HIZKUNTZ EREDUEN ERREFORMA. JAURLARITZAREN LEGE PROIEKTUA. Hizkuntz ereduen erreforma eztabaidatzeko prest dago Eusko Jaurlaritza

Alderdiekin hasi da hitz egiten Gobernua, eta ekarpenak jasotzeko gertu dago

Maite Asensio Lozano.
2008ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Urritik aurrera aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakasteredu bakarraren inguruko lege egitasmoa Eusko Legebiltzarrean. Aste honetan hasi dira alderdiekin negoziatzen, eta haien ekarpenak jasotzeko prest daude: «Erreformaren puntu guztiak eztabidagarriak dira», esan berri du Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak.

Proiektuaren inguruko negoziazioa atzeratu egin da. Uztailean eta abuztuan hasi behar zuten bilerak alderdi politikoekin, hezkuntzaren arloko eragileekin eta sindikatuekin, baina horietako asko bertan behera geratu ziren. Beraz, uda amaieran ekin diete negoziazioei; azken egunotan alderdi politiko eta hezkuntza eragile gehienekin bildu da Jaurlaritza, eta datorren astean sindikatuen txanda izango da. Ondoren, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu beharreko lege proiektua osatze aldera, ekarpenak egingo dizkiote testuari.

Ekimenaren inguruan adostasuna lortu nahian, hirukoa osatzen duten alderdiek (EAJ, EA eta EB) jardun dute lege egitasmoaren gainean lanean uda osoan. Hain zuzen, proiektuak EAJren eta EAren artean tirabirak eragin dituela azaldu dute zenbait hedabidek. Jeltzaleen ustez, Hezkuntza Sailaren (EA) proposamena-gutxienez irakasgaien %60 euskaraz irakasteko derrigortasuna- ikastetxe batzuetan probatu behar da, zentro guztietan martxan jarri baino lehen. Hezkuntza Sailak dioenez, baina, 25 urtetako esperientzian oinarritzen da ekimena, eta, beraz, ez dago aurretiaz probarik egiteko beharrik. Desadostasun horiek kolokan jar dezakete ereduen erreforma; izan ere, egitasmoak aurka ditu dagoeneko PP eta PSE-EE.

Alabaina, Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak ukatu du EAJk eskatu diola legea leuntzeko: «EAJ guztiz ados da A ereduak ez duela funtzionatzen», esan zion atzo Radio Euskadi irratiari.

Hezkuntza Sailak, dena den,adierazi du «ahalik eta adostasun handiena» lortzeko alderdi guztiekin negoziatuko duela. Eusko Legebiltzarrak 2005ean ereduak gainditu beharra adostu zuenez, abiapuntuan adostasuna dagoela uste du, eta proposamena «malgua eta onartzeko modukoa» dela iruditzen zaio.

Arlo politikoan eztabaida handia dagoen arren, hezkuntzaren arloko eragileen artean ia erabatekoa da adostasuna: guztiak daude euskara irakats hizkuntza nagusi izango duen esparruaren alde. Euren kezka, ordea, baliabideen ingurukoa da, ez baitago argi helburua lortze aldera zein bitarteko bideratuko duen Hezkuntza Sailak.

Sindikatuak, berriz, irakasle faltarekin daude kezkatuta. Egitasmoak aurrera ateratzea lortzen badu, irakasle gehiago kontratatu beharko dela uste dute, baina EAEko Eskola Kontseiluak berak adierazi duenez, datozen urteetan arazoak izango dira behar baino irakasle gutxiago izango direlako.



Datorren astean hasiko da ikasturtea.

Datorren astelehenean eta asteartean hasiko da 2008-2009 ikasturtea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola gehienetan. Guztira, 326.000 ikasle inguru egongo dira aurten Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistemaren barruan. Oraindik ere, hizkuntza ereduen sistemak indarrean jarraituko du.





%9,8

LHko matrikulazioak A ereduan. Urtetik urtera, A ereduko matrikulazioak jaisten ari dira. 2007-2008 ikasturtean Lehen Hezkuntzako ikasleen %9,8 baino ez ziren A ereduan matrikulatu; %30,49k B eredua hautatu zuten, eta %58,89, berriz, D eredua.





Nafarroan ere, eredu bakarrerantz

Nafarroako Gobernuak eredu bakarra ezartzeko asmoa du. Eredu horrekin, ikasleek ingelesa ikastea bermatu nahi du. Orain arteko A, G eta D ereduak desagertu, eta euskara-ingelesa eta gaztelania-ingelesa ereduak ezarriko ditu, Hezkuntza kontseilari Carlos Perez Nievasek azaldu izan duenez.





«Ez da bidezkoaerrealitate desberdinetatik abiatzen direneiemaitza bera eskatzea»

Isabel Zelaa
PSE-EEko Hezkuntza arduraduna




«Hirukoaren barruan, erreformaren gaineko adostasuna desadostasuna baino handiagoa da».

Tontxu Campos
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua




Ikasteredu bakarra ezartzeko helburu duen lege proiektuak dio ikasleek euskaldunak izan behar dutela eskolatzea amaitzean

Ikasle guztiak euskalduntzea helburu

M. Asensio Bilbo

Gutxienez irakasgaien %60 euskaraz emango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoek eta itunpeko ikastetxeek, aurrera egiten badu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakasteredu bakarra ezartzeko abiatu duen egitasmoak. Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza ofizialetan izan beharreko gaitasuna ezartzeko orduan, oinarri hartu ditu Hizkuntza Ofizialak eta Atzerrikoak Ikasteko, Irakasteko eta Ebaluatzeko Markoaren lege egitasmoak Europan onetsitako irizpideak.

2007ko martxoan aurkeztu zuen Tontxu Campos sailburuak ekimena Eusko Legebiltzarrean, eta ordutik lege proiektua garatzen eta negoziatzen jardun du Hezkuntza Sailak. Marko berriaren ondorioz, egungo A, B eta D ereduen sistema desagertuko da, eta esparru bakarra ezarriko da. Derrigorrezko eskolaldia amaitzean ikasle guztiak elebidunak izan daitezen, legeak gutxieneko batzuk ezarriko dizkie ikastetxeei. BERRIAk lege proiektuaren zirriborroa eskuratu du. Hona egitasmoak dakarren proposamena:

Diagnostikoa

Hizkuntza ereduen sistemak ez ditu helburuak erdietsi. A, B eta D ereduek gaztelaniaz komunikatzeko gaitasuna bermatzen badute ere, euskararen egoera «defizitarioa» da. Testuak dioenez, argi geratu da euskara ikasteko prozesuan erabilera maila funtsezko faktorea dela; beraz, euskara irakats hizkuntza nagusi ez duten ereduek ez dituzte ikasleak euskalduntzen. Lege egitasmoak Europako Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Gutunaren irizpideak nabarmentzen ditu: «Testuinguruko egoerak eta gizarte elkarreraginak gaztelaniaren erabilera bultzatzen dutela aintzat hartuta, eta ikusita ebaluazioek frogatuta dutela ikasketa prozesuan euskara erabiltzea funtsezkoa dela, ikasleek euskara ahoz eta idatziz behar bezala erabiltzeko gaitasuna eskuratu ahal izateko, euskarak elementu integratzailea izan behar du hezkuntza sisteman, eta erabilera nagusiko hizkuntza eskola sisteman».

Helburua

Gernikako Autonomia Estatutua da egitasmoaren oinarria eta abiapuntua. Horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle guztiek euskara eta gaztelania jakiteko eta erabiltzeko eskubidea dute, bi hizkuntzak ofizialak izanik. Eskubide hori bermatzeko agintzen zaie erakunde publikoei. Gainera, euskararen estatus ofizialak hizkuntza hezkuntzaren sistemaren bidez ezagutzeko eskubidea eta betebeharra dakar. Halaber, Euskal Eskola Publikoari buruzko legeak dioenez, ikasle guztiek derrigorrezko eskolaldia bukatzean bi hizkuntza ofizialen ezagutza praktikoa izango dutela bermatzea dagokio eskola publikoari. Legeotan aipatzen diren eskubideak betetzea da helburua.

Hartara, derrigorrezko eskolaldia amaitzean, bi hizkuntzen «erabiltzaile independente» izan beharko dute ikasleek. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratuak ezarritako B2 maila jomugatzat hartu izan du Hezkuntza Sailak, baina zirriborroak ez du aipatu. Europako Markoaren arabera ezarri dituzte xedeak: Lehen Hezkuntzan (LH) «bi hizkuntza ofizialak behar bezala ezagutzea eta erabiltzea, eta irakurtzeko ohiturak hartzea»; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), berriz, «bi hizkuntza ofizialetan, testu eta mezu konplexuak ahoz eta idatziz behar bezala ulertzea eta adieraztea, eta literatura ezagutzen, irakurtzen eta ikasten hastea».

