Azken astean Bilbon izan diren hilketak salatzeko, protesta egin zuten atzo eguerdian hiriko udaletxearen atarian. Bigarren aldiz bildu dira toki berean lau egunean. «Harrituta eta abailduta» dago hiria, Ibon Areso jarduneko alkatearen esanetan. Nabarmendu du «ohikoa» ez dela gisa horretako indarkeria kasuak izatea hirian. Horren aurrean, «eraginkor» jarduteko eskatu die Poliziari eta auzitegiei. «Indarkeria ekintza eta hilketa horiek behar den gisan zigortu ditzatela». Adierazpen bateraturik ez du egin udalak.
Maureen Ada Otuya eta Jenny Sofia Rebolloren hilketek astindu zuten aste hasieran Bilbo. Juan Carlos Aguilarrek hil zituen ustez. Joan den igandean atzeman zuten gizona, Otuya larri zaurituta topatu zuten gimnasio berean. Miaketan, gorpuzki batzuk topatu zituzten gimnasioan eta gizonaren etxean; Rebollorenak zirela azaldu zuten. Biak prostituzioan aritzen zirela uste dute, eta horiek zituela jomugan Aguilarrek.
Ostegun arratsean, berriz, andre bat ahoa estalita eta gorputza lotuta zeukala aurkitu zuten etxean. Lapurreta egitera joan eta hil egin zutela uste du Ertzaintzak.
Hiru hilketa horiek salatzeko bildu ziren udal ordezkariak eta dozenaka herritar udaletxe atarian atzo eguerdian. Hildakoen senideei elkartasuna agertu zien Aresok, eta ohartarazi zuen «ahulenei» eraso dietela; adinekoa zen etxean hilda agerturikoa, eta uste dute prostituta atzerritarrak zirela bi andreak —hilik astebete zeraman arren, inork ez zuen salatu Rebollo desagerturik zegoela—.
Udaleko taldeek segurtasun batzordean bilera egin zuten herenegun, baina ez zuten adostasunik lortu. PSE-EEko eta PPko bozeramaileek hitz egin zuten elkarretaratzea amaituta, eta Poliziaren beharra nabarmendu zuten: «ahaleginak bikoizteko» eskatu zien PSE-EEk Ertzaintzari eta Bilboko Udaltzaingoari; PPk, berriz, «oinarrizko helburu gisa» hiri segurtasuna jarri nahi du. Bilduk ez zuen adierazpenik egin nahi izan. Udalak iragarri du San Frantzisko auzoan polizia gehiago jarriko duela «bolada batean gutxienez».
Lasaitasun eske
Hilketek sortutako ezinegona dela eta, lasaitasuna eskatu dute erakundeek. Udalak dio lasaia dela hiria: «Baketsua da hiria, lasaia». Bide beretik jo du Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak ere: «Une jakin bateko erasoak dira, eta inpresioa eragiten dute. Baina, oro har, ez da indarkeria areagotu». Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak datuak eman ditu: urte eta erdian 24 hilketa izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 21 argitu dituzte.
Hilketek «harriturik», Bilboko Udalak polizien «eraginkortasuna» eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu