Hitanoa, arnasestuka

Badihardugu euskara elkarteak hitanoaren egoera aztertu du, 4.000 euskal herritarrek baino gehiagok erantzun duten inkesta baten bidez. Argazkia ez da ona: «Gehienek nahiko egoera eskasean ikusten dute».

Irati Urdalleta Lete.
2024ko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Izan daiteke ari naun edo ari naiz; izan daiteke esan dinat edo esan dizut. Zuka, noka edo toka. Euskarak berez badu lagunarteko hizkera bat: hitanoa. Alabaina, ez da nagusi: herririk euskaldunenak ditu arnasgune, baina arnasestuka ari da Euskal Herriaren parterik handienean.  

Irudipenetatik harago, Badihardugu euskara elkarteak neurtu egin du zenbatekoa den hitanoaren erabilera eta ezagutza. Inkesta bat zabaldu dute —beraz, herritarren pertzepzioetan oinarritu dira, ez kaleko erabileraren neurketan—, eta 4.215 erantzun jaso dituzte Euskal Herri guztitik. Horiek oinarri hartuta, txosten bat ondu dute Idoia Etxeberriak  eta Itziar Sapsoothamek.

Hasteko, egoeraren argazki orokor bat atera dute. Horretarako, beren herriko egoeraz galdetu diete herritarrei. «Gehienek nahiko egoera eskasean ikusten dute», dio Etxeberriak. Baina zer da nahiko egoera eskasa? %11k uste dute bere herrian hitanoa egoera onean dagoela; %33,4k, egoera erdipurdikoa dela; %25,5ek, eskasa dela; %27,8k galzorian ikusten dute; eta %2,3k desagertuta dagoela diote. Noka are okerrago dagoela nabari dute: %5ek bakarrik uste dute nokaren egoera ona dela bere herrian, eta galzorian edo galduta dagoela erantzun dute erdiek baino gehiagok, %54k.

«Kalean bizirik dagoenean, jarraitzen dute kalean ikasten, baina etxeko transmisioa kolokan dago».

IDOIA ETXEBERRIAAzterlanaren egilea

Pertzepzioak ez ezik, norberaren erabilera ere aztertu dute dokumentuan. Inkesta erantzun dutenen artean, hamarretik hiruk diote sarri erabiltzen dutela, beste lauk gutxitan aritzen direla hika, eta lauk ez dute inoiz erabiltzen. Erabiltzaileen ezagutzari ere erreparatu diote: oso ondo moldatzen direla diote hamarretik bik, nahiko ondo bostek, erdipurdi bik eta nahiko gaizki batek.

Kontuan izan dute sexua badela erabileran eragiten duen aldagai bat. «Inkesta emakume gehiagok bete dute gizonek baino, baina erabiltzaileen artean gehiago dira gizonak; ez askoz gehiago, baina gehiago dira». Hain zuzen, hitanoa gutxitan erabiltzen dutenen artean, hamarretik sei emakumeak dira eta lau gizonak; hika sarri aritzen direnak, berriz, hamarretik zazpi gizonezkoak dira eta hiru emakumeak. Horrek ondorioak ditu, Etxeberriaren hitzetan: «Toka, orokorrean, askoz gehiago erabiltzen da noka baino».

Galeraren atzekoa

Hitanoaren galera eta hura ez erabiltzeko erabakia ez dira kasualitatea; fama txarra izan du zenbaitetan. Etxeberriak azaldu du: «Kontrako aurreiritzi asko egon dira historikoki, eta horregatik joan da galduz azken hamarkadetan». Gaur egun, bestelakoa da egoera: inkesta egindako hamar pertsonatik seiri iruditzen zaie bere herrian ondo ikusia dagoela; hiruk uste dute ez duela ez fama txarra, ez ona; eta batek ondo ikusia dagoela dio, baina gizonen artean bakarrik. %0,9k diote fama txarra duela.

