Hiru urtez, aparte

Gaur hiru urte egin ziren udal hauteskundeak Hego Euskal Herrian, 225 hautagaitza baliogabeturen parte-hartzearekin

Imanol Murua Uria.
2006ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Urkabustaizen (Araba) zinegotzi izan dira orain gutxi arte Jesus Etxeberria eta Jose Antonio Murga, baina martxoaren bukaeran utzi egin dute kargua. «Bake prozesu itxaropentsu honi laguntzeko ekarpena» egiteko asmoarekin eman zuten dimisioa bi jeltzaleek, ohar batean azaldu zutenez. Eta ez zegozkien karguak zituztela eman zuten aditzera, zuzenean esan gabe. Izan ere, Jagoba Alvarez PSE-EEko kide ohiak Elorrion (Bizkaia) zinegotzi kargua hartzeari uko egin zionean egindako gogoetak bere egin zituzten: «Sozialista gisa ezin dut onartu herritarren erabakiz beste zerrenda bati dagokion kargua», adierazi zuen Alvarezek joan den urtarrilean, beste zinegotzi batek utzitako hutsunea hartzeko eskaerari ezezkoa eman zionean.

Bi salbuespen besterik ez dira, beste 98 salbuespenekin batera. Gaur hiru urteko udal hauteskundeetan 150.000 bototik gora lortu zituzten ezker abertzaleko 225 plataforma legez kanporatuek. 472 hautetsi zegozkien, boto kopuru horren arabera, plataformek egindako zenbaketaren arabera. Emaitza ofizialek gainerako alderdiei eman zizkien kargu horiek, eta 66k salbu, gainerakoek hartu egin zituzten. «Zinegotzi lapurrak» izan dira, geroztik, Batasunarentzat eta ezker abertzaleko plataformentzat. Arazoak, funtsean, lehengoan jarraitzen du hiru urteren buruan ere, baina izan da gora-beherarik: esate batera,garai hartan kargua hartutako 34k dimisioa eman dute.

Bitarte horretan, dimisioak eskatuz kanpainak egin izan dituzte ezker abertzaleko hautagaitzek. Besteak beste, herri plataformei zegozkien karguak hartu zituzten zinegotziei lapurreta egotziz afixak jarri izan dituzte, herrian herriko hautetsien izen-abizenekin. Presioa eta mehatxuak salatu izan dituzte gainerako alderdiek, bereziki EAJk eta EAk.



JOKABIDEAK. Alderditik alderdira izan da alderik, arazoari aurre egiteko jarreran. Karguak hartzea izan da EAJren eta EAren jarrera orokorra: ezker abertzaleko plataformen zenbaketaren arabera, ez dagozkien 207 hautetsi kargu dituzte bi alderdien artean, baina emaitza ofizialen arabera eurenak diren 70 ez dituzte hartu. Egoera honen ondorioz, «dagozkionak baino 32 gehiengo absolutu gehiago ditu» EAJ-EAk. Irizpide berarekin jokatu dute UPN-PPk, PSOEk eta EBk, baina salbuespen gutxiagorekin, proportzioan.

Aralarrek, berriz, legez kanporatuei zegozkien karguak ez hartzea izan du irizpide nagusi: hamar kasutan horrela jokatu du, baina salbuespena egin zuen Leitzan (Nafarroa), bestela alkatetza UPNk hartuko zuela argudiatuta.

Guztien jokabidea berdin gaitzetsi izan du, ordea, ezker abertzale legez kanporatuak, karguak hartu ez dituzten kasuetan ere ez dituztelako «itzuli», Espainiako hauteskunde legeko 182.2 artikulua baliatuz. Arau horren arabera, zinegotzi batek dimisioa eman ondoren zerrendan hurrena datozen guztiek kargua hartzeari uko egiten badiote, edozein herritar izendatzeko aukera du hautagaitza horrek. Oraingoz, Azkoitian baino ez da gauzatu bide hau, Batera hautagaitzak ezker abertzaleko kide bat izendatuta.



PARTE-HARTZEA. Alde handia dago udaletik udalera, kanpoan gelditu diren plataformen parte-hartzea bideratzeari dagokionez. Oro har, parte-hartze normalizaturik ez da lortu: gehienetan, hautetsi legez kanporatuek hitza hartzeko aukera izaten dute osoko bilkuretan (gainerako herritarren eserlekuetatik batzuetan, leku bereziagotik beste batzuetan), batzordetan parte-hartzeko aukera badute askotan, udal gaietako informazioa eskuratzen dute (trabekin, sarritan)... baina botorik ez dute erabakiguneetan.

Badira salbuespen gutxi batzuk: dozenatik gora herritan, boto baliogabeen arabera plataformei zegozkien aulkiak hutsik utzi zituzten lekuetan batik bat, zinegotzien pare jokatzen dute plataformetako kideek, osoko bilkuretan botoa ere emanez, zinegotzien eserlekuetatik. Alkate abertzaleko herriak dira, PSE-EEko edo PPko ordezkaririk gabekoak gehienak.

Beste muturreko salbuespenak ere badira, ordea: Gasteizen eta Iruñean, eta beste hainbat lekutan, udaletxera sartzen ere ez diete uzten ezker abertzaleko kideei.

[email protected]





############





LeGe auKera

Espainiako Hauteskunde Legearen 182.2 artikulua. «Zerrendako hautagai guztiak hilko balira edo karguari uko egingo baliote, eta kargu hori betetzeko hautagai edo ordezko gehiago egongo ez balitz, hutsune hori adin nagusiko edozein herritarrek bete dezake. [...] Ordezkoen izendatzea hautetsia galdu duen alderdi, koalizio, federazio edo hautesle elkargoak egin beharko du».





Kasu BerezIaK

Salbuespenak Gipuzkoan

Aizarnazabal, Hernialde, Irura, Leaburu, Itsasondo . Ezker abertzaleko plataformak nagusitu ziren hauteskundeetan bost herri hauetan, boto baliogabeak kontuan hartuta. Emaitza ofizialen arabera, EAJ-EA koalizioak irabazi zituen hauteskundeak, baina inork ez zuen kargurik hartu. Geroztik, aurreko udalbatzek jarraitzen dute agintean, 1999an Euskal Herritarrok koalizioaren izenean aukeratutakoek, alegia. Estatuko Fiskaltza Nagusiak ikerketa abiatu zuen 2005ko urte hasieran, bost udal horietan Alderdien Legea urratzen ari ote ziren aztertzeko, eta Gipuzkoako Fiskaltzak aginduta bi guardia zibil herriz herri ibili ziren, galdezka. 2003ko emaitzen arabera, modu honetan banatu beharko lirateke zinegotziak: Aizarnazabalen plataformak 5 eta EAJ-EAk 2; Hernialden plataformak 4 eta EAJ-EAk 3; Iruran plataformak 5 eta EAJ-EAk 2; Itsasondon plataformak 4 eta EAJ-EAk 3; Leaburun plataformak 5 eta EAJ-EAk 2.



Lizartza. Plataforma baliogabetuari ordezkaritza emateko ahalegina egin zuen Lizartzako alkateak, Joseba Egibar EAJko GBBko lehendakariak, 2004ko udan. Zazpi zinegotzietako hiruk kargua ez zuten hartu, eta hauteskunde legeko 182.2 artikuluak ematen duen aukera baliatuta, ezker abertzaleko hiru lagun izendatu zituen zinegotzi, horietako bi Axurdario plataforman aurkeztutakoak. EAJko EBBk, ordea,Egibarren erabakia atzera botatzea erabaki zuen, lau orduko bileran. Ohar baten bidez azaldu zuenez, EAJk «ezin ditu bere gain hartu» Lizartzako hiru zinegotzi izendatu berriek, «alderdikoak ez izanik», EAJren izenean «egin ahalko lituzkeen ekintzak edo jarrerak». EAJk Egibarren erabakia ez onartzeko eskatu zion idatzi baten bidez Hauteskunde Batzordeari, eta bertan behera gelditu zen alkatearen asmoa. Boto baliogabeak ere kontuan hartuta, bost zinegotzi dagozkio Axurdario plataformari, eta bi EAJri.



Azkoitia. Kimue plataformako baliogabetutako hautagai bat, Asier Larrañaga, zinegotzia da Azkoitiko Udalean, joan den ekainaz geroztik. Hauteskunde Legeko 182.2 artikulua baliatuta, Batera hautagaitzako zinegotzietako batek kargua utzi eta zerrendan hurrena zetozen guztiek karguari uko egin ondoren, Kimueko kidea izendatu zuen zinegotzi Baterak berak. Alegaziorik ez zen izan, eta Hauteskunde Batzordeak onartu egin zuen izendapena. Espainiako Gobernuko ordezkari Paulino Luesmak Azkoitian gertatua ikertzeko eskatu zion Estatuaren Abokatuari, lege iruzurra egin zutelakoan. Emaitza ofizialen arabera, 11 zinegotzi ditu EAJ-EAk, 4 Batera-k eta bana PSE-EEk eta PPk. Boto baliogabeak kontuan hartuta, hiru zinegotzi zegozkion Kimue hautagaitzari: bi EAJ-EAk ditu, eta bestea Kimuek berak du orain, Bateraren eskutik.





############

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.