Etxe kaleratzeak

Hipoteka ordaindu ezinagatik hil da

Andre batek bere burua leihotik behera bota du, Barakaldon, eta hil egin da, etxea kendu behar zion epaile segizioa atarian zelaStop Kaleratzeak taldeak azaldu du Caixabankek eskatu zuela etxe kaleratzea

Nargore Ares Amaya - Mikel P. Ansa
Barakaldo
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Goizean goiz bere burua leihotik botata zendu zen Amaia Egaña, atzo, Barakaldon (Bizkaia). Epaile segizioak etxetik kaleratu behar zuen hura eta haren familia; eta horretara joanak zirela, leihotik bota zuen bere burua, laugarren solairutik. 53 urte zituen Egañak, eta senarrarekin eta 21 urteko semearekin bizi zen.

Kaleratzeen kontrako elkarteek ez zekiten Egañaren familia atzo kaleratu behar zutenik; auzokideek ere ez. Gertatutakoak ezustean hartu ditu guztiak. Rosa de la Fuente Sendia elkarteko presidenteak azaldu bezala, asko dira halako egoerak isilean pairatzen dituztenak; zehaztu zuen «garrantzitsua» dela egoera berean dauden pertsonak elkarteekin harremanetan jartzea.

Ezbeharra 09:20 aldera jazo zen, Barakaldoko Labe Garaia kalean. Etxe kaleratzea gauzatzeko aginduarekin epaile segizioa etxera igo zenerako, Egañak bere burua bota zuen leihotik. Berehala joan ziren larrialdi zerbitzuetako langileak; suspertu nahian aritu ziren, baina azkenerako heriotza ziurtatu besterik ezin izan zuten egin. Guardiako epaileak 11:00 alderako agindu zuen gorpua altxatzeko, eta auzitegi medikuntzako institutura eramateko, autopsia egin diezaioten.

Hilotza jasotzera joandako epaileak, Juan Carlos Mediavillak, gogor kritikatu zuen kaleratzeak onartzen dituen legedia, eta politikariei eskatu zien hipoteken eta kaleratzeen legeak aldatzeko, gehiago atzeratzen ibili gabe, atzo gertatutakoa berriz gerta ez dadin: «Ezin dugu gaurkoa bezalako gertaerarik berriz izan». Zehaztu zuen, ordea, epaileei ezinezko zaiela ezer egitea egungo legediarekin; etxe kaleratze baten eskaria iritsiz gero, behartuak daudela bururatzera.

PSE-EEko zinegotzi

Goizean, jende anitz joan zen ezbeharraren lekura. PSEko zinegotzi izana zen Egaña Eibarren (Gipuzkoa), 1983an. Senarra ere, Jose Manuel Asensio, PSEko zinegotzi izan zen Barakaldon, 1991tik 2003ra bitartean. Eibarko PSEko taldeak gogorarazi du, gainera, Ramon Egaña Eibarko sozialista historikoaren alaba zela Amaia Egaña. Ohar bat kaleratu zuen talde horrek, heriotzagatik doluminak agertzeko, eta etxe kaleratzeen ondorioak leuntzeko «berehalako neurriak» eskatzeko. PSE-EEko kideen artean dolu eguna izan zen atzo. Sare sozialetan, Interneten eta hedabideen aurrean, samina agertu zuten PSE-EEko hainbat kidek.

Tragediak eraginda, batetik, familia ezaguna zelako, bestetik, jende asko batu zen, beraz, ezbeharraren lekuan. Beste askoren artean, han ziren Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkatea, Bilduko zinegotziak eta Stop Kaleratzeak eta Sendia taldeetako kideak. Jorge Garcia Bilduko kideak azaldu zuen udaleko bozeramaileen batzarra egiteko eta arratsaldean kontzentzentrazioa egiteko eskatu ziotela alkateari. Rodriguezek, ordea, ezetz erantzun zien.

Bertan izan zen Periko Solabarria ezker abertzaleko militantea ere. Epaileei «kontzientzia eragozpena» egiteko eskatu zien, etxe kaleratzeen aginduak bete ez ditzaten.

Stop Kaleratzeak taldeko kideek, berriz, jakinarazi zuten bezperan dei bat jaso zutela Barakaldotik; ezin zuten baieztatu Egañarena izan zenik, ordea.

Agindua nondik sortu den

Han bildutakoen artean kezka bat zabaldu zen goizean: etxe kaleratzea eskatu zuen erakundea nor izan ote zen. Azkenean, Stop Kaleratzeak taldeak azaldu zuen Caixabank entitatea izan zela hipoteka betearazteko eskatu zuena; zehazki, banku horrek sortutako Building Center higiezin agentziak egin zuela kaleratzeko eskaera. Bankuak ez du ez baieztatu, ez gezurtatu. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, berriz, azaldu du ezin duela informazio hori eman, baina berretsi du Barakaldoko Exekuzio Auzitegiak eman zuela agindua. Barakaldoko auzitegiak, baina, ez du ezer esan.

Arratsalderako, gertaeren lekua hustu zuten etxe inguruan bildu zirenek. Geroago azaldu ziren lore sorta bat eta kandela bat, Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuen etxe aurreko jardinean, gutun honekin: «Suntsitu eta txikitu egiten duen sistema kapitalista madarikatu honegatik utzi gaituzu. Ez zaitugu ahaztuko, gaur zu izan zarelako, baina bihar gutako edonor izan litekeelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.