Harro dago erabakitzeko eskubidearen itsasoa, lehen galdeketa olatuak frogatu duenez. Aramaion, Debagoienean, Ispasterren, Gipuzkoako Goierrin eta Azpeitian, guztira 34 herritan, 36.888 lagun mobilizatu dira euskal estatu burujabe edo independentearen alde nahiz kontra botoa emateko. Horretarako eskubidea zuten hiru herritarretik bat joan da hauteslekura.
Emaitzei dagokienez, estatu burujabe edo independentearen aldeko iritziak nagusitu dira alde handiz. Oro har, 35.147 lagunek eman dute euskal estatu burujabe edo independentearen aldeko botoa; botoen %95 da hori.
Eskubidea aldarrikatzetik erabakiak hartzera igarotzeko une gisa planteatu izan du Gure Esku Dago dinamikak ekainaren 5a, eta biak uztartu dituzte herritarrek goizetik. Herriz herri antolatu dituzte festak, eta, esaterako, jendez bete da Azpeitiko plaza; Kataluniatik etorritako giza dorreak osatu dituzte bertan. Goierrin, berriz, Beasain izan da topagune nagusia; bertan eman dute iluntzean parte hartze datuen berri, giroa kontzertuekin berotuz.
Aldeak izan dira herrien artean; adibiderako, Azpeitian ia hamarretik lauk eman dute botoa; Goierriko zenbait herritan %70eko parte hartzea gainditu dute, baina txanponaren bestealdeko herriak ere izan dira; Zumarragan, %13 joan dira bozkatzera. Edonola, ilarak sortu dira hainbat lekutan botoa ematerakoan, eta 16 urteko gaztetxoak nahiz mendea betetzetik gertu daudenak joan dira hauteslekura.
Anjel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramaileak nabarmendu du "pauso garrantzitsua" izan dela gaurkoa: "Normaltasunaren terrenoa ari gara irabazten". Gogoan izan du sarri esaten diotela ea Katalunia edo Eskozia den Gure Esku Dago-ren eredua; hark erantzun du ez direla ez bata, ez bestea:" Euskal eredua da gurea, egiteko dagoena".
[Youtube]https://youtu.be/hNs7VFAeUgM[/Youtube]
Botoa baino gehiago
Galdeketak izan dira asteburuaren ardatza erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikari dagokionez, baina 34 herrietatik harago ere izan da dinamika; asteburuan zehar iragarri dute 2017an 60 herrik baino gehiagok osatuko dutela galdeketen bigarren olatua. 250.000 herritarrek izango dute orduan botoa emateko aukera.
Horrez gain, galdeketara begira jarri dira Donostia eta Getxo ere. Gipuzkoako hiriburuan hautetsontziak jarri dituzte, galdeketa antolatzeko adina babes badagoen neurtzeko. 2.000 lagunek eman dute botoa. Getxon, berriz, mila herritar baino gehiago elkartu dira, eta bertan aurkeztu dute galdeketa bat antolatzearen aldeko adierazpen bat.