alakrana auzia

"Hiru egun barru Espainiak preso dauzkan bi piratak askatu ezean, bahitutako hiru arrantzale hil egingo dituzte"

'Alakrana' Bermeoko atunontziaren bahitzaileek egindako mehatxua da hori, Blach patroiak jakinarazi duenez. Euskal herritar bat eta bi galiziar dira gaur goizean piratek Somaliara eraman dituztenak. Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du Blachek, "berak bi pirata dituelako preso baina gu hemen 36 lagun gaude". Lopez Jaurlaritzako lehendakaria Arrantza ministroarekin batu da, premiazko batzarrean.

2009ko azaroaren 5a
20:47
Entzun
Alakrana Bermeoko atunontziko (Bizkaia) arrantzaleen egoerak asko egin du okerrera gaur. Izan ere, ontziko hiru arrantzale -euskal herritar bat eta bi galiziar-, Somaliako lurrera eraman dituzte bahitzaileek eta, Ricardo Blach Alakrana-ko patroiak Radio Euskadiri jakinarazi dionez, "hiru egun barru Espainiak [preso] dauzkan bi piratak askatu ezean, hiru arrantzale horiek hil egingo dituzte". Mehatxu hori egin dute piratek. Ondorioz, arrantzaleak aske uzteko piraten baldintza nagusia urriaren 4an atxilotu zituzten eta Espainian kartzelan dauden bi piratak askatzea da.

Blachek Cuatro Espainiako telebista kateko 20:20ko albistegian esan du ontzian dauden marinelek ez dutela mehatxuaren berri, kapitainak eta biek baino ez dakitela hori. "Nahiago izan dugu ez esatea haiei". Hiru arrantzaleen izenak ez ditu jakinarazi, "familiekiko errespetuagatik".

Patroiak gaineratu du hiru egunak igarota negoziazioek geldirik jarraitzen badute, beste hiru arrantzale Somaliara eraman eta hil egingo dituztela adierazi dietela bahitzaileek, eta horrela gertatuko dela eskifaiako gainerako kideekin. Itsasontziaren bahitzaileak "erabat drogatuta" daudela azaldu du Blachek; "batzuetan armak erori egiten zaizkie". Eskifaiako kideak "oso gaizki" daudela nabarmendu du. "Gaur denek hitz egin dute senideekin, eta bostek ez beste guztiek egin dute negar. Mehatxatzen gintuzten, baina ez genuen espero piraten gaurko erabakia".

36 kidek osatzen dute tripulazioa, eta zazpi euskal herritarrak dira. Itsasontzian 30 pirata inguru daudela dio Blachek, eta Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du, "berak bi pirata dituelako preso baina gu hemen 36 lagun gaude".

Piraten buruzagiak ontzira sartu dira

Ser Espainiako irrati kateak esan duenez, ontzian bertan sartu dira gaur piraten buruzagiak, armak eskuan zituztela -airera tiroak bota dituzte eta granada bat lehertu dute-, eta kideen askatasuna eskatzeko exijitu diete arrantzaleei. Hain zuzen, norberaren etxera deitzeko eskatu diete eta bi piraten askatasuna galdegiteko.

Dei horietako batean tripulazioko kide batek bere emazteari esan dionez, arrantzaleak ontzian "aparte" dauzkate, "sakabanatuta". Alakrana-ko patroiak ere baieztapen hori egin du, eta janaria badutela dio baina oso ur gutxi.

Erakundeek deitutako bilerak

Egoera zein den ikusita, Constantino Mendez Espainiako Defentsa Estatu idazkaria atunontzien elkarteetako arduradunekin batzartu da eta, besteak beste, Alakrana-n gaur izandako liskarrak aztertu dituzte.

Chacon Defentsa ministroak "lasai" egoteko eskatu die bahituen senideei, eta jakinarazi du Espainiako armadako bi ontzik eta hegazkin batek "bistan" daukatela Alakrana. "Ez dugu aukerarik baztertzen, baina ez dugu tripulazioko kideen bizitza arriskuan jarriko", adierazi du T5 Espainiako telebista katean Chaconek.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere premiazko bilera deitu du gaurko, eta bertan izan dira Pilar Unzalu eta Rodolfo Ares Arrantza eta Herrizaingo sailburuak eta Elena Espinosa Espainiako Gobernuko Arrantza ministroa.

Espainiako Gobernua, "ahal den fronte denetan etengabe ari gara lanean"

Urriaren 2an bahitu zuten Bermeoko ontzia Indiako Ozeanoan, Somaliatik 375 miliara. Espainiako Gobernua ari da bahitzaileekin negoziatzen. "Ahal den fronte denetan etengabe ari gara lanean: diplomazian, inteligentzian eta militarrean", esan du Chaconek. Mezu bera eman du Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako presidenteordeak: "Ahal dugun dena egiten ari gara".

Nazioarteari "piraten krimen industriaro askoz serioago" heltzeko eskatu dio Chaconek, eta gogoratu du beste ontzi daudela Indiako Ozeanoan bahituta.

Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak Espainiako Gobernua egiten ari den kudeaketa "ezin okerragoa" dela salatu du. Espainiari beharrezko guztia egiteko eskatu dio, Alakrana-ko arrantzaleak ahalik eta azkarren askatzeko. Itsasontziaren egoeraz eta egiten ari diren kudeaketez ere senitartekoei modu zuzenean eta garaiz abisatzeko adierazi du Bilbaok.

36 kidek osatzen dute tripulazioa, eta zazpi euskal herritarrak dira. Atzo Xabier Legarreta Bermeoko alkateak BERRIA.INFOko elkarrizketa digitalean zioen 36 haiek bahiketaz geroztik ontziko jantokian egiten dutela bizimodua. "Lantzean behin familiakoekin harremanetan jartzen dira. Dei laburrak egiten dituzte, gehienez hiru minutukoak. Arrantzaleen asmoa familia animatzea da, baina elkarrizketa nahiko laburrak izan ohi dira".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.