Hil zen arte Langraizko presoa polizien zaintzapean egon zela jakinarazi dute

Senideek adierazi dute buruan koskorrak zituela eta bere burua mindu zuela ospitalera eraman zezaten

Joan den astean elkarretaratze bat egin zuten Gasteizen, azken heriotza salatzeko. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
A.P.A. abenduaren 31n Txagorritxuko ospitalean hildako 30 urteko gizonezkoaren senideek ukatu egin dute heriotzari buruz Langraizko (Araba) espetxeko zuzendaritzak emandako informazioa, eta erietxean egon zen denbora guztian, abenduaren 21etik 31ra arte, polizien zaintzapean egon zela jakinarazi dute. Langraizko kartzelako zuzendaritzak joan den astean adierazi zuen A.P.A. erietxera eraman ondoren, eta oso gaixotasun larria eta sendaezina zuela ikusita, hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna eman ziotela. Zuzendaritzaren arabera, horren ondorioz, polizia zaintza kendu zioten eta ospitaleko presoen eremutik erietxeko gela batera pasatu zuten. Nolanahi ere, Salhaketa presoen eskubideen aldeko elkarteak jakinarazi duenez, zuzendaritza horrek berak onartu zion hildako presoaren sendiari polizien begiradapean egon zela une oro.

A.P.A. abenduaren 31n hil zen, Txagorritxun. Hamar egun zeramatzan erietxean, baina aurretik ere ospitalera joateko hainbat idatzi egin zituen, haren espetxeko hainbat kidek Salhaketari adierazi diotenez. Hildako presoak behin baino gehiagotan jakinarazi zion zuzendaritzari oso gaixo zegoela, baina, Salhaketaren arabera, oso larri egon arte ez zuten osasun etxera eraman.

Senideek adierazi dutenez, susmoa dute hildako presoa bere burua zauritzen saiatu zela hartara kasu egin eta ospitalera eraman zezaten. Izan ere, ospitaleratu zutela jakin zutenean, hara joan eta buruan bi koskor handi zituela ikusi zuten.

Dirua jaso gabe

Salhaketak agerraldia egin zuen atzo prentsaren aurrean, hildako presoaren senideek helarazi dioten informazioa zabaltzeko. Hala, senideek argitu dute A.P.A. 2009ko abuztutik zegoela kartzelatua, eta ez aurreko astean zabaldutako informazioak zioen bezala 2009ko apiriletik. Familiak agertu du abenduaren hasieran bisita egin ziotela Langraizen eta osasuntsu aurkitu zutela.

Egun batzuk geroago, hilaren 13an, dirua utzi zioten espetxean horretara bideratutako bulegoan. 15ean jaso behar zuen, baina ez zen han azaldu. Hori dela eta, senideek uste dute egun horretarako «oso gaizki» egon behar zuela.

Presoa hilaren 21ean ospitaleratu zuten arren, senideek 23ra arte ez zuten horren berri izan. Gainera, salatu dute ez zutela modu ofizialean inolako informaziorik jaso, ez ospitalearen, ez espetxearen aldetik, eta «familiarik gabekoak» bisitatzen dituen pertsona boluntario batek jakinarazi ziela beren senidea erietxean zegoela. Senideen arabera, garaiz artatu izan balute, A.P.A. bizirik egongo zatekeen gaur egun.

Salhaketaren arabera, kasu honetan «egia ezkutatu nahi izan dute; espetxean, estatuaren instituzio baten erraietan, gertatzen diren heriotzen aurrean zigorgabetasuna bermatzeko». Alde horretatik, heriotza hau ikertzeko exijitu du presoen eskubideen aldeko elkarteak. «Eta azal dezatela zergatik esaten duten gezurra askatasunik gabe dauden herritarren bizitzaren eta haien osasunerako eskubidearen kontrako zerbait gertatzen denean». Hain zuzen ere, heriotza argitzeko senideak auzitara jotzeko aukera aztertzen ari direla adierazi du elkarteak.

Azkeneko bost urteotan, 2005etik, Langraizko espetxean hemezortzi preso ezohiko egoeretan hil direla salatu zuen joan den astean Salhaketak. 2010eko irailaren 12an ere beste pertsona bat hil zen kartzelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.