Donostiako udal zerbitzuek hilda zeuden ehunka marmoka atera dituzte Kontxako hondartzaren ertzetik, gaur goizean. Atera dituzten marmoken artean ez da karabela portugesaren alerik agertu. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, «lasaitasuna» da nagusi badian, eta bandera berdea dago eremu horretako hondartzetan.
Udalaren arabera, baliteke marmoka horiek itsasoko ura bero dagoelako gerturatu izana Kontxako hondartzara; izan ere, egunotan 25 gradutan dago ura.
Euskalmetek alerta laranja ezarri du biharko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, beroa dela medio. Gutxienez ostegunera arte iraungo du bero boladak, eta baliteke bihar 42 gradu ere izatea Nerbioi ibaiaren inguruan, eta 41 gradu Gipuzkoako eta Bizkaiko barnealdean, Aemeten arabera. Nafarroan ere 40 gradu izango direla iragarri dute.