Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresaburuek ez dute ETAren diru eskaerarik jaso azken hilabeteotan, atzo Confebaskeko buru Miguel Lazpiurrek berretsi zuenez. Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Lazpiurrek gaineratu zuen dirua exijitzeko talde armatuaren gutunik jaso ez izanak «lasaitasuna» ematen diela enpresaburuei.
Horiek horrela, enpresariek bakea «gertuago» ikusten dutela esan zuen Confebaskeko lehendakariak. «Bakea gertuago ikusten dugu, eta hori, albiste pozgarria izateaz gain, inbertsio ona litzateke Euskadirentzat», adierazi zuen Lazpiurrek.
Gipuzkoako enpresaburuen Adegi elkarteko buru Eduardo Zubiaurrek ere gauza bera esan zuen duela aste gutxi. «ETAren estortsioa iraganeko kontua» dela esan zuen Zubiaurrek. «Zorionez, enpresaburuok pairatu dugun indarkeria mota hau garai bateko kontua dela dirudi», esan zuen Gipuzkoako patronaleko buruak.
HNTren eginkizunetako bat
HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak joan den asteburuan Londresen egindako bileran hitz egindako gaietako bat izan zen ETAk iragarritako su-eten orokorraren barruan «estortsioa edo iraultza zerga delakoa» ere gelditu den baieztatzeko bideak jorratzea. Brian Currin abokatuak gidatzen duen taldeak hil honetan bisita egingo du Euskal Herrira, eta gai hori ere izango dute esku artean.
Hilabeteetan ETAren gutunik ez dutela jaso berretsi du Confebaskek
«Bakea, albiste pozgarria izateaz gain, inbertsio ona litzateke Euskadirentzat», esan du Lazpiurrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu