde moduan sortu zuten, eta oraindik orduko estatutuekin jarraitzen dugu. Egungo etorkinek ez dute halako laguntzarik behar. Nire kasuan bezala, Floridara iritsi eta lehendabiziko hiru urteetan ez nintzen hango Euskal Etxera agertu ere egin. Ez da behar hori izaten bizitza antolatzeko. Beste garai batzuk dira hauek. Beste euskal herritarrekin beraien bizi esperientziak partekatzera zatoz. Materiala ez den beste hori asetzera dator jendea. Horregatik, Euskal Etxeak hori aldatu egin behar du.
Birdefinitu egin behar da Euskal Etxeen kontzeptua?
Nik dagoeneko esan diet gure bazkideei behin mendeurrena pasa ondoren gogoeta egin beharko genukeela zer-nolako Euskal Etxea nahi dugun erabakitzeko. Zein behar ase behar ditu? Ez dira gaur egun estatutuetan jartzen dituenak. Beraz, berriak egin beharko genituzke. Euskal Herria aniztuna da, eta behar eta nahi desberdinak daude. Bazkide bakoitzak definitu beharko luke zer behar duen. Euskal Herritar izateko era desberdinak daude, eta denek lekua dute Euskal Etxean. Behar horiek ase egin behar ditugu. Euskaldunok egoera eta garai berrietara egokitzeko gaitasuna dugulako iraun dugu. Hori izan da gure bertutea historian. Sustraiei eta izaerari fidela izanez egokitzen jakitea. Horregatik, hil nahi ez badu, eraberritu egin behar du Euskal Etxeak.
Bide horretan, Gayaldia eta halako jaialdiak egiten dira New Yorkeko Euskal Etxean. Zer-nolako esperientzia izan da? Errepikatzeko asmorik?
Errepikatu nahi genuke. Ekialdeko eta Mendebaldeko Euskal Etxeak nahiko desberdinak gara. Gayaldia bezalakoren bat antolatzeak luze joko du oraindik leku askotan. Mendebaldeko Euskal Etxeak oso tradizionalistak dira, eta Ekialdeko kostan tradizio asko pikutara bidali dituzte. New Yorkeko Euskal Etxea AEBetako aniztunena dela esango nuke. Eta hori oso garbi ikusten da antolatzen ditugun edozein ekintzatara etorriz gero.
Mendebaldean ongi ulertzen al zuten Gayaldia antolatzea?
Astero bidaltzen zituzten mezuetan apenas egin zuten aipamenik. NABOk kaleratzen duen berri parean, esate baterako, Gayaldia egin genuen astean ez zuten aipatu ere egin, baina bai Bakersfieldeko piknika. Ez zutela ulertu esango nuke.
Etxepare Institutuarekin harremanik ba al duzue?
Bai, eta une honetan oso ona. Baina lehendabiziko aldiz New Yorkera etorri zirenean ez. Oso urrun zeuden: esan ziguten beraien helburua ez zela Euskal Etxeekin lanean aritzea, beste helburu batzuk zituztela, eta hori guk ez genuen batere ulertu. Finean ahulki bereko hanka desberdinak gara, elkarri lagundu besterik ez dugu. Etxepare etorri zenean, ordea, beste administrazio bat zegoen Jaurlaritzan, eta orduan Etxeparek beste jarrera bat zuen. Gobernu aldaketarekin, harrera beroagoa eta hurbilagoa izan da. Arrazoi politikoez gain, ekonomiaren krisiak ere zerikusia izan duela esango nuke: ez baitu zentzurik jadanik azpiegitura duten Euskal Etxeak ez erabiltzeak. Orain jarrera aldatu dutela dirudi, eta guretzat hori oso pozgarria da.