Arratsaldeko lauak hogei gutxi aldera abiatu da Baionako Lauga Salatik eta bostak pasatxo zirela heldu da San Andres plazara, amaiera lekura.
'Euskara jalgi hadi eskolara' jartzen zuen banderolak zabaldu du martxa ibilbide guztian; Hiru Sareta elkarteko arduradunek, eta ikastoletako zein eskola elebidunetako gurasoek eraman dute.
Hiru mila parte-hartzaileen artean asko ziren aurpegi ezagunak: euskaltzaleenak, kulturgileenak eta alderdi abertzaleetako buruzagi eta hautetsienak. Alderdi horietatik kanpo, ordea, politikari gutxi: Berdeen eta Elgarren ordezkariak baino ez.
Poliziaren presentzia nabarmena
Poliziaren presentzia, berriz, handia izan da; normalean tankera horretako manifestazioetan izaten dena baino handiagoa.
Nolanahi ere, manifestariek lasai bete dute aurreikusitako ibilbidea, eta arratsaldeko bostak pasatxo zirela heldu dira San Andres plazara, ekitaldia han amaitzeko.
Hiru Saretak bereziki lau puntu aipatzen ditu Frantziako Gobernuari euskara desagerrarazteko ahalegina leporatzeko:soziolinguistika inkestaren emaitzak zalantzan jartzea, euskararen transmisiorako ahalak murriztea eskoletan, gela elebidunak ez irekitzeko prozedura diskriminatzailea ezartzea indarrean eta nazioarteko hitzarmenaren 30. artikulua ez errespetatzea.
«Hori guztia kontuan harturik erraza da ondorioa iragartzea: euskarazko irakaskuntzak duen egoera atxikiz eta ez bazaizkio beharrezko ahalak ematen, hogei urteren buruan euskara kasik desagertuko da Iparraldean», azaldu zuen Josianne Libier Baga Biga elkarteko presidenteak manifestazioa aurkeztu zutenean. Hiru Sareetako ordezkariek berehalako neurriak har ditzala eskatu diote Frantziako Gobernuari. Hiru Sareta egiturak Frantziako ordezkarien hitzen eta ekintzen artean dagoen desoreka gogorarazi du egunotan: «Batetik euskararen aldeko hitzak dituzte, baina, bestetik, ez dute betetzen esaten dutena. Egunerokoan frogatzen dute ez dutela egiazko konponbidea atzemateko borondaterik. Gakoa haien eskuetan dago, haiek dute erabakia», agertu zuen Ixabel Xarriton Seaskako presidenteak.
Euskarazko irakaskuntza