Noiz edo noiz iruzkin negatiborik entzun ote duten ere galdetu diete. Baikor mintzatu da Etxeberria: «Ematen du ospe txarra apalduz joan dela: hamarretik zazpik ez dute ezer txarrik entzun hitanoaren inguruan». Horrelakoren bat entzun dutenen artean, erdiek baino gehiagok entzun dute ez dela errespetuzkoa eta laurdenak pasatxok emakumeentzat ez dela hizkera fina.

Transmisioa

Transmisioak —eta haren faltak— eragina izan du hitanoaren bilakaeran. Hitanoa transmititzeko lau modu aztertu dituzte dokumentuan: etxean edo familian jaso izana, lagunartean, euskaltegietan edo ikastaroetan eta eskolan. Horra inkestaren erantzunak: gehienek etxean, familian edo lagunartean ikasi dutela diote, eta gutxiengoa dira eskolan, euskaltegietan edo ikastaroetan ikasi dutenak. Horrek herririk euskaldunenetan bermatzen du nolabaiteko transmisio bat; zailagoa da, ordea, haizeak kontra jotzen duenean. Hala azaldu du Etxeberriak: «Kalean bizirik dagoenean, jarraitzen dute kalean ikasten, baina etxeetako transmisioa kolokan dago, baita bizirik dagoen tokietan ere; hika dakitenek, askotan, alabei ez diete egiten, eta batzuek semeei ere ez». 

Gero, ordea, Etxeberriak ikusten du beste «korronte» bat ere: «Badaude hika egitea erabaki dutenak, eta, gainera, batzuek seme-alabei baimena ematen diete beraiei hika egiteko, nahiz eta nagusiagoei hika egitea ez izan ohiturazko jarrera bat».

Hain zuzen ere, inkestan ohiturazko jarrera horiei buruz ere galdetu dute; besteak beste, helduagoei eta gurasoei hika ez mintzatzeaz. Hamarretik seik jarrera horiek errespetatzen dituzte, eta hamarretik hiruk pertsonaren arabera erabakitzen dute. Halaber, hamarretik batek ez errespetatzea erabaki du. Arauak pertsonaren arabera betetzen dituztenen artean, inkestan azaldu dutenez, pertsona horrekin hitz eginda erabakitzen dute zer egin: «Iruzkinetan batzuek aipatzen dute amari, osabei, auzoko adinekoei eta abarrei hika egiten dietela, haien baimenarekin». 

Eta zergatik erabaki dute kasu batzuetan ohiturazko arau horiek haustea? Etxeberriaren hitzetan, hitanoa gehiago erabiltzeagatik da: «Gehienek ohiturazko arauak errespetatzen dituzte, baina batzuek esaten dute hitanoaren galera dakarrela horrek, muga horiek ez dutela laguntzen, ezin duzulako edozeinekin egin». Horrelako iruzkinak jaso dituzte, esaterako: «Gutxiegi erabiltzen da, eta arauak jarraitzeak asko murrizten du erabiltzeko aukera». Edo: «Semeak niri hika; bestela, ez du praktikatuko, Ondarroan ez da egiten-eta».

Etorkizunean, zer?

Etorkizunaz ere mintzo da inkesta. Egileen helburuetako bat izan da herrietan hitanoa berreskuratzeko interesik eta ekimenik ba ote dagoen jakitea. Galderak erantzun dituzten hamar herritarretik lauk ez dute ikusten hitanoa biziberritzeko bereziki interesik dagoenik beren herrian; hamarretik hiruk, berriz, baietz uste dute. Gainerakoek ez dute horren berri.

Interes hori, gainera, egitasmo jakinetan islatzen da zenbait herritan. Inkesta erantzun duten hamar lagunetik bik esan dute beren herrian hitanoa berreskuratzeko egitasmoak daudela martxan. Hitanoa berreskuratzeko egitasmoen artean hika ikastaroak gailentzen dira, eta zenbaitek noka ikastaroak aipatu dituzte bereziki. Horietaz gainera, Hikalaguna eta Hikaldia egitasmoak ere egiten dituzte zenbait herritan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.