Historia luzeko gaixotasuna

Mendeetan gaixotasun heredagarria zela pentsatu zen, baina Robert Kochek frogatu zuen kutsagarria zela. Tuberkulosiaren aurkako tratamendua topatzeko giltzarria izan zen hori.

ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Tuberkulosia 18.000 urte baino gehiagoko historia duen eritasuna da. Mendeetan heredagarria zela uste izan zen. Izurrite zuria deitu zitzaion. Robert Koch medikuak, ordea, frogatu zuen ez zela horrela. Baieztapen hori giltzarria izan zen, ondoren gaitzari aurre egiteko tratamendu eta botika egokiak lortzeko. Bidean, ordea, milioika pertsona hil ziren gaitzak jota. Tartean izan ziren hainbat eta hainbat pertsona ospetsu: braille sistemaren asmatzaile Louis Braille, Frederic Chopin musikagilea, Enrico Caruso tenorea, eta Franz Kafka, Friedrich Novalis, Gustavo Adolfo Becquer eta Friedrich Schiller idazleak, besteak beste.

Gaitzaren lehen aztarnak orain18.000 urte inguru agertu ziren, bisonteetan. Hala, gaixotasuna gizakiengana igaro zen ondoren. Kristo aurreko 4.000. urtean agertu ziren gaixotasunaren lehen arrastoak gizakiarengan.

Hipokratesek thisis hitz grekoa erabiltzen zuen tuberkulosia izendatzeko. 1839. urtean, J.L. Schonleinek tuberkulosi hitza erabili zuen, eta hortik datorkio izena.

Hipokratesen garaitik hasi eta XIX. mendearen erdialdera artegaixotasuna heredagarria zela uste izan zen. Garai hartan Industria Iraultza gertatzen ari zen Europan, eta jende pilaketa ikaragarria zen hiri eta herri handietan. Hala, tuberkulosia erruz zabaldu zen. Hil ziren zazpi pertsonatatik bat gaixotasunaren ondorioz hil zen.

Orduan, 1881ean hasi zen Robert Koch medikua tuberkulosiaren inguruan ikerketak egiten. Hala, gaitzak kutsatutako ehunak ikertzen hasi zen mikroskopio bidez. Ez zenez ezer ikusten, tindatu egin zituen: baziloak urdinez eta ehunak marroiz.

Ondoren, bakterioaren elementu puruak lortu zituen, eta haietatik hartutako mikroorganismoak osasuntsu zegoen sagu bati inokulatu zizkion. Sagua gaixotu egin zen, eta Kochek zera egin zuen: berriz ere bakterioa isolatu eta beste bati inokulatu. Sagu hura ere tuberkulosiarekin kutsatu zen. Hala, tuberkulosiaren baziloa identifikatu, etabaieztatu zuen gaixotasuna ez zela heredagarria, kutsagarria baizik. Mycobacterium tuberculosis izena jarri zioten baziloari. Baziren Kochen baziloa izena jarri ziotenak ere.

Behin hori argituta, haren kontrako botikak eta txertoak asmatzeari ekin zioten. 1906an BCG Bacilus of Calmette and Guerni txertoa garatzen hasi ziren Albert Calmette eta Camile Guerin. Frantziako Pasteur institutuan aritu ziren lanean, eta 1921erako eraginkorra zela ikusi zuten. Dena den, Bigarren Mundu Gerra amaitu arteez ziren hasi jende kopuru handi bati txertoa jartzen. Egun oraindik ere txerto hori erabiltzen da tuberkulosiari aurre egiteko.

Botikei dagokienez, 1940an asmatu zuten tuberkulosiaren kontrako lehen botika: isoniazida. Hurrengo hiru hamarkadatan garatu zituzten, hurrenez hurren, estreptomizina, etanbutola eta rifanpizina.

Botikei eta txertoari esker, tuberkulosi kasuek behera egin zuten. Bazirudien desagertzeko bidean hasten ari zela. Baina ez zen horrela izan. Hies kasuen hazkundeak eta hirietako gainpopulazioak tuberkulosiak berriro ere gora egitea ekarri zuen.

Hala, 1993an OME Osasunerako Mundu Erakundeak osasun arazo larritzat jo zuen, eta urtebete geroago Dots estrategia jarri zuen abian.

Bertan jasotzen dira tuberkulosiari aurre egiteko hainbat neurri eta proposamen: gobernuek konpromiso tinko eta eraginkorra izatea, laborategi sare eraginkorra izatea, diagnostiko bakteriologiko azkarra izatea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.