Hiriburu handietako bidegorri sarea bikoiztuko dute hurrengo urteetan

Baionan, Iruñean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen 167 kilometro izatetik 357ra pasatuko dira

Asier Azpilikueta.
2007ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hiriburu handietan egun dauden bizikleta bideen kilometro kopurua bikoiztuko da, heldu diren urteetan, udaletan dituzten planak gauzatzen badira, bederen. Denetara, 167 kilometro daude, egun, eta baliteke 2016. urterako 357 kilometro izatea.

Baionan 46 kilometro dituzte. Iruñean, berriz, 41. Zatika, eta batere loturarik gabe; baina, 2008-2013 urteetako plana bukatutakoan, 103 kilometro izanen dituzte, auzo guztiak lotzeko sarea osatuz. Donostian 25 kilometroko sarea dute, eta horren bikoitza izanen dute 2011. urte arteko plana betetzen badute. Gasteizen ere bikoiztu nahi dituzte haien 42 kilometroak, eta heldu den urtean eginen dutela diote. Azkenik, Bilbon, 13 kilometro bertzerik ez dituzte, baina, Udalak laster onartuko duen planaren arabera, 2016rako 78 kilometro izanen dituzte.

Donostiako Udalak duela gutxi onartu du 2008-2011 urteetako Bizikletaren Plan Estrategikoa. Zortzi milioi euro inguru gastatuko dituzte, bidegorrien sarea 50 kilometrokoa izan dadin. Orain arte, aparteko bideak egin dituzte, edo oinezkoekin tokia partekatzen dituzten bideak. Baina sarea osatzeko, errepidean bat egin behar izanen dute autoek eta bizikletek. Zirkulazioaren kale nagusi ez diren askotan, 30 kilometro orduko abiadura muga jarriko dutela dio planak, eta autoek ezin izanen dute abiadura hori gainditu, errepidea bizikletekin partekatu behar izanen dutelako.

Donostiako Udala duela hamabortz urte baino gehiago hasi zen bizikleta bideak egiten. Udalak erabiltzen dituen datuen arabera, «izugarri» handitu da bizikleta erabiltzaileen kopurua, ordutik. Adibidez, Biodiversidad fundazioak egindako ikerketaren arabera, 1999 eta 2005 urteen artean, bizikleta erabiltzaileen kopurua hirukoiztu zen (egunean 12.000 inguru). Donostia barnean egiten diren joan-etorri guztien %2 da hori (%48 oinez egiten dira; %28 autoz; eta %18 garraio publikoan).

Baionan badituzte 46 kilometro eginak, baina bide zatiak lotzea falta zaie -ez baitute zirkuitu oso bat osatzen-, bai eta inguruko bertze herriekin lotzea ere. Zenbat kilometro gehiago eginen dituzten, baina, ez dute oraino zehaztuta. Gasteizko Udalak ere bidegorri sarea bikoiztu nahi du 2008. urtean (orain 42 kilometro dituzte), baina horren zehaztapen gehiago ez dute eman oraindik.

Bilbori dagokionez, badirudi hemendik gutxira handituko dela bizikletazaleei eskas egiten zaien 13 kilometroko orain arteko sarea. Bilboko Udalak laster onartuko du 2008-2016 urteetarako bizikleta plana. Horren bidez, bizikletaz ibiltzeko 12 zirkuitu eginen dituzte hirian barna; 78 kilometro denetara. 10 milioi euro inguru gastatuko dituzte horiek egiteko.



IRUñEAN, 103 KILOMETRO. Iruñeko Udala da, oraingoz, bizikleta bideak egiteko bere plana aurkeztu duen azkena. Abenduaren 14an egin zuen. 2008 eta 2011 urteen artean, 64 kilometro gehiago eginen dituzte. Bi fasetan eginen dute. Lehen bi urteetan, auzoak lotuko dituzten lau ibilbide luze eginen dituzte (23 kilometro); eta, hurrengo bi urteetan, auzo barneetako loturak eginen dituzte (41 kilometro). Lanetan 10 milioi euro gastatuko dituztela aurreikusi dute.

Iruñeko Udalak erran du Iruñean, orain, 41 kilometro bizikleta bide daudela. Tentuz hartu behar da zenbaki hori. Izan ere, 41 horien artean sartu dituzte Arga ibaiaren ertzetik joaten den bidearen 20ak. Kontua da Argak 10 kilometroko zatia egiten duela Iruñean. Beraz, badirudi Udalak joan-etorria zenbatu duela bizikleta bideari dagokionez. Bertze bide zatiei dagokienez, ez dirudi joan-etorriak zenbatu dituztenik.

