Hiru urteko espetxe zigorra bete beharko du Intza Oxandabaratzek, Frantzian

Urtebeteko zigorra ezarri dio epaileak, eta aitzinetik zituen bertze bi urteak gehitzeko eskatu du.Protesta egin dute Donibane Garazin

Elkarretaratzea egin zuten atzo Donibane Garaziko herriko etxearen aitzinean. BOB EDME.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Intza Oxandabaratzi urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio Parisko Dei Auzitegiak, eta aitzinetik bete gabe zuen bertze bi urteko kondena gehitzea galdegin du. Hartara, orotara hiru urte bete beharko ditu espetxean Oxandabaratzek. Maritxu Paulus Basurko abokatuak azaldu duenez, bortz eguneko epea dute Auzitegi Gorenean helegitea jarriko duten ala ez erabakitzeko. Mementoko, aukerak aztertzen ari dira, eta ez dute jakinarazi zer eginen duten. Libre Baxe Nafarroa-k protesta egin zuen atzo arratsaldean zigorra salatzeko, Donibane Garaziko herriko etxearen aitzinean.

2011n hasitako kasu batengatik kondenatu du Parisek Oxandabaratz, ETAko kidea izatea egotzita. Haren DNA bi urte lehenago topaturiko zulo batean aurkitu izana argudiatzen du epaileak, hain zuzen. Defentsak, ordea, maiz salatu izan du frogak gaizki erabili izan direla. Paulus Basurkok gogoratu duenez, hain justu, DNA berriro ikertzeko eskatu zuten, baina ezin izan zuten halakorik egin, laginak desegin egin zituztelako. «DNArik ez dago gehiago, eta, beraz, hasieratik galdetu izan dugu argudio hori eztabaidatik kanpo uztea. Hori kanpo utziz gero, Intzaren aurkako elementurik ez zegoen. Beraz, errugabe atera behar zen epaiketa horretatik. Ulergaitza da».

Aitzineko bertze bi urteko kondena 2007ko kasu batengatik zuen Oxandabaratzek. Epailearen esku zegoen horiek gehitu ala ez, baina «espresuki» eskatu zuen betetzeko, abokatuaren arabera. 2011n atxilotu zutenean espetxean pasatu zituen hiru hilabeteak kenduta, beraz, ia hiru urterako egon beharko du kartzelan.

Auzitegi Gorenean dei egitea erabakiz gero, zigorra eten eginen dute helegitea aztertu arte. Eta, bertzela, bortz egunen buruan joan beharko du kartzelara Oxandabaratzek.

Sostengu zabala

Atzo arratsaldean Donibane Garazin eginiko elkarretaratzean, 120 lagun inguruk salatu zuten Oxandabaratzi ezarritako kondena. Azken hilabeteotan, halaber, babes zabala jaso izan du herritar eta hautetsien aldetik. Urtarrilean, erraterako, sentsibilitate politiko ugariko 217 hautetsik eman zioten sostengua, eta 1.600 lagun inguru elkartu ziren haren eta Aurore Martinen alde Donibane Garazin eginiko manifestazioan. Segurako polizia operazioan atxiloturiko ezker abertzaleko bertze 34 militanterekin batera epaituko dute Martin, 04/08 sumarioaren barnean. Urtarrilean egitekoa zen auzia heldu den azaroaren 12ra pusatu du epaileak. Lehenago ere gibelatua zuten urriaren 13ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.