gizartea

Hiru mila urte baino gehiagoko meatzeak aurkitu dituzte Aralarren, Arritzagan

Luzeran 400 metroko zanga bat antzeman daiteke lurrazalean, eta galeriak 50 metroko sakoneraino iristen dira.

2011ko martxoaren 22a
15:14
Entzun

Duela 3.000-3.300 urte bitartean zulatzen hasi ziren meatzeak aurkitu dituzte Aralarren, Arritzagan, gaur Felix Ugarte elkarteko jakinarazi duenez. Brontze arokoak direla ziurtatu dute Felix Ugarte elkarteko presidente Txomin Ugaldek eta Mertxe Urteaga proiektuaren arduradunak.

400 metro luze den zanga bat dago bertan, eta zenbait tokitan 50 metroko sakonera ere iristen dira galeriak. “Mendebaldean horrelako kasu gutxi aurkitu dira. Galesen, Europako erdialdean eta Iberiar penintsulan bi baino ez”, esan du Urteagak.

Ugarte elkartearen arabera, garai hartan teknikoki aurreratuta zeuden, eta ez zen autogestiorako meategi bat, produkzio handia zeukana zela ikus baitaiteke. Kobre asko aurkitu dute; beraz, gehienbat mineral hori ustiatzen zutela uste dute, nahiz eta beruna eta bestelakoak ere hartzen zituztela dioten proiektuaren arduradunek.

Duela 2.800 urteko aztarnak ere badaude Arritzagan, baita erromatarren garaikoak ere. Galeriak eta potzuak topatu dituzte eta, azterketa batzuk egin dituzten arren, Ugaldek garbi dauka oraindik asko falta dela. Dena dela, lasai hartu beharrekoa dela gogoratu du. “Oso arriskutsua da eta, hortaz, segurtasun handiarekin eta presarik gabe egin beharrekoa da. Zenbait tokitan sartu gara, baina beldurra ematen zuen han egoteak”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.