Hiru urteko zigorra, elkartasun zozketarako txartelak zituelako

AAMk salatu du Espainiako Gobernuak elkartasunari erasotzeko «obsesio berezia» duela azken urteotan

Erredakzioa
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Lander Fernandez euskal preso ohiari hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, euskal presoekiko elkartasun zozketa bateko txartelak izatea egotzita.

Aurreko ostegunean, urriak 25, epaitu zuten Fernandez, Madrilen. Sei urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak «erakunde terroristari laguntzea» leporatuta. Hala ere, epaileak erdira jaitsi zuen zigorra «erakunde terrorista lagundu» beharrean «laguntzen saiatu» zela argudiatuta.

2008ko abuztuan, Algortako (Getxo, Bizkaia) Portu Zaharreko jaietara zihoala atzeman zuen Guardia Zibilak. Kontrol batean gelditu zuten, eta zozketarako 300 txartel kendu zizkioten.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) adierazi du elkartasun zozketaren helburua «sakabanaketak eta espetxe politikak eragindako gastu izugarriak arintzen laguntzea» dela. «Presoen eta senideen aldeko elkartasun ekonomikoa gauzatuz».

Zozketako txartelak «ehunaka euskal herritarrek» saltzen dituztela gaineratu du AAMk, eta «milaka eta milaka» direla txartelak erosiz parte hartzen dutenak. Zozketa «auzolanean aurrera eramaten den elkartasun ekimen ezaguna» besterik ez dela azaldu du.

Espainiako Gobernuak, baina, azken urteotan elkartasunari erasotzeko «obsesio berezia» erakutsi duela salatu du.

Horregatik, Fernandezi elkartasuna adierazi dio AAMek, eta elkartasun keinuak biderkatzeko deia egin du.

Ertzaintzak jarraitua

Aldez aurretik ere birritan kartzelan egondakoa da Fernandez. 2003tik 2008ko urtarrilera Boys D'Arcyko kartzelan (Frantzia) egon zen «gaizkileen elkarteko kide izatea» leporatuta. Zigorra beteta utzi zuten aske.

Urtebete beranduago, 2009ko ekainean, bi astez egon zen kartzelan; ekainaren 14an atxilotu zutenetik, harik eta 40.000 euroko bermea ordainduta libre geratu zen arte. Kutxazain bat erasotzea egotzi zioten.

Iaz, salaketa judizial eta publikoa egin zuen Fernandezek, Ertzaintzaren aldetik bahitua eta galdekatua izan zela salatzeko. Haren esanetan, hiru ertzainek indarrez atxiki, auto batean sartu, inork ikusi ezin zituen gune batera eraman, eta poliziari laguntzeko eskatu zioten; eta eskatutakoa egin ezean, hamar urterako espetxeratuko zutela esanez mehatxatu zuten. Ordutik, egunero jarraika zituela kontatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.