Azpiegiturak

Hiru kilometroko tunel bik Getxo eta Portugalete lotuko dituzte

Bilboko itsasadarra lur azpitik zeharkatzearen aldeko apustua egin du Bizkaiko Diputazioak, Arrondegiko zubiaren trafikoa arintzeko. Artazako biribilgunetik Ballontiko ardatzera joango dira tunelak, erabilera doakoa izango da, eta 2027rako egongo dira prest. 53.000 ibilgailuk erabiliko dituztela aurreikusi dute.

Arrondegiko zubia. WIKIPEDIA
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko maiatzaren 10a
07:15
Entzun

Hamarkada bi igaro ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Arrondegiko zubiaren (Barakaldo, Bizkaia) trafikoa arintzeko moduaren bila. Azken urteetan hainbat aukera izan ditu mahai gainean; besteak beste, Lutxanako eta Axpeko zubiak. Baina azkenean Bilboko itsasadarren bi ertzak lotzeko lurpetik joango den azpiegitura egitea erabaki du. Hala jakinarazi du Unai Rementeria ahaldun nagusiak, gaur goizean egindako agerraldian. Arrondegiko zubia egunero igarotzen duten ibilgailuen herenak erabiliko dute azpiegitura berria: 53.000k.

Getxoko Artazako biribilgunea eta Portugaleteko Ballontiko ardatza lotuko dituzten tunel bi eraikiko dituzte: norabide bakoitzerako bana, eta tunel bakoitzean errail bi. Gainera, errepidearen azpian joango den beste maila batean, garraio publikoarentzako pasabidea eraikiko dute, baina oraindik zehazteke dago zeinen aldeko apustua egingo duten. Trena eta autobus elektrikoa dira aukeretako batzuk. Udan esleituko da proiektua egin aurreko azterlana. 

Agerraldian Bilbo Hegoaldeko Saihesbideaz ere hitz egin du Rementeriak. Iragarri du ordainpeko errepide hau eta AP-68 autobidea lotzeko lanak udan esleituko direla. 2023rako bukatuko dute eta 200 milioi euroko aurrekontua izango du. Saihesbidearen obra hauek bukatutakoan hasiko lirateke Getxo eta Portugalete lotuko dituen tunela eraikitzen. Beste 380 milioi euro inbertituko dira horretan. Guztira, 580 milioi euro. Bi proiektu hauekin diputazioak Bizkaiko errepide sarean trafiko arazo larrienak dituzten hiru zonaldeak arindu nahi ditu: Leioako Avanzadako errepidea, Arrondegiko zubia eta Max Center merkatalgunearen ingurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.