HIZKUNTZ ESKUBIDEAK. BEHATOKIAREN URTEKO TXOSTENAREN AURKEZPENA. Hizkuntza politiketan «180 graduko» bira eskatu du Behatokiak

2009an jasotako hizkuntz urraketen berri eman du, eta «euskal hiztunen kontzientzia» handitzen ari dela azaldu du

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Euskal hiztunen hizkuntza eskubideen bermera begira «hizkuntza politiketan mugarria» jarri behar dela ondorioztatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak: «180 graduko» bira eman. Egun euskara askatasunez erabiltzea galarazten dela berretsi zuten atzo Behatokiko arduradunek,2009ko txostenaren aurkezpenean. «Euskal hiztunon hizkuntza eskubideen bermea ez da lehen mailako arazoa administrazioentzat; bigarren mailako eskubideak dira, eta haiek urratzeak ez du inolako ondoriorik eragiten», azaldu zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi ohi eta Behatokiko lehendakariak.

«Gaztelania da derrigorreean ezagutu beharreko hizkuntza bakarra», «langile euskalduna oporretan dago edota kafea hartzen ari da»... Euskal hiztunek, euskaraz artatuak izateko eskubidea erabili nahi izan dutenean, berriro ere mota horretako erantzunak jaso zituzten maiz 2009. urtean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak atzo aurkezturiko txostenean biltzen duenaren arabera. Guztira 1.415 kasu jaso zituen iaz, 2008an baino 137 gehiago. Horien artean, 1.287 kexak izan ziren, eta 50 zoriontzeak.

Datu horiek aztertuta, ondorio bakar batera hel daitekeela uste du Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendari izendatu berriak. «Eskubide bermatzaile izan beharko luketen instituzioetan 180 graduko aldaketa» behar da hizkuntza politiketan. Horretarako bi arrazoi nagusi daudela pentsatzen du Petriatik. Batetik, eskubide urraketak lurralde guztietan eta administrazio guztietan gertatzen dira. Bestalde, «euskal hiztunen kontzientzia» gero eta handiagoa da, eta erantzun egin behar zaio horri. Bide batez, azken urteetan euskaldunen hizkuntz eskubideen babeserako abian jarri diren mekanismoak, aski ez direla agerian utzi du 2009ko txostenak.

2008an Frantziako Konstituzioaren 75. artikuluan, lurralde hizkuntzei dagokien zatian, egindako aldaketak horren erakusgarri dira Behatokiaren ustez. «Euskara ikusezina da, urtebete [2009an] igaro da aldaketatik, baina ondoriorik ez da sumatu», nabarmendu du Petriatik. 2009an Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskal hiztunek jakinarazi zituzten eskubide urraketei administrazioak emandako erantzunak, horren erakusgarri direla dio.

Bazterketa telematikoa

Hego Euskal Herrian ere, aurreko bederatzi urteetan egindako txostenetan sumatzen zen bilakaera bera berretsi da, Petriatiren ustetan. Espainiako Gobernuari dagokionez, esaterako, herritarrekin Internet bidez harremana izateko baliabideetan urraketak gertatu dira, euskara erabili nahi duten herritarrak baztertzen baitira. Bazterketa hori «modu aktiboan» ere gertatu dela azaldu du Petriatik, zenbaitetan euskarazko dokumentazioa ez baita onartu.

Egoera bertsua gertatu da Nafarroan. «Gaztelera izan da administrazioetako hizkuntza bakarra, Nafarroako Arartekoak gomendio batzuk egin dituen arren». Alor honi buruz Nafarroan dagoen legea «murritza» dela iritzi dio Petriatik, baina Gobernuak «are murritzago» bihurtzen duela orain.

Eusko Jaurlaritzako egoerari dagokionez, aldaketarik ez dago Behatokiaren ustez, eta eskubide urraketen inguruan «ez ikusiarena» egiten du.

Osasunaren eremua da espediente gehien jaso duen alorretako bat, 123 guztira. Behatokiak berak azaldu du markak hautsizituela alor horrek 2009an. Alor kuantitatiboak garrantzi handirik ez duela azpimarratu arren, herritarrek osasun arreta duina jasotzeko eskubideari «muzin» egin zaiola ondorioztatu du erakundeak. Horrez gain, osasun arloan atzerapausoak ere eman direla ohartarazi du Petriatik. Hala, Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak lanpostuetan euskararen ezagutza egiaztatzen ez duten langileei sarbidea emateko araudiaren «zirrikituak» baliatu dituztela kritikatu du.

Justiziaren alorrean, aurretik gertatu izan ohi den bezala, hizkuntza eskubideak urratzeak euskara erabili nahi duten herritarrei albo kalteak eragiten dizkietela nabarmendu du Behatokiak. Atzerapenak eta izapideen luzatzeak jasaten dituzte euskara erabiltzen duten herritarrek zein justizia administrazioko langileek.

Herrizaingo sailak ere beltzune izaten jarraitzen dute. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari urraketen berri eman dion arren, Behatokiak ez du erantzunik jaso. 2008an iraungi zen Ertzaintzan euskararen erabilera normalizatzeko abian jarritako dekretua, baina 2009a amaituta ere dekretu berririk ez da onartu.

Eremu sozioekonomikoan aldaketa eraginkorrik ez dela gertatu azaldu du Behatokiak.





Kexak esparru eta lurralde guztietan

Hona hemen Behatokiak 2009an jaso zituen kexetako batzuk:

JUSTIZIA

Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioa. Herritarra Aretxabaletako Bake Epaitegira joan da, jaiotzera doan haurra euskaraz erregistratzeko aukerarik izango duen galdetzeko. Langileak gaztelaniaz erantzun dio, eta ironiaz esan dio ea haurra euskaraz erregistratzen lehena izan nahi duen.

Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioa. Barakaldoko epaitegi batean, epaileak ez ditu ontzat eman euskaraz aurkeztutako agiriak, eta haien itzulpena eskatu dio herritarrari, prozeduran aintzat hartu ahal izateko.

Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioa. Espainiako Auzitegi Nazionalean egin diren epaiketa batean baino gehiagotan agerian gelditu dira itzulpen mekanismoaren gabeziak, eta horrek epaituei sortzen dien babesgabetasuna.

GIZARTE ETA LAN ARLOA

Espainiako Gizarte Segurantza Institutua. Herritarrak Donostiako egoitzara deitu du, eta euskaraz ba al dakien galdetu dio telefonoa hartu dion langileari; A estas horas de la tarde, no (Arratsaldeko ordu hauetan, ez) erantzun dio. Euskaldunek ordutegi murritzagoa duten galdetu du herritarrak, eta langileak deia moztu du.

OSASUNA ETA EKONOMIA

Zerga Administrazioko Espainiako Agentzia. Errenta aitorpena egitean, telefono bidezko arreta gaztelaniaz, katalanez, valentzieraz eta galizieraz jaso daiteke, baina ez euskaraz.

Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentua. Gaztelania hutsean bidali dizkio erakunde bati BEZ eta PFEZ aitorpena egiteko agiriak.

HERRIZAINGOA

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioa. Polizia Zuzendaritza Nagusiaren Bilboko bulegoan egoitza baimena gaztelania hutsean jaulkitzen dute; toponimoak ere gaztelaniaz edo gaztelaniazko grafiaz baino ez dira ageri.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila. Ondarroan (Bizkaia) sartzeko kontrol batean, ertzain batek fisikoki bortxaz eraso dio herritarrari, euskaraz arreta egiteko eskatzeagatik.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila. Larrialdietarako telefono zenbakian (112) erantzun duen langileak ez daki euskaraz.

HEZKUNTZA

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. D ereduko ikastetxe publiko batera langile erdal elebakarra bidali du jantokiko langile baten ordezkapena egiteko, ikastetxetik langile euskalduna bidaltzeko eskatu dioten arren.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila. Bizkaiko Eraikuntza Lanbide Heziketako Institutuak eskaintzen dituen irakasgaietan ez dago euskaraz ikasteko aukerarik.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua. G eta A ereduak partekatzen duten ikastetxeetan, A ereduan eskolatzen diren ikasleei ordu berean jarri dizkiete atzerriko bigarren hizkuntza eta euskara ikasteko eskolak, eta hautatu egin behar dute derrigorrean.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua. Zerbitzuetako langile erdal elebakarra bidali du euskaltegi batera.

HERRI LAN ETA GARRAIOA

Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioa. Noaingo aireportuko segurtasuneko kontrolaren eremuan, informazio orriak gaztelaniaz eta ingelesez jarri ditu, baina ez euskaraz.

Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazioen Departamentua. Ezkabako tunelean Iruñerako noranzkoan dagoen argizko panelean honako mezu hau ageri zen urtarrilaren 9an: Prohibido peatones. Pedestrians prohibited.

Renfe-Adif. Iruñeko tren geltokiko sarrera errotulua aldatu dute, eta «Iruña-Pamplona» ageri zen lekuan «Pamplona» soilik jarri dute.

