SUTEA DONOSTIAN

Hildako eta desagertutako zaintzaileek liskarrak zituzten

Hildako zaintzaileak bortizkeria zantzu nabarmenak zituen, BERRIAk jakin ahal izan duenez

jakes goikoetxea
DONOSTIA
2005eko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun Sailaren Donostiako egoitza nagusiari su eman zioten herenegun. Eraikinaren barruko segurtasun neurriak indargabetu eta txikizioak eragin zituzten ibilgailu ofizialetan eta ordenagailuetan. Herenegun eraikinean lanean ari zen Sabico enpresako segurtasun zaintzaile bat hilda agertu zen segurtasun sistema kontrolatzeko gelan bertan, atzo: F.P.B., Errenterian (Gipuzkoa) bizi zen 41 urteko donostiarra. Berriak jakin duenez, aurpegia desitxuratua eta bortizkeria zantzu nabarmenak zituen. Ingurukoek zailtasunak izan zituzten hildakoa identifikatzeko. Eraikin berean lanean ari zen beste segurtasun zaintzaile bat desagertuta dago, eta Ertzaintzak bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du: M.I.A., Donostian bizi zen 42 urteko zizurkildarra.

SOS Deien 112 telefonoan herenegun gaueko 22:51n jaso zuten abisua. Donostiako Errotaburu auzoko emakume batek deitu zuen: kea ateratzen ari zela Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun Sailaren eraikin nagusitik, Errotaburu kaleko bigarreneko hamabost solairuko dorretik. Ertzaintzaren patruila bat abisua eman eta lau minutura iritsi zen, 22:55ean. Donostiako suhiltzaileak, berriz, zazpi minutura, 22:58an.Batzuek zein besteek hasieran ezin izan zuten eraikinean sartu, eraikina gotortzeko sistemak indarrean baitzeuden. Ogasun Sailaren egoitza nagusiaren eraikina adimenduna da, eta barrutik bakarrik ireki daiteke. Segurtasun zaintzailearen esku dago eraikina zabaltzea, eraikinaren egoera eta segurtasuna kontrolatzen duen segurtasun gela edo bunkerretik.

Barruko segurtasun neurriak, indargabetuta

Ertzainak eta suhiltzaileak sartu zirenean sutea nahita sortu zutelako zantzuak aurkitu zituzten: lau lekutan hasi zen, -1, -2 eta -3 sotoetan, garajean eta laugarren solairuan.

Eraikin adimendunaren barruko segurtasun neurriak indargabetuta zeuden: bai segurtasun kamerak eta baita keak eragin behar zituen alarma eta ihinztatzaileak. Kanpoko segurtasun kamerak ohikoak ez dituzten lekuak grabatzen ari ziren, nor sartzen edo irteten zen ez grabatzeko moduan. «Uste dugu alarmak sua sortu aurretik eta barrutik indargabetu zirela», zehaztu zuen Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusiak. Alarmak ezagutzen zituen norbaitek egin zuela uste dute. «Nik ez nuke asmatuko», gehitu zuen Txabarrik.

Autoak eta ordenagailu guztiak, puskatuta

Suteaz gain, gainera, eraikinean hainbat kalte antzeman zituzten: garajeko auto ofizial guztiek kristalak hautsita zituzten eta eraikin guztiko ordenagailuek (300 inguru) pantailak txikituta.

Eta gau horretan lanean aritu behar zuen segurtasun zaintzailea falta zen. Sutearen ondorioz ikertzen hasi ziren ea une horretan zein segurtasun zaintzailek aritu behar zuen lanean. Deika hasi zirenean, ordea, enpresako arduradunek ez zekizkiten langileen arteko txanda aldaketak aurkitu zituzten.Zaintzaileek hiru txanda egiten dituzte egunean: 07:00-15:00, 15:00-22:00 eta 22:00-07:00. F.P.B. zaintzaileak egin zuen larunbateko 07:00etatik 15:00etarako txanda. Hurrengo biak M.I.A.-k egin behar zituen (larunbateko 15:00etatik igandeko 07:00etara): lehena arrazoi pertsonalengatik lanera joan ezin zuen lankide bat ordezkatzeko eta bigarrena berari zegokiolako. M.I.A. 15:00etan lanean zen, bera ordezkatzen ari zen langileak telefonoz deitu baitzuen, ordezkoa han zela baieztatzeko. Igandeko 07:00etan, ordea, F.B.P. ez zen lanera sartu.Suhiltzaileek zaintzaile baten gorpua aurkitu zuten atzo goizaldeko 04:00etan, segurtasun sistemen gela nagusiko aldagelan, erdi biluzik (aldagela segurtasun sistemen gela nagusiaren barruan dago). Hildakoa aurkitu zuten, baina atzo goizean oraindik ez zekiten zein zen: igande gaueko txanda egin behar zuen M.I.A. edo igande goizean txanda eman zion F.B.P.

Berriak jakin duenez, gorpuak bortizkeria zantzu nabarmenak zituen eta ingurukoek ere zailtasunak izan zituzten identifikatzeko. Azken orduko albisteen arabera, tiro bat jaso zuen. Hildakoaren lankide batek identifikatu zuen, atzo eguerdian: F.P.B., Errenterian (Gipuzkoa) bizi zen 41 urteko donostiarra. Horrez gain, ertzainek arratsaldean egindako miaketa batean motxila bat aurkitu zuten hildakoaren ondoan, eta bertan berari zegokion nortasun agiria zegoen. auzi-medikuaren txostena falta da, ordea, identifikazioa baieztatzeko eta heriotzaren arrazoia argitzeko. Igande gaueko txanda egin zuen M.I.A. segurtasun zaintzailea desagertuta dago. Txanda amaitzen duen segurtasun zaintzaileak hasten duenari ematen dion pistola ere falta da. Eta hildakoaren motorra.Txabarrik esan zuenez, Sabico segurtasun enpresako ordezkariek langileekin hitz egin dute eta ikerketako arduradunei esan diete hildakoak eta desagertuak liskarrak zituztela elkarrekin: «Hildakoa desagertuaren arduraduna zen eta hainbat aldiz eman zizkion abisuak, txandak pilatu egiten zituelako eta, berez, ezin dutelako hala egin». Ertzaintzak desagertutako M.I.A. segurtasun zaintzailearen eta senideen etxeak miatu zituen atzo eta ez zuen aurkitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.