Patxi Lopezen agintaldiaren balantzea (III). Ingurumen eta etxebizitza politikak

Hitzetik hutsera

Etxebizitzaren Legea onartu gabe bukatu zaio legegintzaldia Iñaki Arriola sailburuari; sailaren politikak finantzatzeko ondare publikoa saltzeko ahaleginek, ordea, aztarna utzi dute.

Etxebizitza batzuk eraikitzeko lanak, Salburuan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Historiako ezagunena, eztabaidatuena eta parte hartzaileena» izan da Eusko Jaurlaritzak duela hiru hilabete onartu zuen Etxebizitzaren Lege proiektua. Horrela uste du Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak. 17.000 herritarren iritziak eta 200 zuzenketa jaso izanaz harro agertu da, baita azken horien %44 aintzat hartu izanaz ere. Hamasei hilabete iraun du prozesu horrek, eta, «parte hartzaileena» izan arren, tarte horretan ez zuen adostasunik lortu alderkiekin, Eusko Legebiltzarrean onartu ahal izateko. Hortaz, azken hamar urteetan beste bitan gertatu den bezala, etxe duina izateko eskubidearen ardura hurrengo gobernuaren esku geratu da.

Etxebizitza politiken izaera «parte hartzailea» dela eta, Nazio Batuetako Zerbitzu Publikoko Saria jaso zuen Arriolak ekainaren 25ean. Sari horren oinarrian hiru egitasmo zeuden: etxebizitza lege egitasmoa, 2010-2025 urteetarako Etxebizitzaren Aldeko Itun Soziala eta Etxebizitza Plan Zuzendaria. Itun sozialak 70 eragileren babesa lortu zuen, zazpi hilabeteko eztabaidaren ostean, baina ez hiru aldundiena, ezta Eudelena eta gehiengo sindikalarena ere.

Plan zuzendarian 16.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten. Ordea, beste zenbaiten artean, ELA, LAB, ESK eta EILASek gogor kritikatu zuten. Etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko pausoak eman beharrean etxegintza sektoreari mesede egiten ziola leporatu zioten. Horrez gain, jabetzaren alde egitea ere egotzi zioten; 2011. urtean eraikitzen hasitako 4.456 etxebizitzetatik, %17,5 alokairurako izan ziren, itun sozialak 2025erako zehaztutako helburuetatik urrun.

Ondarea merkaturatu

Sektorearen egoera ekonomikoak behartuta, baita egoera orokorrak ere, etxebizitza politikei eusteko ezohiko diru sarrerak bilatu behar izan ditu Etxebizitza Sailak: politika publikoak bermatzeko, ondare publikoa merkaturatu du. Babes ofizialeko 38.397 etxebizitzaren 75 urte arteko eremu eskubidea eskaini die jabeei, hau da, administrazioarena zen lurra erostea, etxeen jabetza osoa izan dezaten. Aurrekontuetan zehaztutakoaren %68 bildu dute horrela.

Dena den, ondare publikoa merkaturatzearen adierazle argiena funts pribatu bati jabetza publikoko 3.146 etxebizitza saltzeko ahalegina izan da. Funts horrek 854 etxebizitza gehiago egin beharko lituzke, eta hogei urterako hitzarmena sinatu Jaurlaritzak 4.000 etxebizitza horiek kudeatzeko. Oposizioko alderdiek gogor kritikatu zuten burutapena, eta «legez kanpoko», «moralaren aurkako» eta «antisozialtzat» jo dute. Egitasmoa hutsean gertatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.