Hitzordu bat galdatuko die Etxerat-ek euskal parlamentariei

Euskal preso politiko guztiak etxeratu arte inplikatzea eskatuko die Etxerat-ek Ipar Euskal Herriko hautetsiei

Etxerat-en prentsaurrekoa atzo, Baionan. JAGOBA MANTEROLA.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
«Euskal preso politiko guztiak etxeratu arte haien erantzukizunaren betetzea, legea errespetaraztea eta fase politiko berrian inplikatzea» eskatuko die Etxerat-ek hautetsiei. Euskal preso politikoen egoeraren berri ematen duen txosten bat banatuko die hautetsi guztiei, eta Frantziako Parlamentuan diren euskal hautetsiei hitzordu bat galdatuko die.

Horren berri eman zuten atzo Luxi Oxandabaratz, Clara Rouget eta Jeanine Beirie Etxerat-eko kideek, beste hogei bat senidez inguraturik zeudela. «Egoera anitz aldatu dela entzuten da, bake prozesua aipatzen da, baina guretzat, senideontzat ezer ez da aldatu: arazoak beti hor dira, eta gogortuz doaz», erran zuen Beiriek. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Parot doktrina ezarri zieten 25 euskal presoren babes helegiteak atzera bota izana deitoratu ondoan, Frantziako Estatuan diren presoen egoera zuten aipatu: 650 presoetarik, 138dira Frantzian sakabanaturik; bederatzi bakarrik dira Euskal Herritik 600 kilometro baino gutxiagora, eta hamar batek dutela bisitarako bidaia bakarrik egin behar, senidea bakarturik daukatelako.

Egoera kaskarraren isla diren adibideak ez dira eskas. Besteak beste, Ruben Ribero eta Ibon Goieskoetxea presoak Villefranche Sur Saoneko kartzelara eraman izana edota Itziar Moreno eta Oihana Garmendiak eraman zazpi hilabeteko borroka «izugarria» aipatu zituzten. Bestalde, salatu zuten Ion Kepa Paroten eskaerari berriro ezezkoa eman izana, 2005az geroztik baldintzapean aske egon behar lukeelako: «Onartezina da; erabaki politikoa da, eta Frantziako Estatua mendeku politika bat egiten ari da». Beiriek deitoratu zuen orokorki presondegietan «tentsio handia» dagoela eta familientzat bisiten baldintzak «txartuz eta gogortuz» doazela.

Herenegun Parisko epaileak Filipe Bidart Iparretarrak erakundeko kide eta preso ohiari Euskal Herrira itzultzeko baimena eman ondoan prokuradoreak dei egin izana ere gaitzetsi zuten. Eskaera berriz aztertu beharko dute, eta horren egiteko eperik ez da. Anartean, orain arte dagoen hirian gelditu beharko du, Beziersen (Frantzia).

Hitzetatik ekintzetara

Hainbat euskal parlamentarik presoen hurbilketari buruz egindako adierazpenez «poztu» direla adierazi zuen Rougetek, eta nabarmendu, hala ere, eskubide hori Frantziako legediak ahalbidetzen eta behartzen duela. Orain «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko garaia dela uste du Etxerat-ek. Gaixorik diren presoak, baldintzapean aske behar luketenak eta prebentiboan kartzelaturikoak askatzea eta presoak Euskal Herrian batzea exijitu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.