Hiru eleko ereduaren saioan parte hartzeko 47 eskaera jaso ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Ikastetxe publikoentzako epea apirilaren 15ean bukatu zen, eta aurreko urtean egindako deialdian baino 29 ikastetxe publiko gehiagok erakutsi dute bertan parte hartzeko asmoa. Hezkuntza Sailaren ustez, kopuru horrek «aurreikuspen guztiak gainditu ditu».
Hiru eleko egitasmoaren bigarren fasean parte hartzeko asmoa agertu duten ikastetxeen artean, Lehen Hezkuntzakoak dira gehienak, 30 guztira. Horrez gain, aurreko deialdian bezala, eskaera gehienak Bizkaitik heldu dira: 25. Gipuzkoako hamabost ikastetxek eskatu dute, eta Arabako zazpik.
Iazko deialdian izandako datuekiko aldea adierazgarria da. Hezkuntza Sailaren 2010eko deialdira hemezortzi ikastetxe publiko aurkeztu ziren, eta horietatik hamasei aukeratu zituzten ikasturte honetan abiarazi den egitasmoan parte hartzeko. Aurten 47 eskaera jaso ditu Hezkuntza Sailak, baina oraindik eskaera guztiak aztertu behar ditu batzorde teknikoak, eta behin betiko zerrenda jakinarazi.
«Lagin baliagarria»
Eskaeren artean mota guztietako ikastetxeak daudela jakinarazi du Hezkuntza Sailak. Hirietako zentro handiek edota horrenbeste ikasle ez dituztenek egitasmoan parte hartzeko asmoa agertu dute, eta horri esker «lagin adierazgarria eta baliagarria» lortu dela azaldu du Jaurlaritzak.
Datorren ikasturteko hiru eleko hezkuntzako saioak Lehen Hezkuntzako 4. mailan eta DBHko lehen mailan hasiko dira. Horrez gain, ikasturte honen hasieratik hiru eleko eredua abiarazi duten 40 ikastetxeek aurrera jarraituko dutela jakinarazi dute. Horien kasuan, Lehen Hezkuntzako 5. mailara eta DBHko 2. mailara iritsiko da egitasmoa.
Hiru eleko ereduan parte hartzea eskatu dute 47 ikastetxe publikok
Eskaera gehienak Lehen Hezkuntzako ikastegiei dagozkie, eta iaz baino 29 eskaera gehiago jaso ditu Hezkuntza Sailak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu