Esku hartze sozialeko langileek hitzarmen duin bat exijitu dute Bilbon

Greba eguna izan dute gaur sektorean. ELA sindikatuak mobilizazioa antolatu du San Frantzisko auzoko Harrobi plazan. LABek eta ESK-k, berriz, Foru Jauregian. Azken bi urteetan erosahalmenaren %15 galdu dutela salatu dute.

ELAk deitutako Bizkaiko esku hartze sozialaren greba.
ELA sindikatuak antolatutako mobilizazioa, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
marcos tedin
Bilbo
2024ko apirilaren 17a
17:10
Entzun

Gaur greba eguna izan dute esku hartze sozialeko Bizkaiko langileek. Goizean, Bilboko bi tokitan batu dira sektoreko lan baldintza eskasak salatzera. San Frantzisko auzoko Harrobi plazan antolatu du deialdia ELAk, han baitaude sektoreko entitate batzuen egoitzak; LABeko eta ESK-ko langileak, berriz, Kale Nagusiko Foru Jauregian batu dira, instituzio publikoa interpelatzera. Sindikatuek argudiatzen dute bi urte daramatzatela lan hitzarmen berria adostu gabe, Gizardatz eta Geroan patronalak itunaren negoziazioa blokeatzen ari direlako, administrazio publikoaren laguntzarekin. Gaurko mobilizazioak «arrakastatsutzat» eta «positibotzat» jo dituzte.

Langileen eskaera nagusia erosahalmenaren galerari dagokio. «Abendutik hona, patronalak proposamena okertu egin du, eta hitzarmenaren indarraldia luzatu nahi du. Horrek esan gura du gure erosahalmena are gehiago pobretuko dela», azaldu du Vanesa Nuñez ELAko delegatu eta gizarte hezitzaileak. Sindikatuak prentsa ohar bitartez adierazi duenez, azken bi urte hauetan «plantillek erosahalmenaren %15etik gora galdu dute». Nuñezek ziurtatu du baldintza hobeak exijituko dituztela sektoreko 5.000 langileentzat: «Gaur, beste proposamen bat entregatu nahi dugu, ez erosahalmena berreskuratzeko, baizik eta hobetzeko».

«Sektore honetako langileak itota gaudela erakutsi nahi dugu».

 Vanesa Nuñez ELAko delegatua

Maiatzaren 8an beste greba bat egitea litekeena dela iragarri du ELAk: «Negoziazioak blokeatuta jarraitzen badu, ELAk mobilizatzen jarraituko du». Gaurkoa ez da lehenengoa izan: sei greba egun egin dituzte jada. Hala ere, haien ustez, atzerapausoak ematen ari dira negoziazioetan: «Hitzarmenaren indarraldia sei urtera luzatu nahi dute patronalek —eta ez lau urtera—, eta, horrela, erosteko ahalmena berreskuratzeko prozesua luzatu eta atzeratu nahi dute». Horrez gain, deitoratu dute sektorearen arrisku psikosozialak arintzeko neurririk ere ez dutela jarri mahai gainean.

«Sektore honetako langileak itota gaudela erakutsi nahi dugu», nabarmendu du Nuñezek, eta sindikatuak exijitzen dituen neurriak zerrendatu ditu: «Gehigarriak hobetzea, babes bereziko zentroak onartzea, kontziliazioan hobekuntzak ezartzea eta lanean egonkortasuna bermatzea».

LAB eta ESK, diputazioan

Prentsa ohar baten bitartez, LAB eta ESK sindikatuek ere gaitzetsi dute Gizardatz eta Geroan patronalen jokabidea, eta negoziatzeko borondaterik eza leporatu diete: «Ez dute baloraziorik egin proposamenaren edukiei eta irekitzen diren akordiorako benetako aukerei buruz. Seriotasuna eta negoziatzeko borondatea eskatzen ditugu».

Astelehenean hasi zuten baraualdia amaitu dute gaur esku hartze sozialeko langileek. Foru Jauregiaren aurrean erroturik, LAB eta ESK sindikatuek antolatutako protesta horrek sektorearen garrantzia eta gabeziak ikusaraztea zuen helburu. Izaskun Arotzena esku hartze sozialeko LABeko arduradunak mobilizazioen zergatia eman du: «Eskatzen ari gara hitzarmen duin bat eta lan baldintza hobeak 4.000 inguru langileontzat. Hitzarmen duin eta egoki bat. Hau da, erosketa ahalmena bermatzea, arrisku psikosozialak kontuan izango dituzten neurriak hartzea, bajak %100 ordaintzea, berdintasun planak adostea komiteekin, eta langileen ordezkaritzarekin amatasun bajak hartzen dituzten emakumeei ere laguntzea».

Gizardatz eta Geroan osatzen dituzten 30 elkarteek hitzarmen berria «blokeatua» dutela txarretsi du Arotzenak. Horrez gain, LABeko ordezkariak azaldu du zergatik ez duten gaurko greba antolatu ELA sindikatuarekin batera: «Abendura arte bidea elkarrekin egin genuen, analisi antzekoa egiten genuelako. 2023ko abenduan, gure arteko harremana apurtu egin zen, analisi ezberdina egin genuelako. Urtarriletik hona, bakoitzak bere bidea egin du». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.