Hilaren 25eko plenoan bozkatuko dute Etxegarateko bidesaria

3,5 tonatik gorako kamioiek ordaindu behar dute bidesaria; datorren urtetik aurrera egongo da indarrean

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Azkenean hilaren 25ean bozkatuko dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek ibilgailu astunei Etxegaraten bidesaria ordaintzera behartuko dien araua, eta, itxura guztien arabera, aurrera aterako da. Orain aste batzuk osoko zuzenketak atzera bota ostean, atzo onartu zen arauaren txostena. EAJk, PSE-EEk eta Hamaikabatek bozkatu zuten alde, PPk eta Aralarrek aurka eta Ezker Batua abstenitu egin zen. Arau horrek aukera ematen du ibilgailu astunei bidesaria ezartzeko Europa Barneko Errepide Sarean dauden bideetan. Gipuzkoaren kasuan AP-1, A-8, N-1, A-15 eta N-121-A dira errepide horiek. Etxegarateko neurria datorren urtetik aurrera egongo da indarrean.

Aralarreko batzarkide Patxi Aierbe proiektuaren aurka azaldu da. «Beste bide batzuetan bidesaria ezartzeko aukera ematen du arauak, eta ez soilik kamioientzat». Gipuzkoako garraiolariei eragingo liekeen kaltea arintzeko neurririk hartu izan ere salatu du. Ezker Batuko ordezkariek ere horixe bera kritikatu dute. Atzo aurkako boza eman zuen beste alderdia PP izan zen. Iñigo Manrique batzarkidearen arabera, ohiko erabiltzaileei izugarrizko kaltea eragingo die: «Araua soilik kobratzeaz kezkatzen da, eta ez ordaindu behar dutenez».

Aldundiak maiz defendatu du legearen atzean ez dagoela asmo maltzurrik; dioenez helburua lurraldeko zirkulazioa modu eraginkorrago batean batean erregulatzea da, batik bat N-1ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.