«Zartagin ez-itsaskor bat, bihotz artifizial bat edo pixohial bat. Gauza erabat desberdinak lor daitezke polimeroen funtzionaltasunarekin eta arkitekturarekin jolastuz». Kimika Ingeniaritzako katedradun Jose Maria Asuak dio leku guztietan daudela polimeroak. Irudi lezake goi mailako ikerketa eguneroko bizitzatik urrun dagoela, baina garuneko gaitzen tratamenduan, energia berriztagarrietan edota garraioan daude haren ondorioak. «Airbus 380ren pisuaren %25 polimerozkoa da; %25 hori gabe, ezinezkoa litzateke hegazkina eraikitzea».
Hain justu, neurozientziak, nanoegiturak eta diseinu makromolekularra ikertzeko zentro bana jarri dute martxan EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak. Ia hiru milioi euroko inbertsioa egin du exekutiboak, Ikerbasque fundazioaren bidez. «Haizearen kontrako ahalegina» izan dela adierazi zuen atzo Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza, Ikerketa eta Unibertsitate sailburuak: «Gobernu zentrala murrizketa dramatikoak egiten ari da. Ikerketarako inbertsioa ia %25 moztuko du».
BERC Basque Excellence Research Centre deiturikoen sarea osatuko dute hiru zentroek. Bikaintasunezko ikerketa egingo dute, unibertsitateari lotuta. Izatez, EHUko irakasle eta ikertzaileak izango dira zentrootako zuzendariak: Carlos Matute Anatomia eta Neurobiologiako katedradunak gidatuko du Achucarro Basque Centre for Neuroscience; Jose Manuel Barandiaran Fisika Aplikatuko katedradunak zuzenduko du Basque Centre for Material, Applications and Nanostructures; eta Jose Maria Asua arduratuko da Polymat zentroaz.
Hamahiru proposamenen artean hiru horiek aukeratu ditu Ikerbasquek, «I+G arloan aukera estrategikoak» direlakoan, Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendariak adierazi duenez: «Produkzioa, inpaktua eta itzulera ekonomiko zein soziala hobetzea da asmoa». Berriki jarri dituzte martxan hiru zentroak, eta 2016an jarduna egonkortzea espero dute; orduan guztira ia 300 langile edukitzea aurreikusten dute, ikertzaileak eta teknikariak batuta.
Hala, etorkizunera begirako ekintzak gauzatzen ari da Jaurlaritza, Zelaaren hitzetan, nahiz eta baliabide mugatuak izan: «Krisian egon arren, eta krisian gaudelako». Sailburuak berretsi du «produkzio eredua aldatzeko» urratsa dakarrela ikerketan inbertitzeak. Hartara, Espainiako ikerketa sistema handiegia dela iradokiz Madrilgo gobernuak egindako adierazpenei erantzun die, eta gogora ekarri du «bilakaera asimetrikoa» egoten dela zientziaren esparruan: «Urte asko behar da giza talde bat eraikitzeko, eta hilabete gutxi taldea suntsitzeko».
Ildo beretik mintzatu da Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, unibertsitatearen eta ikerketaren loturaz. Gizartearen etorkizuna eta ongizatea berrikuntzan daudela azaldu du, «eta berrikuntza egon dadin, ezagutza sortu behar da». «Ez ikertzeak mendekotasunera kondenatuko gintuzke, eta mendeko gizartea ez-eraginkorragoa, pobreagoa eta ezjakinagoa litzateke».
Hiru ikerketa zentro jarri dituzte abian, «mozketa haizeen aurka»
Ia hiru milioi euroko inbertsioa egin du Jaurlaritzak, EHUrekin batera bikaintasun guneok sortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu