ETAren jardun armatuaren amaiera. Espainiako eskuina eta negoziazioa

Hitz egingo dugu armak isiltzean

Espainiako eskuina ETArekin politikaz negoziatzearen aurka agertu izan da ia beti, baina armak isilduz gero presoez eta desarmatzeaz hitz egitearen aldeko izan da.

Imanol Murua Uria.
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Ez dugu negoziatuko terroristekin, ez indarkeriaren presioaren ondorioz ezta indarkeriaren bukaeraren iragarpenaren ondorioz ere». Hauteskunde programan idatzita utzi du Mariano Raxoi PPren hautagaiak. Espainiako eskuineko alderdiek ez dute beti jarrera hori izan, nahiz eta diskurtso hori askotan baliatu. ETArekin politikaz negoziatzearen aurkako jarrera izan dute ia beti, baina presoez edota desarmatzeaz hitz egiteko prestasuna ere izan dute. ETAk atentatuak egiten zituen bitartean zer hitz eginik ez zegoela argudiatu izan dute, baina armak isiltzean zertaz hitz egin izango zela.

Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko presidente zela, ETArekin negoziatzearen aurkako diskurtsoari eutsi zion. 1980ko abenduaren 11n esandakoak dira horren adibide: «Ez dut ETArekin negoziatuko. Berriro diot ez dela hori bidea». Zazpi hilabete lehenago, baina, ika-mika sonatua izan zuen Felipe Gonzalez oposizioko buruarekin, horrek gauza bat esatea baina beste bat egitea egotzi ziolako: Kongresuan maiatzaren 21ean izandako eztabaida saioan, Suarezen gobernua ETArekin bilera bat egiten saiatu zela esan zuen Gonzalezek eta, azkenean gauzatu ez bazen, ETAk negoziazioa publikoa izatea exijitu zuelako izan zela; gainera, zerbitzu sekretuek ETArekin ordurako hainbat harreman izan zituztela esan zuen. Suarezen erantzuna: «Gobernuak beti esan du ez duela ETArekin negoziatzen, eta horri eusten diot».

Martin Villaren saiakerak

Orain jakina da Suarezen gobernuaren garaian zerbitzu sekretuek harremanak izan zituztela ETArekin, bai adar politiko-militarrarekin eta bai adar militarrarekin. Angel Ugarte militarrak, garai hartan Espainiako zerbitzu sekretuetako burua Euskal Herrian, hainbat bilera egin zituen: ETApm-ko buruekin bildu zen Genevan (Suitza) 1976k azaroan, eta hilabete geroago hiri berean berriro bildu zirenean, ETA militarreko buruak ere izan ziren bertan. Harreman haien istorioa idatzita utzi du Ugartek Espía en el País Vasco liburuan.

Gonzalezek Suarezi leporatutako elkarrizketa ahalegin huts egina ere, ETAk negoziazioa publikoa izan zedin nahi zuelako gauzatu ez zena, Genevan zen egitekoa. Jose Maria Portell kazetaria —ETAk hila 1978ko ekainean— izan bide zen bitartekarietako bat: Portellen hilketaren ondoren Gobernuak gezurtatu egin zuen bitartekari aritu zela, baina Juan Carlos Eriz enpresaburuak erantzun zuen baietz, Portell eta biak aritu zirela bitartekari: «Martin Villa gezurretan ari da».

Txomin Ziluagak, HBko bozeramaile zela, bertsio bera eman zuen: Martin Villak eta Juan Jose Rosonek —artean Madrilgo gobernadore, gerora Barne ministro— ETArekin negoziatzeko borondatea adierazi ziotela bitartekarien bidez HBri, baina harremana ez zela gauzatu, ETAk negoziazio publikoa nahi zuelako.

Jose Luis Elkororen bidez ere ahalegindu zen Martin Villa garai hartan. Bergarako alkatea zen orduan Elkoro, eta Alkateen Mugimenduko gidarietakoa: «Martin Villak esan zidan Txominekin egon nahi zuela. Joan nintzen Txominengana, ezetz esan zidan, eta horixe erantzun nion ministroari», azaldu zuen BERRIAko Igandea gehigarrian, 2007ko irailaren 23an.