Oso itxura ezberdinetako bizikleta bide zatiak egin izan dituzte Iruñean, orain arte. Zirkuiturik ez dute osatu -Gaztelugibelari buelta ematen diona ez bada-, eta, bizikletazaleek behin baino gehiagotan salatu dutenez, gehiago dira paseatzeko, eguneroko joan-etorriak egiteko baino. Egunerokoan bizikleta erabili nahi duenak errepidetik joatea bertze erremediorik ez du.

Iruñeko plana aurkeztu baino egun bat lehenago, Iruñean berean, baina Nafarroako Gobernuak antolatuta, bizikleta bideei buruzko jardunaldiak egin zituzten. Horietan, Berlingo (Alemania), Bartzelonako (Herrialde Katalanak) eta Donostiako hiru adituk haien hirietako esperientzia esplikatu zuten, eta, horiek oinarri hartuta, gomendatu zuten bizikleta bideak errepidean egitea, eta ez espaloian. Cristina Pou Bartzelonako Udaleko langileak erran zuenez, «helburuak izan behar du autoei lekua kentzea, eta ez bizikletak eta oinezkoak liskarretan ibiltzea».

Iruñean, ordea, espaloian egin izan dituzte orain arteko bizikleta bide gehienak. Eta badirudi gisa berean eginen dituztela berriak ere. Berez, planak dio kaleen ezaugarrien araberakoa izanen dela bizikleta bidea, eta toki batzuetan errepidea hartuko duela, eta bertze batzuetan espaloia hartuko duela. Baina, planaren aurkezpenean, Yolanda Barcina alkateak zehaztu zuen bizikleta bideak egiteko lanek «ahalik eta gutxien» eraginen zietela kaleen itxurari eta norabideei, eta lanak iraun bitartean «kale bakar batean ere ez dutela zirkulazioa osorik etenen».

Planak dio, halaber, bizikletak alokatzeko toki gehiago paratuko dituztela (orain bortz daude), eta bizikletak autobusetan sartzeko modua ahalbidetuko dutela.



Batzuk txarrak, eta bertzeak onegiak

Iruñean, batere plangintzarik gabe egin izan dituzte bizikleta zatiak, orain arte. Eta egin dituzten zati gehienek ez dute batere loturarik batzuek bertzeekin. Hala, askotariko bizikleta bide zatiak aurki daitezke Iruñean.

Buztintxuri auzo berrikoa duela lau urte egin zuten. Plaza oso zabaleko auzoa da Buztintxuri, eta nahi zutena egiten ahal zuten han. Bada, tokia aski soberan izanda ere, bizikleta bidea espaloitik egin zuten, oinezkoei tokia kenduta. Zenbait tokitan, hainbertze toki kendu diete oinezkoei, bizikleta bidetik joatea bertze erremediorik ez baitute.

Buztintxuriko bizikletabideek zirkuitu bat osatzen dute; baina zirkuitu itxia. Izan ere, ezinezkoa da bizikleta bidea erabiltzea Buztintxuritik ateratzeko. Hala, paseatzeko bertzerik ez dute erabiltzen zirkuitu hori bizikletazaleek. Eguneroko joan-etorriak bizikletan egiten dituena errepidetik doa.

Bertze zenbait lekutan, Donostian adibidez, urte gehiago dira kaleetan bidegorriak dituztela, eta badirudi plangintza bati jarraituz egin dituztela. Hala ere, bizikletazaleek behin eta berriz salatzen dutenez, ez da arazorik falta. Behar baino maizago, zamalanetako furgonetak bidegorrietan uzten dituzte; sakelako telefonoan deia jaso eta hartu nahi duenak ere, anitzetan, bidegorrian gelditzen da, unetxo batez; zenbait motozalek ere aprobetxatzen dute bidegorria, hortik ibilgailu gutxiago joaten baita; eta maletari tiraka doanak ere nahiago du bidegorria, espaloia baino erosoagoa baita.





alberto ilundain Garraiobide Osasungarrien Elkartekoa

«Hiriko zirkulazioa ikuspuntu guztietatik ikusi behar da»

a.a.

Alberto Ilundainek 36 urte ditu, eta lanera bizikletaz joaten da, egunero. Badaki hiriak autoendako pentsatuta daudela; eta zaila dela autoen aurkako neurriak hartzea, iritzi publikoak horren aldeko jarrerarik ez duelako. Jendeak bizikleta bertze garraiobide bat dela uler dezan nahi du.

«Hiriko zirkulazioa ikuspuntu guztietatik ikusi behar da», Ilundainen ustez. «Baina, oraindik, bide luzea dago egiteko horretan. Izan ere, espaloietan egiten dituzten bizikleta bideak erabiltzen dituzte oinezkoek, lasai asko. Eta bizikleta egunero erabiltzen dugunok ez ditugu bide horiek erabiltzen, azkarrago eta zuzenago goazelako errepidetik».

