Hiru minutu. Hegazkin faxistek ez zuten gehiago behar izan Durango (Bizkaia) txikitu eta 300 herritarretik gora hiltzeko. Martxoaren 31n gertatu zen, orain dela 75 urte. Sarraskia ukatu zuten guda hartatik garaile irten zirenek, eta, 75 urte geroago, Espainiak ez du onartu erasoan izan zuen erantzukizuna.
Zilar Astea antolatu dute herriko hainbat eragilek, gertatutakoa gogoratzeko. Herenegun, ibilbide bat egin zuten bonbardaketek kalte egindako lekuak ezagutarazteko. Bestalde, Durangoko Udalak deituta, atzo gogoratu zituzten biktimak, urtero legez, herriko hilerrian, ekitaldi batean. Egun hura bizi izan zutenei ere omenaldia egin zieten. Jon Irazabal historialariarekin eta Isabel Agirrebeitiarekin hitz egin du BERRIAk, Durangoko eta Euskal Herriko historiaren une lazgarrienetako bat gogora ekartzeko. Gerra zibila Durangaldean 1936-1937 liburua aurkeztu berri du Irazabalek, eta bonbardaketak bertatik bertara bizi izan zituen Agirrebeitiak.
Gertaera sakon aztertu du Irazabalek. Martxoaren 31ko goizean izan zen bonbardaketa nagusia, 08:30 aldera. Matxinoen aldeko Mola generalaren agindupean, hegazkin italiarrek Elorrio bonbardatu zuten lehenbizi, eta Durango ondoren. Alde zaharrean zegoen Andre Mari elizak izan zuen kalte gehien. Mezetan zeuden une horretan, eta, arkupeetan, baserritarren azoka zegoen. Bertan jaurtitako bonbek eragin zuten hildako gehien. Arratsaldean, beste bonbardaketa bat egin zuten Durangon, tren geltokian. Hain zuzen, Durango zelako Bilbo eta Donostia arteko trenbidearen gunerik garrantzitsuena. Hurrengo egunetan ere, apirilaren 2an eta 4an, airez erasotzen segitu zuten hegazkin faxistek, baina gutxiago izan ziren hildakoak. Gudariak ziren, batez ere, apirileko erasoetan hildakoak. Ez horrenbeste zibilak, inguruko herrietara ihes egin zutelako askok.
Aitzindari tristea izan zen Durango; han egin zuten aurreneko aldiz zibilen aurkako airezko erasoa. Gerrarako era berri bat frogatu zuten, eta sistema hori bera erabili zuten geroago Bigarren Mundu Gerran. Hiru minutuko erasoa baino ez zuten behar izan herria txikitzeko. 26 egun geroago, Gernikan, hiru orduz aritu ziren bonbak jaurtitzen. «Nurenbergen nazismoaren buruzagiak epaitu zituztenean, han bertan aitortu zuten 1936ko guda saioak egiteko gune izan zela», esan du Irazabalek.
336 hildako zenbatu ditu Gerediaga elkarteak, nahiz eta jakin gehiago ere izango zirela. Durangarrak asko, baina baita Gipuzkoa aldetik ihesi joandako errefuxiatu ugari ere. Garai hartan, 2.800 errefuxiatu inguru zeuden Durangon, eta 8.000 edo 9.000 biztanle inguru zituen herriak. Bi bandoen aldeko hildakoen izenak eman ditu Irazabalek liburuan. Izan ere, erasoa zibilen aurka izanik, bi aldeetako durangarrak hil ziren: «Bonbardaketak oso demokratikoak dira; bonbek ez dituzte desberdintzen gorriak eta urdinak».
Kontakizun ukatua
Bonbardaketaren dramaz aparte, gertatutakoaren kontakizunaren drama bizi izan zuten askok, Irazabalen esanetan: «Seme-alabak galdu zituzten, eta ezin izan zuten ezer kontatu, irabazleen arabera, ez baitzen bonbardaketarik gertatu. Jende askorentzat, hori da tragedia». Ukazio hori berretsi du Agirrebeitia durangarrak: «Esan zuten errepublikaren aldekoek bonbardatu gintuztela. Nola, baina, abioi bat bera ere ez bazuten? Lotsabakoak!».
Hamar urte betetzekotan zen Agirrebeitia hegazkinek herria leherrarazi zutenean. Neskato bat zen orduan, baina garbi gogoratzen ditu 1937ko martxoaren 31ko goizaldean eta arratsaldean gertatutakoak. «Aita goizeko zortzietan sartzen zen beharrera. Kontuz ibiltzeko esan zion amari, Anboto ondotik bueltaka zebiltzalako abioiak». Durango kanpoaldean bizi ziren, Zabarte baserrian. Hasiera batean, bizilagunek zalantzak izan zituzten ea hegazkinek botatakoa propaganda ala bonbak ziren; agudo ikusi zuten lehergailuak zirela, kea nagusitu zenean.
Arratsaldeko erasoa ere nozitu zuen Agirrebeitiak. Ihes egiten saiatzen ari zirenak metrailatu egin zituzten: «Itzelean bajatzen ziren». Kobazulo batean ezkutatzen ziren goizetik, eta iluntzean itzultzen ziren etxera. Agirrebeitia onik atera zen erasotik eta ondorengo ihesetik. Baita haren gurasoak ere, baina ez zuten halako zorterik izan osabek; preso eraman zuten bat, eta langile batailoi batera bestea.
Santanderreraino (Espainia) joan ziren ihesi Agirrebeitia eta haren aita-amak. Bilbora, Begoñara joan ziren, eta, dioenez, Gernikako bonbardaketa ikus zitekeen handik: «Gautu zenean, laino gorri baten moduko bat ikusten zen». Handik Karrantzara joan ziren, eta, ondoren, Santanderrera. Urrian itzuli zen Durangora, eta suntsituta topatu zuten herria. Ondoko etxeari su eman zioten, baina eurenak ez zuen kalterik, eta ondasunik ere ez zieten lapurtu, beste etxe batzuetan gertatu zen ez bezala.
Gudan garaile izan zirenen ondotik sortutako erregimenak ez zion bakerik ekarri. «Gizon batekin ezkondu nintzen, eta haren etxeko mutil nagusia Santanderren desagertu zen. Ez zuten gehiago izan haren berri». Susmoa du «bide bazterren batean» lurperatu zutela. Biktimen aitortzaz, barkamenaz eta erreparazioaz zer esana badu Agirrebeitiak. Ez dago ahazteko prest, baina bai barkatzeko, inork barkamena eskatu balio: «Barkamena eskatu behar dute. Esaten dute ETAkoek barkamena eskatu behar dutela, baina haiek eskatu al dute ba barkamenik jendea akabatu eta errepide bazterrean uzteagatik?».
Hiru minutu; 75 urteko samina
Atzo bete ziren 75 urte hegazkin faxistek Durango suntsitu zutenetik. Historian aurrenekoz, zibilak zituzten aire erasoen jomugan. Genozidioa ez du inork bere gain hartu, baina herritarrek ez dute gertatutakoa ahaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu