Hilaren 30erako manifestaziora deitu du Seaskak irakasle falta salatzeko

Frantziako Hezkuntzak ez du bete 2009ko hitzarmena, eta 22 irakasleren soldata ordaindu beharko du

Argazkiaren erdian, lehen lerroan, Seaskako Paxkal Indo lehendakaria eta Hur Gorostiaga zuzendaria. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Seaska haserre gorrian dago, eta manifestaziora deitu du, apirilaren 30ean Baionan. Lehen mailan urtero 150 edo 200 ikasle ditu Seaskak, eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak dagozkion irakasle postuak ez dizkiola ematen salatzen dute ikastolek. Bigarren mailari dagokionez, heldu den ikasturtean 70 oren kendu nahi ditu Hezkuntzak, hiru irakasleren ordaina, nahiz eta 50 ikasle gehiago egonen diren.

2009an «historikotzat» jo zuten ituna izenpetu zuten Seaskak eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak, Euskararen Erakunde Publikoa zelarik bitartekari. Seaska aintzat hartu eta hiru urteko epean 11 irakasle postu ematea onartu zuen. «Hitzarmenaren 8. artikuluak dio ikasle kopuruaren bilakaera urte oroz kontuan hartu behar dela, baina ez dute hori egin», deitoratu du Paxkal Indo Seaskako presidenteak.

Azken bost urteotan Seaskak 479 ikasle eta 13 irakasle gehiago ukan ditu, alegia, irakasle bat 37 ikaslerentzat. Frantziako Hezkuntzak ordaintzen ez dituen irakasle postuak beregain hartzea deliberatu zuen Seaskak. Aurten hamazazpi irakasle izan dira, eta heldu den urtean 22 izanen dira. Aurrekontuari dagokionez, erabaki horrek 60.000 euroko zuloa eragin du aurtengo aurrekontuetan, eta bost lanpostu gehiago ordaindu behar baditu, galera 200.000 eurokoa izanen dela jakinarazi du Seaskak. Kopuru horri ahalmen urriko haurren integrazioa bermatzeko aurrekontua gehitu behar zaio. Frantziako Hezkuntzak onartzen ez dituen lanpostuak ordaintzeko 170.000 euro lortu behar ditu Integrazio Batzordeak. Aurki Ken Zazpi taldearekin kontzertu bat eginen dute Miarritzen (Lapurdi). Baina herri ekimenetan oinarrituriko kanpainak ez du emanen aurrekontua orekatzeko.

Seaska itorik

Seaskak ezin du presio ekonomikoa jasan, eta, horrela segituz gero, bi urteren buruan itxi beharko dutela jakinarazi dute. 40 urtez ikastolek aldebakarreko borroka egin dutela oroitarazi dute, eta oraingo erabakia ikastolen eredua itotzeko estrategia ote den galdetu dio Frantziako Hezkuntzari. «Hau ikusirik, ez dugu bertze hauturik; botere publikoak beren egitekoak betetzera behartu behar ditugu», azaldu du Indok.

Azken bi asteotan mobilizazioak egin dituzteikastolek, kolegioek eta lizeoak. Joan den astean Akademia Ikuskariarekin bildu ziren. Arazoa ulertzen zuela erran zien, baina ezin zuela lanpostu gehiagorik eman. Orduan, aterabide bakarra mobilizazio jendetsuak egiteadela deliberatu du Seaskak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.