Bizikletari buruzko araudia beharrezkoa dela uste du Ilundainek. «Hutsune handia dago horretan. Hiritik kanpo bizikletak nola jokatu behar duen argi dago, baina hirian ez. Adibidez, nork du lehentasuna bizikleta bide batean, bizikletak ala oinezkoak? Egoera asko daude arautzeko. Eta, araudia ez dagoen bitartean, sen ona erabiltzea bertzerik ez dago».

Ilundainek dio bere elkartean pentsatzen dutela gauzak «borondate onez» egiten dituztela agintariek, nahiz eta hobeki egiten ahal direla onartu. «Arazoa da eraikuntza enpresek egiten dituztela bizikleta bideak, eta ez dutela horiek egiteko batere gogorik izaten. Eta administrazioko inork hori ikuskatzen ez duenez, nahierara egiten dituzte. Etsigarria da. Baina, gutxienez, egiten dituzte; hobeki eginen dituzte aurrerantzean».





aitor balbas Bizi! taldeko kidea

«Bizikleta bideak egiteagatik ez da autoa gutxiago erabiliko»

a.a.

Iruñean bizikleta bide gehiago egiteko plana aurkeztu dutela eta, Aitor Balbas 37 urteko bizikletazaleak dio oraingo plana «berandu» datorrela. «Duela 25 urteko plana da. Eta oraingo motorizazio indizea ez da ordukoa. Biztanle bakoitzeko auto bat izatera ailegatuko gara hemendik ez askora».

Balbasek ez du uste bizikleta bideen sare bat osatzeak hiritarren ohiturak aldatzen dituenik. «Aurrekoan, Donostiako aditu bati entzun nion nola hiri horretan bizikleta bideen sarea osatzeak ez duen ekarri autoen erabileraren murriztea. Aitzitik, bertze hirietan bezalatsu handitu dira mugikortasun arazoak. Hiriari itxura atsegina ematen diote halako sareek, baina horrek ez du erran nahi autoa gutxiago erabiliko denik. Mugikortasun eredua ez baita aldatzen bizikleta bideak egiteagatik».

Eztabaida «autoaren erabilpenean» jarri behar dela uste du Balbasek. «Mugikortasun arazoak konpontzeko, bizikleta bideak egitea baino eragin handiagoa duten neurri asko har daitezke: Auzoetako kale nagusiak oinezkoendako egin behar dira. Autoen abiadura moteltzeko trabak paratu behar dira errepidean. 30 kilometro ordukoko abiadura muga duten kaleak egin behar dira. Autoen inguruko publizitatea debekatu behar da. Ez dira aparkaleku gehiago eraiki behar. Autoen zergak handitu behar dira. Hiri bateratuaren aldeko apustua egin behar da. Hiritik ateratzeko irteerek, autoendako ez ezik, oinezkoendako eta bizikletendako ere izan behar dute. Autobus eta tren guztietan bizikletak sartzen utzi behar dute».





Iker Garamendi Oraintxeko mezularia

«Gymkanak egiten dituzte, bizikleta bideak baino gehiago»

a.a.

Mezulari lanetan ez ezik, eguneroko joan-etorri guztietan erabiltzen du Iker Garamendik bizikleta. 32 urte ditu. Orain arte Iruñean egin dituzten bizikleta bide zatiak «loturarik gabeak» direla uste du. «Teknikoki desegokiak dira. Paseatzeko balio dute, bai, baina ez bizikleta egunerokoan erabiltzeko. Ez dakit nori galdetzen dioten halakoak egiten dituztenean».

Iruñean 103 kilometro bizikleta bide egiteko planaz, Garamendik dio «marraz beteriko mapa» bat «oso polita» dela beti; baina orain arteko bideen gisakoak egiten badituzte, bide «deserosoak» eta «arriskutsuak» izanen dira, bere ustez. «Bizikletaz mugitzen den jende askorekin hitz egiten dut, eta denek aipatzen dute bide horiek ez daudela ongi eginda. Bizikleta bideak errepidean egin behar dira, ez espaloian. Mendillorrin badago errepidetik doan bizikleta zati bat. Perfektua da. Baina, halako batean, desagertu egiten da, eta ez du jarraipenik».

Garamendiren aburuz, bizikleta bidea espaloian egitea akatsa da. «Bizikletak enbarazu egiten die oinezkoei, eta oinezkoek bizikletari; izan ere, oinezkoei gustatzen zaie bizikleta bideetatik ibiltzea, zoru hobea dutelako. Espaloian egiten dituzten bizikleta bideak ez dira zuzenak, zebra bide guztietan sartzen dira, eta 90 graduko bihurguneak dituzte. Gymkanak egiten dituzte, bizikleta bideak bainoago. Paseatzeko bideak dira, ez garraio bideak. Autoen ondoan egon nahi ez dutenendako bideak dira. Baina lanera joateko edo erosketak egitera joateko bizikleta erabiltzen duena nekez joanen da bide horietatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.