Suarezen agintaldiaren amaieran ekin zitzaion, hain zuzen, ETA politiko-militarra desegiteko negoziazioei: Juan Jose Roson Barne ministroak Juan Mari Bandres eta Mario Onaindia EEko buruzagiekin zehaztu zituen ETApm desegiteko baldintzak. Suarez gobernuburu zela hasi zituzten negoziazioak, eta Calvo Soteloren agintaldian amaitu.

Suarezek gobernuburu izateari utzi, UCD ere utzi eta CDS alderdia sortuz geroztik, ETArekin negoziatzearen aldeko iritzia ezkutatzeari utzi zion. 1983ko maiatzaren 5ean, CDSko presidente zela, «erakunde terroristekin edonolako negoziazioak» egitearen aldekoa zela esan zuen, betiere elkarrizketak Espainiako Konstituzioa eta Gernikako Estatutua errespetatzen baldin bazituen. Handik lau urtera, 1987ko azaroaren 4an, odol delituak zituzten ETAko kideei indultuak emateko aukera onartzeko prest agertu zen Suarez, «alderdi demokratikoek» ezarritako baldintzak onartuz gero.

Fraga eta Aljerko Mahaia

UCDren eskuinera zegoen alderdiak, Manuel Fragaren Alianza Popularrek, ETArekin negoziatzearen aurkako diskurtsoa izan zuen ia beti. «[ETArekin negoziatzea] Oso akats larria da, eta guztiz kontra nago», esan zuen Manuel Fragak, adibidez, 1978ko maiatzaren 17an. «Ez da negoziatu behar, baizik eta bitarteko egokiak jarri eta neurri egokiak hartu [ETA] erauzteko». 1988. urte hasieran, dena den, teorian bederen, irtenbide negoziatuaren aldeko jarrerarekin bat egin zuten APk, Ajuria Eneko Ituna sinatu zuenez gero. Izan ere, Itunaren hamargarren puntuak ETArekin elkarrizketatzea proposatzen zuen, baldin eta armak uzteko borondatea agertzen bazuen.

1989ko urtarrilean, PSOEren gobernuaren ordezkariak eta ETArenak Aljerko Mahaian eseri ziren hilabete berean, PP alderdiak sorrera biltzarra egin zuen. APko kideei UCDtik eta beste zenbait alderdi kontserbadoretatik zetozen kideak batu zitzaizkien, baina buruzagitzari Manuel Fragak eutsi zion, denbora gutxirako bazen ere. Aljerko negoziazioen prozesu osoan Gobernuaren estrategia babestu zuten Espainiako eskuineko alderdiek, bai atariko harremanen garaian —APk eta PDPk, besteak beste— eta bai Aljerko bilerak hasi zirenean—PP sortu berriak—.

Atarikoetan, 1988ko urtarrilean ETAk agiri baten bidez su-etena emateko prestasuna agertu zuenean lehen aldiz, Javier Ruperezek, PDP alderdiaren izenean, elkarrizketaren alde hitz egin zuen, urtarrilaren 29an: «Borroka polizialera ez genuela mugatu behar defenditu izan dugu batzuek. Baina orain kontua ez da arrazoi zeinek zuen ikustea, baizik eta prozesu horrek aurrera egin dezan ahal duguna egitea».

1989ko urtarrilean, Aljerko negoziazioak jada hasiak zirenean, PP sortu berriak sostengua adierazi zien Gonzalezen gobernuari eta elkarrizketa prozesuari, Jose Luis Corcuera Barne ministroak Manuel Fraga PPko presidenteari azalpenak eman ondoren. PPren oharrak «sekula» ez ziela aurre egingo «terrorismoa erauztea ahalbidetu dezaketen ahaleginei», eta ez ziola, helburu horretan, Espainiako Gobernuari inoiz babesik ukatuko.

ETArekiko negoziazioak barne eztabaida piztu zuen UPN alderdian 1989ko otsailean. Miguel Sanzek, orduan alderdiko lehendakariordeak, KAS alternatibaren puntu batzuk negoziazioaren bidez «modulatzeko modukoak» zirela esan zuen. Alderdiko presidenteak, Jesus Aizpunek, esan zuen Sanzek ez zuela alderdiaren izenean hitz egin. Baina Nafarroako Parlamentuko UPNren bozeramaileak, Juan Cruz Allik, Sanzi arrazoi eman zion. Allik zehaztu egin zuen, gainera, haren ustez KAS alternatibako zein puntu ziren «negoziatzekoak»: langileen baldintzen hobekuntzari buruzkoa, bata, eta Espainiako polizia indarrak Euskal Herritik kanporatzeari buruzkoa, bestea. UPNko batzorde eragileak oharra atera zuen alderdiaren jarrera ofiziala ETArekin negoziatzearenaurkakoa zela argitzeko.

Lau hilabeteren ondoren Aljerko Mahaia hautsi zenean, PSOEren gobernuari babesa ematen jarraitu zuen PPk, baina, denborari aurrea hartuz, ezker abertzaleko alderdi eta egiturak legez kanporatzeko eskatu zuen Fragak. Apirilaren 6an, ETAk su-etenaren amaiera iragarri eta bi egunera, «terrorismoaren babes politiko eta zibilak» desegiteko eskatu zion Fragak Gobernuari, baina zirrikitua utzi zion ondorioei buruzko elkarrizketari: ETArekin zer hitz eginik ez zegoela esan zuen, «salbu eta ETAko sektore batek hitz egin daitekeen bakarraz hitz egin nahi baldin badu: armen erretiratzea eta gizarteratze nahiz grazia politikak». Biharamunean, apirilaren 7an, Fragak esan zuen PPk ez zuela oztoporik jarriko Gobernuak berriro ETArekin elkarrizketak hasiko balitu, «terrorismoaren arriskua murriztu dezakeen guztian» bezala. Ez zen, ordea, Aljerren elkarrizketa gehiagorik izan.

Mayor Orejaren mezuak

Fragak urtebete eta hilabete gutxi batzuk egin zituen PPko presidente. 1990eko apirilean, Jose Maria Aznar izendatu zuten buru. Aznarrekin, negoziazioaren aurkako bandera hartu zuen PPk, nahiz eta Ajuria Eneko Ituneko sinatzaile jarraitu.

Joseba Egibar EAJko buruzagiaren arabera, ordea, elkarrizketaren aldekoak gogor kritikatzen zituen bitartean, PPk ETArekin harremanetan jartzeko ahaleginik egin zuen oposizioan zegoen garaian, ETAk 1995eko urtarrilean Gregorio Ordoñez Gipuzkoako PPko presidentea hil ondoren. «Jaime Mayor Orejak badaki hau egia dela», esan zuen Egibarrek 1995eko apirilaren 27an. Egibarrek zehaztu zuen, hala ere, mezua ez zela ETArenganaino iritsi.

Egibarren hitzak bat datoz Jose Luis Elkorok 2007an BERRIAri azaldutakoarekin. Elkororen arabera, Donostiako bi bitartekariren bidez mezuak bidali zizkion Mayor Orejak, «jakiteko hauek [ETAk] zer nahi zuten». Elkorok-eta ez zioten ETAri ezer helarazi, «harik eta gauza zuzen bat eduki arte». Elkarrekin zuzenean hitz egiteko proposamena egin zioten ezker abertzaleko bitartekariek Mayor Orejari, baina hark ezetz erantzun zien: ezin zuela, diskrezioagatik. Azken mezuan zera eskatu omen zion Mayor Orejak Elkorori, bitartekari bidez: «Bidal iezadazu idatziz zer nahi duten [ETAkoek]». Elkoro: «Hori gestionatzen ari nintzen bitartean, aldaketa etorri zen, haustura erabatekoa. Mahai Nazionala espetxeratu zuten. Eta kito».

Aznarrek 1996an agintea hartu zuenean, Adolfo Perez Esquivelen bidez ETArekin elkarrizketa kanala zabalik zutela jakinarazi zion PSOEk. Baina Aznarren gobernuak, Mayor Oreja Barne ministro zela, komunikazio bideguztiak haustea erabaki zuen.

