Kalera Kalera-ren aurkako operazioa. Atxiloketak

Hitzetatik atxiloketetara

Sortuko lau kide atxilotu ditu Guardia Zibilak, Belen Gonzalezen agur ekitaldiaren harira. Deklaratu ondoren libre gelditu dira. Harrera ekitaldiei buruzko polemikaren erdian iritsi da operazioa. Bideoa, albistearen amaieran.

Ezkerretik eskuinera, Olatz Dañobeitia, Antton Lopez eta Oihana Garmendia, Guardia Zibilaren egoitzaren aurrean, libre gelditu ondoren. JON URBE / FOKU.
gotzon hermosilla
2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun

Joan den otsailean PPk erabaki zuenetik preso ohiei egiten zaizkien harrera ekitaldiak jopuntuan jartzea eta eztabaida politikoaren erdigunera ekartzea, ugariak izan dira horren inguruko deklarazioak, adierazpenak, gaitzespen hitzak eta azalpenak. Orain, koska bat estuago egin dute ekitaldi horien kontrako jazarpenean, eta berbetatik ekintzetara pasatzea erabaki dute. Izan ere, Guardia Zibilak Sortuko lau kide atxilotu ditu, «terrorismoaren gorazarre» egitea leporatuta, Belen Gonzalez Peñalba preso zenduari egindako agur ekitaldiaren harira. Guardia Zibilak deklarazioa hartu ondoren libre geratu dira.

Sortuko kideak dira atxilotutako guztiak, eta gehienak erakunde horrek presoen alde antolatu duen Kalera Kalera dinamikan arduraren bat dutenak.

Oihana Garmendia izan da lehenengo atxilotua. Zazpi hilabeteko haurdun dago, eta ginekologoarenera zihoala atzeman dute guardia zibilek Gernika-Lumon (Bizkaia); handik Intxaurrondoko polizia etxera (Gipuzkoa) eraman dute. Santurtziarra da Garmendia, eta Kalera Kalera egitasmoko bozeramailea, Antton Lopez Ruizekin batera. Lopez ere atxilotu dute, bere etxean.

Gainerako atxilotuak Miren Zabaleta Sorturen Nafarroako arduraduna eta Olatz Dañobeitia Belen Gonzalez zenaren adiskidea izan dira, Iruñean eta Bilbon, hurrenez hurren. Zabaleta aparkaleku batean atzeman dute, autoa hartzera zihoala, eta Dañobeitia, Bilbon duen etxebizitzan, San Frantzisko auzoan. Denak Intxaurrondora eraman dituzte. Guardia Zibilak deklarazioa hartu ondoren libre utzi dituzte. Garmendia izan da libre geratutako lehena, eta haren ostean Zabaleta, Lopez eta Dañobeitia.

Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, Garmendiak esan du «kontakizun bakarra inposatu» nahi dutela horrelako ekintzekin: «Sinetsarazi nahi dute errealitate bakarra egon dela, eta ez dela besterik egon». Nabarmendu du Euskal Herrian oraindik ere «sufrimendua» dagoela, eta konpromisoa berretsi du «bakea erdiesteko lanean» jarraitzeko. «Edonor duintasunez eta bakean agurtzea ez da delitua», idatzi du Miren Zabaletak sare sozialetan, aske geratu eta gutxira, «maitasuna delitu ez den bitartean, behintzat».

Iluntzean, manifestazioak eta elkarretaratzeak egin dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta atxilotutakoen sorterri eta bizilekuetan, gertatutakoa salatzeko. Sortuk deituta egin dituzte mobilizazioak, Bakearen eta askatasunaren alde lelopean.

Duela lau hilabete

Atxiloketek Belen Gonzalezen agur ekitaldiarekin dute zerikusia. Joan den azaroaren 16an hil zen Gonzalez, gaixotasun luze baten ondorioz, bere osasun egoera larria zela-eta espetxe zigorra etxean betetzen ari zelarik. Handik gutxira, azken agurra eman zioten Lazkaon (Gipuzkoa), azaroaren 26an hain zuzen, duela lau hilabete inguru.

Ekitaldia egin aurretik, hura debekatzeko eskatu zuen AVT biktimen elkarteak. Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zuen aintzat hartu eskaera, baina ekitaldia zelatatzeko agindu zion Espainiako Poliziari, «terrorismoaren gorazarrerik» edo «biktimen umiliaziorik» gertatzen ote zen jakiteko.

Ekitaldiaren ostean, salaketa jarri zuen Covite biktimen elkarteak, eta eskatu zuen Lazkaoko Udala -harena da ekitaldia egiteko erabilitako frontoia- eta ekitaldian pare hartu zutenak ikertzeko, baina hura ere ez zuen aintzat hartu Auzitegi Nazionalaren fiskaltzak, pentsatzen zuelako ekitaldiaren helburua ez zela «terrorismoa goratzea», presoen urruntzea salatu eta Euskal Herrira ekartzeko eskatzea baizik.

«Bazen garaia erakunderen batek pausoa emateko legea bete dadin», esan du Covitek atxiloketen berri izandakoan. Haien ustez, atxiloketok «agerian» uzten dute fiskaltzaren jarrera, eta pentsatzen dute horrek «babesgabe» uzten dituela biktimak.

Bestalde, atxilotuen defentsek «harridura» azaldu dute atxiloketen inguruan. Gaur egingo dituzte Auzitegi Nazionalean egin beharreko tramiteak, baina, itxura guztien arabera, badirudi auzitegi horretan ez dagoela atxilotuen kontrako agindu judizialik, eta dena Guardia Zibilaren diligentzia izan dela. Gainera, gogora ekarri dute Auzitegi Nazionalaren fiskaltzak bere garaian ikerketa egin zuela Gonzalez Peñalbari egindako agur ekitaldiaren inguruan, eta ebatzi zuen ekitaldi hartan ez zela inolako delitu aztarnarik.

Baieztatuko balitz Auzitegi Nazionalak ez duela lau atxilotuen aurkako polizia operaziorik agindu, horrek esan nahiko luke Guardia Zibilaren erabakia izan dela atxiloketak egitea. Espainiako berri agentzien arabera, Guardia Zibilak Aurresku-Carmen izena jarri dio operazioari.

Polemika handia

Azken asteotan, polemika handia eragin dute kalera irteten diren preso ohiei egindako harrera ekitaldiek. PPk eta biktimen zenbait elkartek salatu dituzte ekitaldi horiek, «terrorismoa goresten» eta «biktimak umiliatzen» direlakoan. PPk piztu zuen metxa otsailaren 18an, alderdi horretako zenbait kide, besteak beste Borja Senper eta Amaya Fernandez zuzendaritzakoak, Iñaki Igerategi eta Inaxio Otaño euskal presoen harrera ekitaldian agertu zirenean, Andoainen (Gipuzkoa). Hurrengo egunean, ekitaldia ikertuko zuela iragarri zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak.

PPk lortu zuen Eusko Legebiltzarrak ere bat egitea harrera ekitaldiak gaitzesteko estrategia horrekin. Otsailaren 22an, legez besteko proposamena aurkeztu zuen Legebiltzarrean presoei egindako «omenaldiak» arbuiatzeko; EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek mozio hori baztertu zuten, baina beste bat proposatu zuten, non «ETAren indarkeria erabili edo zuritu zutenei edo erakundeko kide izan zirenei egiten zaizkien omenaldi publikoak» gaitzesten zituzten.

Eusko Jaurlaritza ere agertu da horrelako ekitaldien aurka. Iñigo Urkullu lehendakariak, esaterako, «arbuiatu» egin zituen «biktimentzat iraingarri suerta litekeen edozein ekitaldi, edo biktimak berriro biktima bilakatzea ekar dezaketenak». Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok esan zuen presoen gurasoek bazutela seme-alabei «harrera etxean egitea».

Biktimen zenbait elkartek bat egin dute «omenaldien» kontrako oldarraldi horrekin, Covitek bereziki. Berriki, Covitek eskaera egin die Giza Eskubideen Europako komisarioarieta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Espainiako arartekoei auziaz iritzia eman dezaten: «Omenaldi horietan, terrorismoa goretsi, indarkeriaren zilegitasunean sakondu eta umeak erradikalizatu egiten dituzte».

Herenegun, PPko kideak berriro agertu ziren preso bat libre geratu ostean antolaturiko ekitaldian. Durangon izan zen (Bizkaia); han, hamabost urtez kartzelan egondako Zunbeltz Larreari ongietorria eman zioten. hartu zuten. PPko kideak eskuetan ETAren biktimen argazkiak zituztela agertu ziren ekitaldia egiten ari zen lekuan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren idazkari nagusi Amaya Fernandezek esan zuen horrelako ekitaldiek «biktimak ez ezik euskal herritar guztiak ere» umiliatzen dituztela.

Xabier Reyren hileta

Xabier Rey hildako presoaren hileta ekitaldiak eta haren heriotza salatzeko egindako manifestazioa ere izan dira polemika iturri azken egunotan. Joan den martxoaren 6an hilik aurkitu zuten Rey, Puerto III espetxeko bere ziegan, antza denez bere buruaz beste eginda. Iruñeko hilerrian azken agurra eman zioten haren gorpuari, eta, pare bat egun geroago, martxoaren 10ean, manifestazioa egin zuten haren heriotza salatzeko.

Iruñeko Udalak UPNk aurkezturiko mozio baten zenbait puntu onartu zituen, eta Reyri «gorazarre egiteko» antolatutako ekitaldian «gaitzetsi» egin zituen, «terrorismoaren biktimak iraintzen» dituztelakoan. Puntu horiek Geroa Bai, PSN eta Ezkerraren babesarekin onartu zituzten. EH Bildu eta Aranzadi abstenitu egin ziren.

[youtube]https://youtu.be/pMT4HnMG3dc[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.