ETAtik aldendu eta damua adierazi duten presoen eta haiek eragindako biktimen arteko beste aurrez aurreko bat izan zen atzo. Lehendik ere izan dira, baina atzokoa izan zen iragarritako lehenbizikoa.
1987an Bartzelonako Hipercor dendan ETAk egindako atentatuan zaurituetako bat, Roberto Manrique, Rafael Caride Simon presoarekin bildu zen atzo, Arabako Zaballa espetxean. Caride atentatu horregatik zigortu zuten.
Bilera Caridek eskatu du, Manriqueri helarazitako gutun baten bidez. Gutun horretan, ETAko kide ohiak Hipercorreko atentatuan eragindako «min eta sufrimendua» onartu zion Manriqueri.
ACVOT Erakunde Terroristen Biktimen Kataluniako Elkarteko lehendakari izandakoak, espetxera sartu aurretik, azaldu zuen ETAko kideen artean «zatiketa» eragiteko eta kide gehiago «disidenteen taldera igarotzeko» onartu zuela aurrez aurrekoa.
Bi orduz Cariderekin bildu ostean, Manriquek adierazi zuen presoak ez ziola barkamenik eskatu, azaldu ziola ez duela sinesten «Elizak darabilen barkamen kontzeptuan». Dena den, Manriqueren arabera, Hipercorreko atentatuaz mintzatu zirenean Caridek «saminez hitz egin zuen, eta hunkituta zegoen». «Ohartu da bide horrek, terrorismoaren bideak, ez duela inora eramaten».
Era berean, Caride «ziur» da, Manriqueren arabera, jardun armatuaren behin betiko amaiera iragarri ostean ETAk ez duela «berriro hilko».
Manriquek adierazi zuen Caridek esan ziola ETAko presoen artean berak eta beste batzuek egin duten «urratsa» egin nahi dutenak badirela, baina ez dutela egiten «beldur direlako».
Hipercorreko biktima bat Rafael Caride presoarekin bildu da, Zaballan
Manriquek esan du ETAko kide ohiak ez diola barkamenik eskatu baina «mina» adierazi diola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu