Sanferminak / entzierroa

Hirugarren entzierroa luzea eta arriskutsua izan da

Sanferminetako hirugarren entzierroa aurreko bien oso desberdina izan da. 'Nuñez del Cuvillo' ganadutegiko Zezenak bakoitza bere aldetik ibili dira, arrisku ugari sortuz. Lau lagunek adarkada jaso dute, eta zaurituak ugari izan dira. Bi zezen atzean geratu dira, askotan eman dute buelta, eta zeharo galduta ibili dira. Horrek arriskua asko handitu du, eta entzierroa luzatu du (4:42). Santo Domingoko aldapan hasi da zezen taldea zatitzen, eta plazara iristerako guztiz bananduta zeuden.

2004ko uztailaren 9a
11:06
Entzun
23 urteko sabadeldar (Herrialde Katalanak) bat da adarkada jasotako hiru lagunetatik larrien dagoena (hiru zezenek harrapatu dute), 15 zmtako adarkada du eskuineko izterrean; Nafarroako erietxean dago. Adarkada jaso duten beste biak Bideko Ama erietxean daude: 58 urteko gizon batek adarkada arina jaso du besoan, eta 25 urteko gizonezko batek ezkerreko izterrean.

Atea ireki eta berehala, Santo Domingo aldapan, zezenak taldearen aurrekaldean jarri dira. Azkar abiatu dira, indartsu.

Segituan hasi dira sakabanatzen, eta Mercaderes kalean hasi dira arrisku une larrienak. Kale hartan mutil bat hiru zezenek jo dute, eta batek adarkada eman dio: erori egin da eta zezen batek zapaldu egin du; altxatzen saiatu da, eta horretan ari zela atzetik zetorren beste zezen batek adarra sartu dio eskubiko izterrean; bigarrengoz, altxatzen saiatu da, eta hirugarren zezen batek zartako handia eman dio bizkarrean. 23 urteko katalan bat da.

Estafeta kalean bakoitza bere aldetik joan denez, arrisku uneak ugari izan dira.

Zezen gorri bat eta beltz bat atzean geratu dira. Elkarren nahiko gertu ibili dira, zeharo galduta, eta arrisku ugari sortuz. Behin baino gehiagotan eman dute buelta, eta kontrako norabidean jarri. Hala ere, ez diote eman adarkadarik inori. Erorikoak eta zartakoak ugari izan dira.

Bukaeran, azken bi zezenak plazara iritsi eta entzierroak amaitzera zihoala zirudienean, ikuilura sartzeko gogo gutxi erakutsi dute bi zezen horiek, eta minutu bat inguru kostatu zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.