Aznar elkarrizketaren alde

PPk agintea hartu berritan, 1996ko ekainaren 23an, ETAk astebeteko su-etena eman zuen, eta elkarrizketa prozesua hasteko proposamena egin zion Aznarren gobernuari. Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa bahituta zuen garai hartan ETAk. Ajuria Eneko Itunak eman zion lehen erantzuna ETAri. «Indarkeriaren bukaera elkarrizketatura» iristeko prestasuna adierazi zuten Ituneko alderdiek, ETAk hiru baldintza betetzen bazituen: Ortega Lara askatzea, ekintza armatuak bertan behera uztea, eta euskal gizartearen pluraltasun politikoa errespetatzea. Ondoren, Espainiako Gobernuak bat egin zuen Ajuria Eneko Itunaren erantzunarekin. Baina ETAk ez zituen baldintzak onartu eta, astebeteren buruan, su-etena bukatutzat eman zuen.

Hurrengo urtean, 1997ko abenduaren 12an, «irtenbide elkarrizketatuaren» alde mintzatu zen Mayor Oreja ministroa, Bruselan: «Bukaera elkarrizketatua izango da, elkarrizketarako baldintzak betetzen direnean. Nahiko genuke baldintza horiek betetzea. Baina horrek esan nahiko luke pistolak bertan behera uzteko zalantzarik gabeko borondatea izatea». Aznarrek eskuzabaltasunaz hitz egin zuen hurrengo urteko maiatzaren 3an: Estatuak «eskuzabaltasunaren ahalegina» egitea mereziko lukeelaesan zuen, «horrekin bakea lortzen badugu», «betiere armak uzten badituzte eta elkarbizitza demokratikoaren lege esparruak onartzen badituzte».

Lizarra-Garaziko prozesuaren garaian, ETArena «su-eten tranpa» balitz bezala jokatu zuen Aznarren gobernuak. Dena den, Gobernuaren izenean ETArekin hitz egiteko baimena eman zuela jakinarazi zuen Aznarrek 1998ko azaroaren 3an; «Euskal Askapen Mugimenduarekin», zehatzago. Bilera ere egin zuten, 1999ko maiatzaren 19an, Suitzan: Mikel Albisu eta Belen Gonzalez Peñalba, ETAren izenean, eta Javier Zarzalejos, Ricardo Marti Fluxa eta Pedro Arriola, Gobernuaren izenean, Juan Maria Uriarte gotzainaren bitartekaritzarekin.

Berriro biltzekotan gelditu ziren, baina gobernuak hedabideetara filtratu egin zuen maiatzeko bileraren berri, eta bitartekariaren izena ere eman zuen. Ondorioz, harreman bide horrekin ez jarraitzea erabaki zuen ETAk, urriaren 24an jakinarazi zuenez, eta solaskidetza berria izendatu zuen: Josu Urrutikoetxea, Anton Lopez Ruiz Kubati eta Josetxo Arizkuren presoak.

Aznarrek gobernuak ez zuen proposamena onartu, baina berriro biltzeko borondatea agertu zion ETAri gutun bidez, maiatzeko bilerako «baldintzetan» bazen, Efe-ri Gobernuko iturriek adierazi ziotenez: iturri horien arabera, su-etena behin betiko bihurtzeari buruz eta presoen egoerari buruz hitz egiteko prest zegoen Gobernua, eta ez beste ezertaz.

Hilabete lehenago, irailaren 17an Le Monde-ko elkarrizketan, Gobernua ETArekin «aurrebaldintzarik gabe» hitz egiteko prest zegoela esan zuen Mayor Orejak: «Prest gaude hitz egiteko, espetxe politika malgutzeko eta ETAko kideen birgizarteratzea aztertzeko; beharrezkoa den guztia egiteko, aurrebaldintzarik gabe, armen entrega negoziatu gabe».

Ez zen bilera gehiagorik egin.1999ko abenduaren 3an, ETAk su-etena bukatu zela jakinarazi zuen. Geroztik, PPk ez du elkarrizketaren aldeko hitzik egin. 2004ko martxoaren 14an, PPk agintea galdu zuen. 2005-2007ko prozesuan, «hildakoei» traizio egitea leporatu zion Raxoik Zapatero gobernuburuari, konponbide elkarrizketatua bilatzeagatik.

Orain, hauteskundeetarako aurreikuspenak betetzen badira, atzera boteretik hitz egitea, eta aritzea, egokituko zaio PPri. Eta hauteskunde programak betetzeko balira, ezluke ETArekin zer hitz eginik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.