Euskotren. Geltokiko laguntzaileen lan poltsa eratzeko hautatze prozesuan, gaztelania hutsean argitaratu zituzten parte hartzeko oinarriak, gaitegia, onartutako hautagaien zerrenda, azterketaren ordutegiak, zenbait ohar, eta abar. Apirilaren 30ean ezin izan zuten azterketa psikoteknikoa euskaraz egin, sintaxi aldrebesarengatik, terminologia arazoengatik edota hainbat galderatan a) eta b) erantzunak berdinak zirelako.

OSASUN ARLOA

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Aurretiazko Borondateen Erregistroan herritarrak ezin izan du bizi testamentua euskaraz erregistratu. Euskarazko akta eskatuta, berak itzuli beharko duela jakinarazi zaio.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Osakidetzako Enplegu Publikorako Eskaintzan, erizain izateko deialdian izena eman eta azterketa euskaraz egin nahi duela agertu du herritarrak. Euskarazko galderen liburua gaztelaniazkoa baino hilabete eta bost egun geroago jaso du, eta galdera batzuk gaizki euskaratuta daude.

Nafarroako Departamentuko Osasun Departamentua. Lekualdatze lehiaketan euskararen derrigorrezko lanpostuen jabe diren langileek ezin dituzte eskuratu derrigortasuna ez duten lanpostuak.

KULTURA

Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioa. Bisita gidatua euskaraz egiteko aukera dagoela azaldu dio museoko langileak herritarrari. Talde euskalduneko bisitariak bilduta, bisitaldia gaztelaniaz egingo duela jakinarazi die gidak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila. Euskara planak kudeatzeko Irati aplikazioan sartzean, honako mezua agertu da: horri debekatuta batera joan zaiatzen zagoz.

UDALAK

Aramaioko Udala. Lurzoru zergaren agiria gaztelania hutsean igorri du Udalak. Herritarrak agiria itzuli du, eta euskarazkoa eskatu; Udalak ez dio eskaerari erantzun, baina errekargua jarri diotela jakinarazteko gutuna bidali dio.

Bilboko Udala. AC/DCren kontzerturako egindako sarrera zozketaren emaitzak desberdinak dira Udalaren webguneko gaztelaniazko eta euskarazko bertsioetan; emaitza zuzenak gaztelaniazkoak dira.

EREMU PRIBATUA

Alcampo. Merkataritza guneko aldageletara hurbildu da herritarra, eta enplegatuari galdetu dio ea jantzia proba dezakeen. Langileak euskaraz hitz egiten ez duela erantzun dio zakar, eta herritarrak hizkuntza ez al dakien galdetuta, honakoa esan dio, harro: Gracias a Dios todavía quedamos algunos (Jainkoari esker oraindik batzuk geratzen gara).

Bilboko Arte Eder Museoa. Sarrera txarteletan museoaren izena kenduta, gainerako azalpen guztiak gaztelania hutsean idatzita daude.

Catalana Occidente. Herritarrak aseguru poliza euskaraz nahi duela esan, eta konpainiak erantzun dio ez dagoela legez horretara behartuta.

Bouyges Telecom. Donibane Lohizunen, Baionan, Angelun edo Hendaian dauden autobus aterpeetan jarritako publizitate afixak frantses hutsean daude.

Eroski Movil. Konpainiaren sakelakoek ez dute erantzungailu zerbitzua euskaraz ipintzeko modurik eskaintzen.





Garbiñe Petriati

Euskalgintzarekin lotutako ibilbidea

Euskalgintzaren alor askotan ibilitakoa da Garbiñe Petriati, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari berria. 1962. urtean Arbizun jaioa, Nafarroan, handik urrun egin zituen unibertsitate ikasketak: Dominikar Errepublikako Irakasle eskolan ikasi zuen, orduan bertako gobernuarekin zegoen hitzarmena baliatuta.

Ikasketak bukatuta, helduen euskalduntze alfabetatzean hasi zen 1986. urtean Nafarroan. Altsasun ekin zion lan horri, eta, hainbat urteren buruan, Iruñera mugitu zen bertan didaktika zerbitzuan lan egiteko.

Iruñeko jardunaren ostean, Bai Euskarari ekimena Sakanan abian jartzen lagundu zuen teknikari moduan hilabete batez. Horren ostean Sakanan jarraitu zuen, Biarrik elkartean. Bertan kudeaketa lanak egin ditu bederatzi urtez,Guaixe astekaria eta Beleixe irratia tokiko komunikabideak sustatzen. Atzo egin zuen lehen agerraldia Behatokiko zuzendari karguan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.