Euskararen presentzia

Helburu horiek betetzeko, ezinbestekoa da euskararen erabilera maila areagotzea. Lege egitasmoaren arabera, curriculumeko irakasgai ez-linguistikoen %60k euskaraz izan beharko dute, gutxienez. Hartara, Euskal Hizkuntza eta Literatura nahitaez euskaraz eta Lengua y Literatura castellana nahitaez gaztelaniaz eman beharko dira; bi irakasgai horiek kontuan izan gabe aplikatuko da portzentajea. Ikastetxeek autonomia izango dute gainerako arloak zein hizkuntzan eman erabakitzeko. Portzentajea aplikatzeko orduan, «malgutasunez joka» daitekeela dio lege egitasmoak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren mapa soziolinguistikoaren arabera ikastetxearen udalerriko biztanleen %80 baino gehiago elebiduna denean.

Halaber, euskarak hezkuntza esparruko hizkuntza propioa izan behar duela dio proiektuak. Beraz, irakaskuntza jardueretan ez ezik, eskolako gainerakoetan ere euskara ohiko adierazpen hizkuntza gisa erabili beharko da, baita kanpoko administrazio jardueretan ere.

Bestalde, Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI) arduratuko da hizkuntzen ezagutza maila aztertzeko ebaluazioak egiteaz. Gutxienez lau ebaluazio egingo dira: LHko laugarren eta seigarren mailetan, eta DBHko bigarren eta laugarren mailetan. Lege egitasmoaren arabera, «ebaluazio horiek ez dute eraginik izango ikasleen ikasketa espedientean».

Hizkuntza proiektua

Ikastetxe guztiek hizkuntza proiektua egin beharko dute, legean adierazitako helburuak lortze aldera, ibilbidea planifikatu eta martxan jartzeko. Proiektuok azaldu beharko dute, besteak beste, zein neurri hartuko den hizkuntzen irakaskuntzarekin eta erabilerarekin lotutako alderdien plangintza zehaztu eta hizkuntzon ezagutza maila bermatzeko. ISEIk egin beharreko ebaluazioez gain, ikastetxeek barne ebaluazioak egin ahal izango dituzte, norbere hizkuntza proiektuan ezartzen duenaren arabera.

Atzerriko hizkuntzak

Lege egitasmoak garrantzi handia ematen dio eleaniztasunari: «Gure seme-alabek mundu globalizatu honetan arrakastaz komunikatzea nahi badugu, ahaleginak egin behar ditugu beste hizkuntza bat edo batzuk ikas ditzaten». Ikastetxeei dagokie atzerriko hizkuntzek zein leku izango duten erabakitzea, eta hala azaldu behar dute hizkuntza proiektuan. Halere, hizkuntzotan lortu beharreko maila ezartzen du lege egitasmoak: LH amaitzean, «atzerriko hizkuntza batean mezu sinpleak adierazteko eta ulertzeko, eta eguneroko egoeretan moldatzeko oinarrizko komunikazio gaitasuna eskuratzea»; DBH amaitzean, berriz, «atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan egokiro ulertzea eta hitz egitea». Dena den, lehentasuna eman beharko zaie hizkuntza ofizialetako ezagutza mailak lortzeari.

Irakasleak

Euskaraz zein gaztelaniaz jarduteko eta eskolak erraztasunez emateko gaitasuna izan beharko dute irakasleek. Hartara, irakasle kontratatu berriek bi hizkuntzotan gaitasuna dutela frogatu beharko dute. Hezkuntza Sailak erregelamendu bidez zehaztuko du zein egoeratan salbuetsiko diren irakasleak hizkuntza eskakizuna betetzeaz. Halaber, irakasleek hizkuntza ofizialetan behar adina gaitasun eskura dezaten, euskal hezkuntza administrazioak laguntza eskaintzen jarraituko duela dio egitasmoak. Irakasle ez diren langileak euskalduntzeko baliabideak ere arautuko ditu.

Aplikazioa

Unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan, funts publikoek lagundutako ikastetxe publiko zein pribatuetan izango du eragina legeak. Haur, lehen eta bigarren hezkuntzan ez ezik, batxilergoan, erdi mailako eta goi mailako lanbide heziketan, kirol irakaskuntzan eta helduen hezkuntzan ere aplikatuko da. Legea onartu eta hurrengo ikasturtean jarriko da martxan, Haur Hezkuntzako maila guztietan eta lanbide heziketako lehenengo mailan; hortik aurrerako ikasturte bakoitzean mailaz igotzen joango da. Zirriborroak dioenez, Euskal Eskola Publikoan, ikastetxe guztiek izango dute legean zehaztutako helburuak lortzeko behar diren baliabideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.